Pandemia aurrekoak baino hobeak dira enpleguari buruzko datuak azken hilabeteetan, eta hala berretsi dute otsailekoek ere. COVID-19ak duela bi urte jo zuen lehen kolpea, eta orduan baino 1.706 pertsona gutxiago daude lanik gabe Hego Euskal Herrian. Azken urtean nabarmen egin du behera: iazko otsailean baino 22.506 gutxiago daude. Gainera, lanean ari direnen kopuruak nabarmen egin du gora: duela urtebete baino 33.686 kotizatzaile gehiago daude, pandemia hasi zeneko hilean baino 8.588 gehiago.
Joera horiek sendotu egin dira azken hilabeteetan, baina urte hasiera honetan antzeman daitekeen berritasun nagusia beste bat da: otsailean sinatutako lan kontratuen %15,2 mugabeak izan dira; azkenengo hamabost urteetan izandako ehunekorik handiena da hori.
LANGABEZIA
Iazko abuztutik, hilabete guztietan jaitsi da langabeen kopurua, baina joera hori eten egin da otsailean. Orokorrean, ez da hilabete ona izaten Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, bereziki langile gehien biltzen dituen sektorean: zerbitzuetan eta, zehazki, merkataritzan eta ostalaritzan. Eguberrietan egiten diren kontratazioak urtarril-otsailetan amaitzen dira, eta langile asko, emakumeak nagusiki, langabeziara doaz.
Hala, otsailean, urtarrilaren amaieran baino 747 langabe gehiago zenbatu ditu SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak. Sektoreen arabera, badago aldea. Lanik gabe zeudenen taldea handitu da gehien (+676), eta, jarraian, zerbitzuena (+547), aipatutako arrazoiengatik. Aldiz, industrian jaitsi egin da (-439), sektore horretan azken hilabeteetan izandako joerari buelta emanez. Osagaien gabeziak eta argindarraren kostuak gogor eragin dute industrian, eta, esaterako, automozio eta altzairugintzako hainbat lantegi oso gutxi ekoizten aritu dira. Urtea, baina, aurreikuspen onekin hasi dute, eta lanpostuen sorreran nabaritu da, otsailera arte behintzat.
Lurraldeka aztertuz gero ere alde handia dago batetik bestera: Nafarroan langabeziak gora egin du urtarriletik otsailera (+876), eta Araban ere bai (+193). Beste bietan hobeak izan dira emaitzak: Gipuzkoan behera egin du (-259), baita Bizkaian ere (-63).
Horiek hala, Hego Euskal Herrian guztira 149.508 langabe daude, eta tasa %11ren bueltan kokatu da, SEPEren datuak INEren biztanleria aktiboaren inkestakoarekin erkatuz gero. Kopuru hori Euroguneko herrialdeen batez bestekotik (%7) oso urrun dago, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako %10aren helburu edo langatik jaitsi ezinda dago oraindik ere. Dena den, azken hilabeteetako joerari erreparatuta, lan merkatua erakusten ari da COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren okerrena gainditu duela; orain, ikusteko dago Ukrainako gerrak eragin dezakeen ezegonkortasun aldiari nola erantzuten dion, eta sektore batzuetan bereziki.
AFILIAZIOAK, GORA
Otsailean langabeen kopurua apur bat igo den arren, Hego Euskal Herriko lan merkatuak enplegua sortzen jarraitzen du. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak atzo jakinarazitako datuetan antzeman daiteke hori. Duela urtebete baino 33.686 kotizatzaile gehiago daude erregistratuta, eta horietatik 3.785 aurreko hilean hasi ziren lanean. Guztira, 1.270.556 daude. 2019ko azarora egin behar da atzera hori baino kopuru handiago bat topatzeko. Gainera, 2008an abiatutako serie historikoko daturik onenetan bigarrena onena da.
Bestalde, otsailaren amaieran 5.802 langile zeuden oraindik aldi baterako erregulazioan, eta 3.393 autonomo ari ziren COVID-19aren ondorioz sortutako langabezia sari berezia jasotzen.
FINKO GEHIAGO
Urtea hasi denetik, gainera, beste joera bat nabari daiteke lan merkatuan. Lan kontratu mugagabeak ugaritzen ari dira. 13.684 izan dira otsailean; hau da, hilabete horretan egindako kontratu guztien %15,2. Urtarrilean ere %10etik gora izan ziren. 2005. urtetik izandako ehunekorik handiena da otsailekoa. Azken hamabost urteetan %7-8 izan dira batez beste hilean egindako kontratu mugagabeak.
Iazko azken hilabeteetan ere izan zen gorakada esanguratsu bat, baina, orduan, beste urte jakin batzuetan gertatu den moduan, lan ikuskaritzak abiatutako kanpainarengatik izan zen. Urte hasierakoak, berriz, lan erreformaren ondorio izan direla nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta araudi berria babestu duten CCOO eta UGT sindikatuek. Gogoratu dute legedi berriak oztopo gehiago jartzen dituela aldi baterako kontratuak egiteko.
Bestelako interpretazio bat egin dute ELAk eta LABek. Joera bat baino gehiago gertakari koiuntural bat dela azpimarratu dute, eta uste dute aurrerantzean mota horretako kontratuak ez direla azken bi hilabeteetako neurri berean ugarituko. ELAk azpimarratu du orain arte egindako gehienak aldizkako finkoak direla, eta kasu horretan hobekuntzak «hutsalak» izaten direla aldi baterako kontratuekin alderatuta.
Lan kontratu mugagabeen kopurua azken urteetako handiena izan da
Otsailean sinatutako kontratuen %15,2 finkoak izan dira; hamabost urtean izandako ehunekorik handiena da. Afiliazioak ere gehitu dira: pandemia hasi zenean baino 8.588 gehiago daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu