Espainiako Gobernuak argi pixka bat jarri du Europako diru laguntzen banaketaren gaian. Jakina zen bezala, berak erabakiko du zein proiektutara joango den dirua eta bakoitzera zenbat. Baina ez zegoen garbi, adibidez, autonomia erkidegoentzako kuota bat ezarriko zuen ala ez. Azkenean, ez dirudi halakorik egingo duenik, baina kudeaketan «funtsezko paper bat» aitortuko diela esan die: Europako laguntzen «%50 baino gehiago» erkidegoek kudeatuko dituzte. Moncloako iturriek informazio hori zabaldu zuten atzo, Pedro Sanchezek Espainiako gobernuburuak erkidegoetako presidenteekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin batera eginiko bilera telematikoaren ostean.
Erkidegoei egindako keinu gisa uler daiteke erabakia, baina zenbaki horrek, bere horretan, ez du ezer berritik. Izan ere, gobernuak azaldu duenez, onartzea aurreikusten duen egitasmoen erdiak inguru lotura zuzena izan dezakete erkidegoen eskumenekoak diren alorrekin, adibidez, etxebizitzarekin, hezkuntzarekin, ingurumenarekin eta gizarte politikekin; eta hori hala izanik, onartu du legez gobernu autonomikoei ere badagokiela laguntza horiek kudeatzea. Dena den, Moncloatik zehaztu dutenez, gobernu horiek ez dituzte eskuak erabat aske izango, egitasmo bakoitza nola kudeatuko den banan-banan hitzartu beharko baitute ministerioekin.
Sanchezek, halaber, badu beste karta bat eskuan: denbora. Eta hori ere bere alde erabil dezake. Instituzio guztiak daude Europako dirua noiz etorriko zain, eta horiek ez dira iristen hasiko gutxienez 2021aren udaberrira arte. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak bere burua eskaini du 27.000 milioi aurreratzeko. Sanchezek behin baino gehiagotan esan du Europako diruaren banaketa ez duela erabiliko babesak lortzeko. Aurrekontuen negoziazioak hasi baino ez dituzte egin. Zirriborroa gaur onartuko du Ministroen Kontseiluak, eta gero parlamentura eramango dute. Sanchezenhelburua da aurrekontu berrituekin hastea urtea.
Erkidegoetako presidenteen atzoko bileraren ostean, Carolina Darias Lurralde Politikako ministroak azpimarratu zuen «akordio handien» garaia dela, eta Europako diru laguntzekin lotu zuen hori. Dariasek jakinarazi zuen gobernuaren asmoa dela datorren urtean aurreratu nahi dituen 27.000 milioi euroetatik 16.500 milioi uztea erkidegoen esku, eta hori nola banatu nahi duten zehaztu zuen: 4.500 milioi euro etxebizitzak modu jasangarrian birgaitzeko proiektuetarako; 2.500 milioi ingurumen politikekin eta trantsizio ekologikoarekin loturiko egitasmoetarako; 7.000 milioi hezkuntzarako, bereziki lanbide heziketarekin eta digitalizazioarekin loturiko proiektuetarako; eta zaintzen alorrerako, 2.000 milioi euro. Dariasek azpimarratu zuen Europako funtsak «erreforma handiekin batera» gauzatu behar direla eta horretarako ezinbestekoa dela instituzioen arteko elkarlana.
Antzera mintzatu zen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Laguntza horiek «erreforma sakonak» gauzatzeko erabili behar direla azpimarratu zuen. «Inbertsioek bakarrik ez dute ekonomia berrabiaraztea lortuko. Plan honek benetako talde lana eskatzen du». Erkidegoetako presidenteei eskatu zien «ideia ausartak» aurkezteko.
Urkulluren eskaera
Von der Leyenekin izandako bilerari buruz mintzatu zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere, eta harro azaldu zen bere hitzaldian Euskal Autonomia Erkidegoa «eredu» gisa jarri zuelako. Urkulluk azaldu duenez, atzoko bileran Europako Batzordeko presidenteari gogoratu zion Europako «eskualdeak» direla «ekonomiaren motorra», eta eskatu zion diru laguntzak jaso ditzaketen egitasmoak hautatzeko eta horien kudeaketarako irizpideak argitzeko.
Europako laguntzen %50 erkidegoek kudeatuko dituztela esan du Madrilek
Haien eskumenekoak diren egitasmoak kontrolatu ahal izango dituzte, baina ministerioekin adostuta. Irizpideak argitzeko eskatu dio Urkullu lehendakariak Von der Leyen Europako Batzordeko buruari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu