Brusela ateak ixten hasi da

Segurtasuna argudiotzat hartuta, debekatu egin nahi die EBko enpresei teknologia handiko gailuak esportatzea eta atzerrian egitea. Txina du buruan, herrialde kontuetan «agnostikoa» dela esan arren

Valdis Dombrovskis, Margrethe Vestager eta Josep Borrell, atzo, EBren segurtasun estrategiaren berri ematen. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Xalotasunaren garaia atzean utzita, Europako Batzordeak ate batzuk itxi nahi dizkio merkataritza libreari. Tresnak eskatu ditu helburu militarrarekin edo «giza eskubideen aurkako ekintzetarako» erabili ahal diren zenbait makinaren eta jakintzaren esportazioa mugatzeko. «Herrialde kontuetan agnostikoa» izango dela agindu du Bruselak, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak ziurtatu du neurria ez dela espresuki Txinaren aurkakoa. Hala ere, ezin izan dute ezkutatu nor duten buruan: «Filtro geopolitikoa erabiltzean, argi dago lehen hautagaiak Txina eta Errusia direla», aitortu du Margrethe Vestager Lehia komisarioak.

Pandemiak, Ukrainako gerrak eta trantsizio energetikoak agerian utzi dute EB oso menpekoa dela osasun materialei, energiari eta lehengai batzuei dagokienez, eta horren harira zerbait egiteko beharra oso zabalduta dago EBko gobernuen artean. Hala ere, ikusteko dago zer lortzen duen Bruselak, Txinarekiko politikan desadostasun handiak baitaude EBko gobernuen artean, harekin dituzten merkataritza harreman handiak arriskuan jarri nahi ez dituztenen eta, AEBen ildoari jarraituz, Pekin estu hartu nahi dutenen artean. Edonola ere, azken asteotan Washingtonek berak apaldu egin du Txinako ekonomiarekin dituen loturak eteteko bulkada (decoupling), eta bere egin du Von der Leyenek mahai gainean jarritako beste kontzeptu bat: de-risking, edo arriskuak gutxitzea.

«De-risking delakoa ezin da lelo bat izan», esan du Josep Borrell atzerri politikaren buru nagusiak, Batzordeak proposatutako neurrien aurkezpenean. Segurtasunaren arduraduna ere bazela azpimarratu du, eta EBren segurtasuna dagoela jokoan. Hori dela eta, helburu militarrekin lotura izan dezaketen zenbait jakintzaren esportazioa mugatu nahi du Batzordeak, eta, zehazki, superkonputagailuak, mikrotxip oso landuak eta adimen artifiziala aipatu dituzte. EBko konpainiei eragotzi nahi diete arlo horiekin zerikusia duten inbertsioak kanpoan egitea, baina baita gai estrategiko horietan ekoizpena kanpora eramatea ere.

Bruselak onartu du eskumen arazo bat dagoela, EBko kideei baitagokie esportazioak debekatzea, baina, atzo proposatutakoarekin, irizpide batzuk ezarri nahi ditu, eta batasuneko erakundeen arteko elkarlana sustatu. Herbehereek, AEBen presioen ondorioz, jada debekatu diete ASML enpresakoei Txinari mikrotxip aurreratuak saltzea.

Eztabaida datorren asteko goi bileran hasiko dute EBko gobernuburuek, eta Batzordearen helburua da urtea amaitu aurretik proposamen zehatzak aurkeztu ahal izatea «herrialde kezkagarriek» ez ditzaten asmo militarretarako erabili «Europako enpresen kapitala, haien ezagutza, esperientzia eta ikerketa». Aurretik, irailerako, nahi du EBko gobernuek asmo militarrekin eta zibilekin erabil daitezkeen teknologien zerrenda bat osatzea.

Autoak: hurrengo gatazka?

Segurtasunarekin lotura handirik ez duela eta, sektore estrategiko horietatik kanpo geratuko da autogintza, baina baliteke gatazkarako gai bilakatzea EBren eta Txinaren artean. Politico-k aurreratu duenez, Frantziaren presiopean, Europako Batzordea aztertzen ari da Txinako auto elektrikoen aurkako neurriak hartu ala ez. EBko industriarik handiena da autogintza, baina sektorea berandu dabil mugikortasunaren elektrifikazioan, eta libre utzi duten tartetik sartzen ari zaizkio MG, BYD, Nio eta Txinako beste ekoizleak; ekoizpen kate osoa kontrolpean dutenez, gai dira auto elektriko merkeagoak eskaintzeko.

Europako autogileen artean, bi jarrera zabaltzen ari dira: batetik, Alemaniako autogile handiek (Volkswagen, BMW eta Mercedes) kezka dute barne merkatuan pisua galduko ote duten, baina are gehiago kezkatzen ditu Txinako merkatu osoa galtzeak, azken urteetan dirutza egin baitute han, Txinako klase ertainak haien autoak aukeratu dituelako, hain zuzen.

Bestetik, Renault eta Stellantisek (Peugeot, Citroen, Opel, Fiat, Jeep) ia ez dute lekurik Txinako merkatuan, eta haiei egiten die kalterik handiena txinatarren lehiak, ibilgailu apalagoak egiten dituztelako. Stellantiseko buru Tavaresek argi eta garbi eskatu du Txinako auto elektrikoen gaineko ikerketa bat zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.