Espainiako Ministro Kontseiluaren gaurko bileran onartuko dituzte espetxean dauden Kataluniako bederatzi buruzagi independentisten indultuak. Hala jakinarazi zuen atzo Pedro Sanchez presidenteak, Bartzelonako Lizeoan eginiko agerraldian. Erabakia «adiskidetasunerako apustuaren» parte da, Sanchezen esanetan; elkarrizketa sustatzeko «lehen pausoa». Neurriak, baina, kritikak eragin ditu bi aldeetan. Independentismoak gogorarazi dio «amnistia eta autodeterminazioa» direla helburuak. Eskuineko unionistek, berriz, «ahultasuna» erakustea leporatu diote.
Sanchezek azaldu du panorama politikoa konpontzeko asmoa dutela indultuek. Izan ere, haiek espetxetik ateratzeko erabakia bederatzi kideen egoeraz harago doan neurri bat da, presidentearen arabera, kontuan hartzen baititu proiektu independentistarekin bat egiten duten «ehunka mila lagun» ere: «Milioika herritar batzen ditugu bizikidetzara». Hartara, erabakiaren «erabilera soziala» nabarmendu du.
Presidenteak azaldu du indultuek ez dutela zalantzan jartzen Auzitegi Gorenaren ebazpena—sedizioa egotzi zien—, baina «bide berri bat» irekitzen duela. Espainiako herritar asko erabakiaren aurka egon daitezkeen jakitun ere badagoela gaineratu du, baina eskatu die onar dezatela neurriaren «legezkotasuna». «Etorkizunak iraganak baino garrantzi handiagoa izan behar du», esan die: «Berriz hasteko eta gauzak hobeto egiteko aukera emango digu».
Espainiako Gobernuko iturrien arabera, indultuen inguruko espedienteak osatuta zeuden iragarpena egin aurretik ere, Auzitegi Gorenaren irizpideekin bat egiteko moduan. Halere, PPk eta Voxek iragarritako helegiteei aurre egiteko xehetasun guztiak aztertzeko asmoz, Estatu idazkari eta idazkariordeekin bildu zen Carmen Calvo presidenteordea atzo arratsaldean.
Hurrengo pausoa Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko negoziazioak berrabiatzea izango da. Izan ere, Sanchezek elkarrizketa sustatu beharra nabarmendu du, esanez «konfrontazioak» ez duela gatazka konpontzeko balio izan. Lurraldetasunaren inguruko desadostasunen gainetik bi aldeek balio sozial komunak dituztela azaldu du presidenteak, hala nola «berdintasunaren eta europazaletasunaren defentsa». Era berean, baina, konstituzioa errespetatu eta hark ezarritako esparruen barruan ekin beharra adierazi du. Hau da, Espainiaren batasuna onartu behar dela: «Espainiaren batasunean, Espainiako herri guztien batasunean sendo sinesten duen gobernu bat gidatzen dut».
Indultuen aldeko adierazpenak egin dituzte azken egunetan Espainiako eta Kataluniako hainbat eragile politiko, ekonomiko eta sozialek, eta onuradunek ere ontzat hartu dituzte. Besteak beste, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiak independentismoaren «garaipen bat» direla esan zuen asteburuan. Halere, ez da hori Sanchezen hitzen ostean nagusitu den jarrera.
«Zati txiki bat»
Kataluniako presidente Pere Aragonesen esanetan, erabakiarekin Auzitegi Gorenaren ebazpen «injustu bat» zuzenduko du Espainiako Gobernuak, baina nabarmendu du indultuek «arazoaren zati txiki bat» soilik konpontzen dutela: «Errepresioa amaiarazteko bide bakarra amnistia da». Are gehiago, gatazka «demokraziarekin soilik» konponduko dela azaldu du, eta negoziazio mahaira itzultzeko exijitu dio Sanchezi. Mahai horretan defendatuko duten proposamena ere berretsi du: independentzia erreferendum bat.
JxCko eledun Elsa Artadiren esanetan, berriz, Sanchezen diskurtsoa «benetako edukirik gabea» izan da, «marketin saio bat» besterik ez: «Indultuak konponbidea direla sinetsarazi nahi digute, baina ez dute gatazka konponduko». Uste du, gainera, Sanchezek nazioarteko presioen eraginez hartu duela erabakia. Hala,«benetako proposamen bat» duenean Kataluniako Parlamentuan aurkezteko eskatu dio.
CUPek ere bide beretik jo du, eta Edgar Fernandez bozeramaileak azaldu du ez dutela «barkamenik» nahi, «kausa judizialak dituzten 3.000 independentistentzako askatasuna» baizik. Hala, adierazi du Sanchez bera «arazoaren parte» dela: «Errepresioa ez zen hasi independentzia prozesuarekin, eta ez da amaituko preso politikoen indultuekin». Beraz, amnistia ezinbestekoa da CUPentzat, «autodeterminazioa gauzatzeko» lehen pauso gisa.
Oso bestelakoa da Espainiako eskuineko alderdien jarrera. Haiek ere argi agertu dira indultuen aurka, baina beste arrazoi batzuengatik. PPko buru Pablo Casadoren esanetan, erabakiak kolokan jartzen ditu estatuaren oinarriak, eta hura «suntsitzeaz» akusatu du Sanchez: «Sistemaren aurka altxatzea argudio bat da Katalunian, eta ezin da halakorik onartu». Ciudadanoseko Ines Arrimadasen arabera, berriz, indultuek gobernuaren «ahultasuna» erakusten dute. Antzeko hitzak erabili ditu Voxeko eledun Jorge Buxadek ere: «Sanchez separatisten aurrean belaunikatu da, eta, batek burua jaisten duenean, normala da kaskarreko bat hartzea».
Espainiako Gobernuak gaur onartuko ditu katalanen indultuak
Elkarrizketa sustatzeko «lehen pausotzat» jo du Pedro Sanchez presidenteak, eta neurriaren «erabilera soziala» defendatu du. Independentisten aburuz, ez da nahikoa, eta amnistia exijitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu