Eginikoaz «oso harro», badoa

Oinatz Bengoetxeak urtarrilaren 29an jokatuko du azkeneko partida profesionaletan, Labriten. Leitzarrak bere kasa jokatzen jarraituko du gero, urrira arte, hogei urteko kirol ibilbidea osatzeko

Oinatz Bengoetxea, pilota jotzeko prest, joan den otsailean, Binakako Txapelketako partida batean. Iñaki Artola ordezkatu zuen zazpi partidatan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Oinatz Bengoetxeak (Leitza, Nafarroa, 1984) denbora zeraman esanez «oso gertu» ikusten zuela agur esateko ordua. Abenduaren 31n amaituko zitzaion kontratua Baikorekin, eta ez zuen itxaropen handirik enpresak berrituko zionik. Horregatik, apurka-apurka, agur esaten hasia zen: lehenbizi, buruz burukoari; gero, lau eta erdikoari; azkenik, binakakoari.

«Oso zail» ikusi arren, itxaropenari eutsi nahi zion, eta, batez ere, aspaldiko desio eta ilusio bati: 2022ko urrira arte jokatzea profesionaletan. Urriaren 5ean beteko dira hogei urte debuta egin zuenetik, eta data horren bueltan hartu nahi zuen erretiroa. Zenbaki biribila zen. Ezin aproposagoa zen kirol ibilbide luze eta oparo bati bukaera emateko.

Baina desioa ez du beteko. Ez du jokatuko urrira arte profesionaletan. Baikok hilabete bakarrerako luzatu dio kontratua, urtarrilaren 31ra arte, eta leitzarrak hitzarmen hori amaitu baino bi egun lehenago jokatuko du azkenekoz profesionaletan, urtarrilaren 29an. Debuta egin zuen toki berean ariko da, Iruñean, Labriten. Aurretik, agurreko lau partida jokatuko ditu: abenduaren 26an, Bilbon; urtarrilaren 2an, Gasteizen; urtarrilaren 16an, Donostian, eta urtarrilaren 24an, Tolosan (Gipuzkoa).

«Kirolari guztiei iristen zaie agur esateko ordua, eta niri ere iritsi zait. Pixka bat triste nago, baina oso harro urte hauetan guztietan egin dudan lanaz. Asko gozatu dut pilotaz, lorpen batzuk baditut, eta hainbat partida garrantzitsu jokatu ditut pilotari handien aurka. Bihotzean eramango dut pilota. Asko diet eskertzeko pilotazaleei, lagunei, familiari, eta, batez ere, Bixente Artolari [masajista], Txato-ri [aitaginarreba], Arkaitzi [anaia] eta Asierri [lehengusua]». Hala jakinarazi zuen Bengoetxeak bere erabakia, Baikoren webgunean jarritako bideo batean.

Baikok ez du bete haren aspaldiko desioa, baina leitzarrak onartu egin du enpresaren erabakia. «Enpresak gazteen alde egin nahi du. Ulertzen dut. Ez dut ezer leporatzeko». Baina horrek ez du aldatuko haren plana; koska bat beherago jarraituko du jokatzen: «Nire kasa jarraituko dut jokatzen, urrira arte, herri txikietan. Ilusio handia egiten dit».

Lau txapel hiru diziplinatan

Bengoetxeak 37 urterekin utziko du pilota profesionala, kirol ibilbide luze eta oparoa egin eta gero. Sekulako meritua du. Batetik, oso gutxiren esku baitago hemeretzi urtez maila gorenean eustea. Bestetik, eutsi soilik ez, nabarmendu egin baita, eta lorpen handiak eskuratu ditu. Zazpi final jokatu ditu, eta horietatik lau irabazi: bitan jantzi du buruz buruko txapela —2008an, Abel Barriola herrikidearen aurka, eta 2017an, Iker Irribarriaren kontra—; behin lau eta erdikoa —2016an, Jokin Altunaren aurka—; eta beste behin binakakoa —2015ean, Alvaro Untoriarekin, Berasaluze II.a-Zubietaren kontra—. 2015ean, buruz buruko finala utzi zuen jokatu gabe, hatz batean min hartu baitzuen. Hiru modalitatetan txapeldun izan diren zazpi pilotarietako bat da. Julian Retegi, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo eta Mikel Urrutikoetxea dira beste seiak. Zerrenda horren distira nahikoa da konturatzeko zenbateko meritua duen Bengoetxeak eginikoak.

Gainera, txapelez harago, karisma handiko pilotaria izan da, eta oso maitatua pilotazaleen artean. Badaki: «Urte hauetan pilotazaleen artean oso maitatua sentitu naiz. Asko eskertzen dut. Pilotazalerik gabe ez genuke pilota bizirik edukiko; ezinbestekoa da. Partida guztietan jokoa erakargarria egiten saiatzen naiz, pilotazaleek gozatu dezaten», esan zion BERRIAri joan den urrian.

«Merezi zuen segitzea»

Haren aurka makina bat aldiz jokatu dute Barriolak (Leitza, 1978) eta Irujok (Ibero, 1981). Biek esan dute haren «ibilbide luze eta oparoa» kontuan hartuta Bengoetxeak «merezi» zuela urrira arte jarraitzea: «Horrelako ibilbide luzea egin eta gero, eta izar bat izan ostean, sen onak dio hogei urte bete arte jarraitu beharko lukeela. Oinatzek, gainera, aspaldiko ilusioa zuen. Pilotazalea izanik, gustatuko zitzaidakeen Oinatzek hogei urte betetzea», zioen herrikideak. «Hemeretzi urtez aritu ondoren, enpresak detaile polit hori izan zezakeen. Sekulako meritua du horrenbeste denboraz goi mailan aritzeak», Irujok.

Barriolaren iritziz, «XXI. mendeko pilotaririk onenetako bat» izan da Bengoetxea. «Hiru modalitatetan goi mailan aritu da, eta hori oso zaila da». «Pilotari berezia» izan dela dio: «Batetik, irudimen handia izan du: jokaldi berriak asmatu ditu. Inork espero ez zuena egiten zuen. Horregatik erakarri ditu beti zaleak: frontoira joateko edo telebista pizteko gogoa pizten zizun, bazenekielako zerbait berria egingo zuela. Moldetik atera da beti, eta oso ausarta izan da: arrisku handiak hartu izan ditu beti. Bestetik, kantxatik kanpo, oso gertukoa, irekia eta alaia izan da. Horregatik izan da kutuna pilotazaleen artean».

Iritzi bera du Irujok: «Aspalditik ezagutzen dut, eta beti izan dut oso harreman ona harekin. Oso pertsona ona eta alaia da. Pilotari gisa, berriz, oso borrokalaria zen. Bazenekien hari irabazi nahi bazenion azkeneraino borrokatu beharko zinela. Ez zuen besteon indarra, baina oso ondo erabiltzen zituen bere armak: defentsa ona zuen, bizi-bizi mugitzen zen, eta oso abila zen aurkariaren hutsak aprobetxatzen. Oso-oso zaila da txapel bat irabaztea, eta berak lau irabazi zituen, hiru modalitatetan. Horrek agerian uzten du zer-nolako maila izan duen».

Ados daude Barriola eta Irujo: «Pilotari handia izan da Oinatz. Oso harro egon daiteke egin duen kirol ibilbideaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.