Carles Puigdemontek ere Euskal Herria Batera ekinbidearekin bat egin du

Herri ekimenak gaurko Aberri Egunerako proposatu dituen ekintzetan parte hartzera deitu du Kataluniako presidente erbesteratuak

Puigdemont, babesa erakusteko bidalitako argazkian. EUSKAL HERRIA BATERA.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek eta Michelle O'Neillek ere babesa adierazi diote gaur ospatzekoa den Aberri Egun bateratuari. Kataluniako presidente erbesteratuak eta Irlandako Sinn Fein alderdiko presidenteordeak Euskal Herria Batera herri ekinbideak proposatutako ekintzetan parte hartzera deitu dute. «Egoera zail honetan, Aberri Egun berezi hau elkartasunez ospatzea desio dizuet», nabarmendu du Puigdemontek. Herenegun nazioarteko dozena bat pasa lagunek adierazi zioten babesa ekinbideari: horien artean zeuden Gerry Adams Sinn Feineko lider historikoa, Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea, baita Galiziako, Kurdistango, Saharako eta Eskoziako zenbait ordezkari ere.

Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek osatu dute joan den asteburuan plazaratutako ekinbidea. COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz balkoi eta leihoetan ospatu beharreko Aberri Egunerako hiru proposamen egin dituzte. Batetik, egunaren aurretik elkartasuna adierazten duten irudiak bidaltzea ekinbidearen webgunera, horiekin ikur digital erraldoi bat egiteko xedearekin. Bestetik, egunean bertan balkoietan eta leihoetan ikurrinak eta Nafarroako banderak zintzilikatzea; baita gaur, 12:30ean, Mikel Laboaren Txoria txori kantua abestea ere.

EH Bilduk eta Ahal Dugu-khainbat pertsona ezagunek bultzatutako ekinbidea babestu dute; baita LAB sindikatuak ere. EAJk eta ELAk, ordea, bakoitzak bere aldetik ospatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.