Gerra Ukrainan

Gerra gelditzeko erabakitasunik ez duela leporatu dio Zelenskik NBEri

Ukrainak Mosku zigortzeko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari. Kremlinek Kievi egotzi dio negoziazioak «zapuztu» nahi izatea. Bruselak Errusiako ikatzari enbargoa jartzea proposatu du

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, NBEren Segurtasun Kontseiluan egindako agerraldian, atzo. PETER FOLEY / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bilkura egin zuen atzo Ukrainako gerraz eztabaidatzeko, eta Errusiako tropek Kieveko eskualdean eta azken egunotan erretiratu diren beste eremu batzuetan egindako «sarraskien» kasua ere izan zuten hizpide. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek eskatu zuen «ikerketa independente eta eraginkor bat» egin dadila Kiev ondoko herrian gertatu dena gerra krimena ote den argitzeko. Zehazki, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Butxa herriko «gerra krimenen frogak» aurkeztu zituen, telematikoki egindako agerraldian. Nolanahi ere, Zelenskik belarrietatik tira egin zion kontseiluari: Errusiak hasitako gerra geldiarazteko duen «erabakitasun eskasa» aurpegiratu zion. «Zein da erakunde honen helburua? Non daude NBEk eskaini behar dituen bakea eta bermeak?».

Zelenskik NBEri esan zion Ukrainako gerran ez ezik Libiako, Somaliako, Afganistango eta Yemengo gatazketan ere ez dela nahikoa egiten ari, eta ohartarazi zion «tiranoek erantzuna jaso izan balute bakea bermatuko zukeela». Ildo beretik, Ukrainako presidenteak Errusiari egotzi zion herrialde aske eta independente bat «suntsitzen» ari dela, eta eskatu zuen Segurtasun Kontseiluak erreforma bat egitea Errusia zigortzeko.

Kremlinek, ordea, beste behin ukatu egin ditu akusazioak, eta, Errusiaren ustez, Butxan jazotakoari buruzko «probokazio informatiboen» helburua da Moskuren eta Kieven arteko negoziazioetan eman diren aurrerapausoak «zapuztea», Aleksandr Lukaxevitxek Errusiako Ordezkari Iraunkorrak Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundean atzo adierazi zuenez. Haren esanetan, ez da lehen aldia Ukrainak «antzeztutako sarraski bat» egiten duela, Errusiaren aurkako politikak ezartzeko: «Ukrainako eta Mendebaldeko agintariek probokazio ziniko eta faltsuak erabiltzen dituzte, batere eskrupulurik gabe, errusofobiaren sugarrak pizteko».

Bada, EB Europako Batasuneko 27 estatuetako enbaxadoreek bilera izango dute gaur, Bruselan, eta Errusiari ezarriko dioten bosgarren zigor sortaz eztabaidatuko dute. Hain zuzen, Europako Batzordeak energia enbargoei ekitea proposatu die EBko 27ei, adostasunerako aukera gehien dituenetik hasita: ikatza. Garbi geratu dena zera da, gasak ez duela adostasunik: Alemaniak eta Austriak esan zuten gasari enbargoa ezartzearen aurka bozkatuko luketela. Halere, Berlinek zabalik utzi zituen ikatzaren eta petrolioaren ateak, eta Frantziako Ekonomia ministro Bruno Le Mairek aditzera eman zuen elkarrizketak bide horretatik doazela. Halere, ikusteko dago ikatzaren enbargoa aste honetan gauza dezaketen. EBk erabiltzen duen ikatzaren %46,7, gasaren %40 eta petrolioaren %27 Errusiatik inportatzen du, eta 2021ean 99.000 milioi euroko diru sarrerak izan zituen Moskuk.

Ikatzari enbargoa ezartzeaz gain, Errusiako lau bankurekin egindako transakzioak, eta teknologia, egur, itsaski eta likoreen esportazioak bertan behera uztea eta Errusiako itsasontziak eta Moskuk operatutako ontziak EBko portuetara sartzea debekatzea proposatu zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, EBko diplomaziaburu Josep Borrellekin batera egindako agerraldian. «Baina hau ez da dena. Zigor gehigarriak ezartzen ari gara, baita petrolioaren inportazioei buruzkoak ere», zehaztu zuen.

Zigorren proposamen berria eman aurretik, Europako Batzordeko presidenteak eta Borrellek jakinarazi zuten Kievera joatekoak direla aste honetan, Zelenskirekin batzartzeko. Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea joan den astean bildu zen Ukrainako presidentearekin.

Errusiari ezarritako zigorrei erantzunez, berriz, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek nabarmendu du munduko ekonomiari gehiago eragiten diotela Errusiari berari baino. «Ukrainan faltsifikazio asko egin dira jada, eta gero babes mediatiko handia erabili dute».

Moskuko eta Kieveko ordezkaritzek atzo baieztatu zuten bideokonferentzia bidez negoziazioetan jarraitzen dutela, eta Lavrovek Ukrainaren jarrera «errealistagoa» ikusi du Istanbulgo bileren ondotik: «Espero dut Kieveko ordezkaritzaren arduradunak beren herriaren interesen alde hasiko direla, urrutiko aholkulariei entzun beharrean». Zelenskik, berriz, herritarrei esan die bakea lortzeko modu bakarra Errusiarekin «hitz egitea» dela, nahiz eta baztertu egin duen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin biltzea.

Gerra frontean, Errusia erasoaldi gogorrago baterako prestatzen ari da, batez ere herrialdearen hegoaldean eta ekialdean, Luhanskeko eta Donetskeko herri errepublikak bereganatzeko, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergen esanetan. «Gerraren fase erabakigarri batean gaude», ohartarazi zuen, aliantza militarreko kide diren herrialdeetako atzerri ministroen bileraren bezperan emandako prentsaurrekoan. Ahobizarrik gabe mintzatu zen Donbassko errepubliken eta Krimearen estatusaren inguruan: «Guk ez ditugu inoiz legez kanpo okupatutako lurraldeak aitortuko».

Zelenskik, berriz, atzo aitortu zuen Ukraina Mariupol hiria (Donetsk oblasta) galtzear dela. Reuters berri agentziaren arabera, Errusiako tropak hiriko erdiguneko kaleetatik hainbat gorpu erretiratzen ari dira: zibilak eta Ukrainako soldaduak, besteak beste. Errusiak Mariupol hartuta, korridore bat osatuko luke Donbassko herri errepubliketatik Krimeara.

Bien bitartean, ebakuazio planek aurrera segitzen dute. Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek iragarri du beste zazpi korridore humanitario irekiko dituztela gehien erasanda dauden hirietatik zibilak ateratzeko. Horietako bat Mariupolen zabaldu dute, hango herritarrak Zaporizhiara eramateko. Verextxukek salatu du Errusiako armadak Nazioarteko Gurutze Gorriaren ordezkaritza bati ez diola utzi Mariupolera sartzen.

695 milioi euro Moldaviari

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, jada 4,2 milioi herritarrek ihes egin dute Ukrainatik Errusiaren erasoaldia hasi zenetik, otsail amaieratik. Horietatik 400.000 inguruk Moldavia (2,5 milioi biztanle) zeharkatu dute, eta 100.000 lagun herrialdean bertan geratu dira. Bada, Alemaniak eta Frantziak atzo Bruselan antolatutako diru emaileen konferentzian adostu zuten 695 milioi euroko diru laguntza emango diotela Moldaviari, errefuxiatuen krisiari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.