Euskal motorrak, Bombardierrek Trenitaliari egingo dizkion trenetan

Trapagarango lantegian egingo dituzte Bonbardierrek Trenitaliari salduko dizkion hamalau tren bizkorren motorrak. CAFek ere kontratu bat lortu du Londresen, gidaririk gabeko 43 tren egiteko

CAFek Londresko DLR trenbide sarerako diseinatutako tren modeloa. CAF.
Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Albiste onen eguna izan zuten atzo Trapagaranen (Bizkaia) eta Beasainen (Gipuzkoa), bateko eta besteko tren konpainiek eskari zorroa loditzeko kontratuak poltsikoratu baitzituzten. Batetik, Kanadako Bombardier konpainiak eta Japoniako Hitachik kontratua sinatu dute Italiako Trenitaliarekin, abiadura oso handiko hamalau tren egiteko; ondorioz, Bombardierren Trapagarango lantegian, motorrak egiten dituzten plantan, produkzio kargaren %25 hartuko du kontratu berriak. Bestetik, CAFek gidaririk gabeko 43 tren hornitzeko kontratua lortu du Londresen.

Trenitaliaren kontratua 575 milioi eurokoa da: 233 milioi Bombardierrentzat eta 342 milioi Hitachirentzat. Frecciarossa 1000 modeloko hamalau tren egin beharko dituzte bi trengileen artean, eta haien mantentze lanak ere euren gain egongo dira hamar urtez. Hain zuzen, martxoan CAFek 120 milioi euroko kontratua lortu zuen 59 Frecciarossaren mantentze lanak egiteko.

Tren bakoitza 200 metro luze izango da, 460 bidaiarirentzako lekua izango du, eta orduko 360 kilometroko abiadura hartu ahal izango du. Lehen trenak 2020 amaierarako bukatuko dituzte, eta denak prest egon beharko dira 2021a amaitzerako.

Trenon propultsio eta kontrol ekipamenduak Trapagaranen egingo dituzte. Trenen motorrek lau tentsiorekin aritzeko gaitasuna izango dute: 25 kV eta 15 kV korronte alternoan, eta 3 kV eta 1,5 kV korronte zuzenekoan.

2023rako, lehen trenak

Trapagarandik Erromara begira bezala, Beasainen Londresera beha zeuden atzo. Izan ere, CAFi adjudikatu diote kontratua Transport for London (TfL) enpresak kudeatutako Docklands Light Railway (DLR) linearako 43 treneko flota diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko. Gidaririk gabeko trenak izango dira.

Ez dute jakinarazi kontratuaren zenbatekoa, baina CAFekazaldu du euskarri teknikoko eta flotarako ordezkoak hornitzeko zerbitzuak ere biltzen dituela.

Aurreikuspenen arabera, 2023an hasiko dira CAFen trenak bidaiarientzako zerbitzua ematen Londresko sarean. Tren bakoitzak bost bagoi izango ditu, eta CAFen metro ibilgailuen «diseinu arrakastatsuan» oinarrituta egongo dira.

Tren berriak gaur egun DLR linean zerbitzua ematen duten hiru kotxeko trenen antzeko luzera izango dute, baina bidaiarientzako beste hobekuntza batzuk izango dituzte.

HS2rako eskaria eginda

Eskarien zorroa ondo beteta dauka CAFek: 2018a 2.500 milioi eurotik gorako kontratu berriekin itxi zuen, eta eskaera zorroak marka hautsi zuen, 7.300 milioi euroren inguruan. Richard Garner CAFen Erresuma Batuko zuzendariak gogora ekarri zituen atzo azken kontratuak: Wales & Borders frankiziarentzako DMUen hornikuntza eta mantentze lana, Parisko metro sareko 43 PER MI2N unitateen birgaitze lana eta Australiako Hegoaldeko Gales Berrirako eskualdeko 29 unitate diesel-elektrikoaren hornikuntza eta mantentzea.

CAFen azken kontratuak Londresko alkateak aurkeztutako plan estrategikoa betetzen lagunduko du. Plan horren bidez, udalak inbertsioak egingo ditu DLR modernizatzeko; helburua da 2041. urterako autoekiko mendekotasuna gutxitzea hirian, eta joan-etorrien %80 garraio publikoan, bizikletaz edo oinez egitea.

Bestalde, CAFek iragarri du Erresuma Batuko HS2 abiadura handiko trenaren proiekturako Oaris trenak hornitzeko eskaintza aurkeztu duela. Ez da lehia erraza izango, beste lau lehiakide ere aurkeztu direlako 3.100 milioi eurotik gorako kontratua lortzeko: Alstom frantziarra, Bombardier-Hitachi, Siemens alemaniarra eta Talgo espainiarra.

Kontratuak proiektuaren lehen faserako gutxienez 54 trenen diseinua, fabrikazioa eta mantentzea jasotzen du, eta HS2 Ltd enpresak 2020an jakinaraziko du nori egingo dion adjudikazioa. HS2 trenbideak Ingalaterrako hiri nagusiak lotuko ditu (Londres, Birmingham, Manchester, Leeds, York, Newcastle eta Liverpool), eta baita, aurrerago, Eskoziak o Glasgown eta Edinburgo ere.

CAFentzat garrantzitsua da esleipena lortzea, tren arloan gaur egun garatzen ari diren guztien artean «esanguratsuenetako bat» delako. Kontratua lortuz gero, Galesko fabrikan eraikiko lituzke 54 trenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.