Zelenskik Putinekin zuzenean negoziatzeko borondatea berretsi du

Ukrainako presidenteak urtebete egin du agintean. Kanpainan hitzeman zituen aldaketetako asko ez ditu gauzatu, eta herritarren konfiantza murriztu egin zaio

Vladimir Zelenski Ukrainako presidentea, atzo, bere agintaldiko lehen urtearen balantzea egiteko prentsaurrekoan, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak urtebete egin zuen atzo karguan, eta, agintaldiko lehen urteari buruzko balorazioa egiteko, hiru orduko prentsaurreko bat eman zuen. Agerraldian, Zelenski prest agertu zen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin zuzeneko elkarrizketak izateko, Donbasseko gerrari irtenbide baketsu bat bilatze aldera. Presidenteak adierazi zuen Putinekin aurrez aurreko negoziazioak abiatzeak ez duela zertan Minskeko negoziazio formatua alboratu, eta era paraleloan gara daitezkeela bi elkarrizketa esparruak.

«Badira gauza batzuk aurrez aurre egonda soilik uler daitezkeenak, eta badira erantzun batzuk parez parekoan bakarrik entzun daitezkeenak, ondorioak atera eta beste plan baten alde egiteko», adierazi zuen Zelensik.

2015eko otsailean Minskeko goi bileran mamitu zen negoziazio eredua babestu zuen Ukrainako presidenteak, baina prest agertu zen «gerraren amaiera eta lurraldeen berreskuratzea» hurbilduko luketen bestelako aukerak ere aztertzeko. Minskeko negoziazioetan Errusiak, Alemaniak, Frantziak eta Ukrainak parte hartu zuten, Europako Segurtasun eta Lankidetza Antolakundeak gainbegiratuta. «Minsken alde borrokatuko dut amaierara arte, Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak Minski lotuta daudelako. Eta jakina da [zigorrak] kendu nahi dituztela; ez Errusiak bakarrik, baita Europako estatu ugarik ere, zigorrekin kalte ekonomikoak dituztelako».

Zelenskiren eta Putinen arteko negoziazioek izan dute emaitzarik iragan hurbilean. Iazko irailean, Ukrainak eta Errusiak 35 presoren trukea adostu zuten.

Zelenskik ez du Donbassen 2014an lehertu zen gerra amaitzeko promesa bete, baina negoziazioak geldialditik ateratzea lortu du. Presidenteak Normandiako laukoaren bilkuran parte hartu zuen, iazko abenduaren 9an, Parisen. Minskeko lauko bera bildu zen orduan ere, eta akordio bat sinatu zuten: Donbassen su-etena egiaz ezartzea eta lau hilabeteko epean beste bilkura bat egitea. Bigarren bilkura hori ez da egin oraindik, eta su-etena ez da eraginkorra Donetsk eta Luhansk eskualdeetan. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, azken sei urteetan 13.000 lagun baino gehiago hil ditu gatazkak.

Zelenskiren hauteskunde garaipen argiak lurrikara politikoa eragin zuen iaz Ukrainan. Karrera politikorik izan gabe ere, herritarren %73k 41 urteko aktore ezagunaren alde egin zuten presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Zelenskiren garaipena lotuta dago Herriaren zerbitzaria izeneko telesailaren arrakastarekin. Egungo presidenteak Ukrainako presidentearen rola antzezten zuen fikziozko telesailean, eta herrialdearen interesa beste edozeren aurretik jartzen zuen pertsonaiaren balioak aldarrikatu zituen hauteskunde kanpainan.

Presidente kargua hartu eta bi hilabetera, parlamentuaren gaineko kontrola ere eskuratu zuen. Herriaren Zerbitzaria alderdiak—telesail ezagunaren izen bera jarri zion alderdiari— gehiengo osoz irabazi zituen parlamenturako bozak. Aurreko presidenteek ez zuten halakorik lortu.

Ordutik, baina, nabarmen murriztu da herritarrek Zelenskiri zioten konfiantza. Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuaren arabera, aurtengo maiatzean herritarren %42,6k bozkatuko dute haren alde. Datuok sektore zabal baten atsekabea islatzen dute.

Presidenteak kanpainan egin zuen promesa sortak itxaropena piztu zien herritar ugariri, baina lehen urteko emaitza urrun gelditu da askok espero zutenetik. Politika tradizionalaren kontrako diskurtso oldarkorra egin zuen, ustelkeriaren aurkako borroka agindu zuen, bai eta politikaren berritze sakon bat ere. Bultzatu zituen lehen legeetako batek bertan behera utzi zuen immunitate parlamentarioa, ustelen zigorgabetasuna amaitze aldera.

Aurpegi berriekin osatu zuen gobernua, baina aldatu egin zuen martxoan, pentsatuz ez zuela lortu kudeaketa publikoa hobetzea. «Ustelkeriarik ez dagoen lehen gobernua da. Baina ez lapurtzea ez da nahikoa», adierazi zuen orduan. Hilabete honetan, Mihail Saakaxvili Georgiako presidente ohia izendatu du Erreformen Batzorde Exekutiboko buru.

Trump eta ekonomia

Ustelkeriaren kontra gogor mintzatu bada ere, Zelenski ustezko ustelkeria kasu batean nahastuta agertu da, AEBetako Donald Trump presidentea tarteko. Iazko irailean, hainbat iturrik ziurtatu zuten Trumpek estu hartu zuela Ukrainako presidentea hark Joe Biden AEBetako presidentegaia eta haren semea iker zitzan. Auziak oihartzun handia izan zuen nazioartean, eta Trumpen kontrako impeachment-a eragin zuen AEBetan.

Horrez gain, egoera ekonomikoa ez du aldeko izan. Zailtasun handiei egin beharko die aurre koronabirusaren krisia dela eta. Donbasseko gerrak eragindako uzkurtzea oraindik gainditu gabe, gobernuak %6 inguruko beherakada espero du aurtengo BPGan, koronabirusaren ondorioz. Herrialdeak Nazioarteko Diru Funtsera jo du; erakundea prest agertu zen Ukrainari 7.300 milioi euro uzteko, hainbat baldintzaren truke: aurrekontuak doitzea —jada onartua—, banku legea berritzea eta nekazaritza lurren salerosketa baimentzea. Azken neurri horri lotuta, gobernuak nekazaritza lurren zirkulaziorako lege proiektua prestatu du, eta parlamentuak hura onartzeko lehen pausoa emana du. Hainbat sektore kalera irten dira, lurrak atzerritarren esku geldituko diren beldur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.