Elkarrekin Podemos-IUren Eusko Legebiltzarreko taldeak atzo jakinarazi zuenez, mozioak erregistratuko ditu ordezkaritza duen udal guztietan, gizarte zerbitzuak indartzea eskatzeko: asmoa da etxerik gabe dauden pertsonen arretarako zerbitzuak hedatzea.
Koalizioak proposamenean jaso duenez, tokiko gobernuei galdegiten die hilabeteko epean aurkezteko «ezartzeke dauden zerbitzuak garatzeko plangintza egutegia», beharrezkoak diren baliabideak emate aldera; baita, hala badagokio, egoitzetako aurrekontua handitzeko ere. Mozioarekin, udal mailako gizarte zerbitzuen zorroa arautzen duen dekretua betearaztea eskatuko dute.
Haien arabera, pandemiak larriagotu egin du «kale gorrian dauden pertsonek pairatzen duten zaurgarritasun egoera», eta, horren ondorioz, beharrezkotzat jo dute etxegabetzeari aurre egiteko baliabideak egokitzea, horiek arreta aproposa jaso dezaten. «Jarritako bitartekoak ez dira nahikoak premiei aurre egin ahal izateko».
Ekinbideak ere bultzatzen du gizarte zerbitzuen erabiltzaileekin «ebaluazio parte hartzailea» egitea; besteak beste, eskura dauden baliabideen «kalitatea, eraginkortasuna eta nahikotasuna» zehazteko; urtebeteko epea ezarri dute horretarako.
«Pandemiak bereziki jo ditu bizitzeko tokirik ez duten pertsonak; horregatik, erakundeetatik errealitate gogor horri aurre egin behar diogu, eta ahal ditugun baliabide guztiak jarri erronkei behar bezala erantzuteko», azpimarratu dute. Bestalde, salatu dute azken urteotan gizarte zerbitzuetan «murrizketak» izaten ari direla, eta horrek ondorioak eragiten dituela: «Gabezia larriak daude gizarte zerbitzuen alorreko legediaren aplikazioan, eta horrek pertsona asko babesik gabe uzten ditu».
Mozioaren helburua da«kale gorrian» dauden lagunen eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak martxan jartzea.
Oiarzabal, berriro hautatua
Bestetik, Iñaki Oiarzabal berriroaukeratu zuten atzo Arabako PPko buru, botoen %94,33 eskuratuta; hura izan zen aurkeztutako hautagai bakarra. PPren kongresuan adierazi zuen Eusko Jaurlaritza pandemiaren aurrean egitean ari den kudeaketa «penagarria» dela.
Elkarrekin Podemos-IUk eskatu du etxegabeentzako zerbitzuak indartzeko
Mozioak erregistratuko ditu ordezkaritza duen udal guztietan. Adierazi du pandemiak larriagotu egin duela etxegabeen egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu