Mugikortasunaren arloko enpresek prest dute Mubil, probaleku gisa

«Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun berriaren abangoardian» kokatzea du helburu, lurraldeko enpresekin elkarlanean. Hiru urte barru, Donostiako Eskuzaitzetan izango du behin betiko egoitza

Ane Insausti Mubileko zuzendaria, atzo, Tolosan, eta agintarien taldea haren atzetik, Markel Olano eta Iñigo Urkullu buru direla. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
Tolosa
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Mubilek, Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu kutunak, hiru urte itxaron beharko du behin betiko egoitza izateko, Eskuzaitzetan (Zubieta, Donostia), baina, mugikortasunaren alorrean Europako erreferentzia bilakatzea helburu duenez, zentro gisa abiarazteko garaia zuela erabaki du aldundiak; eta, hala, Tolosako Usabal industrialdean ireki ditu ateak, sektoreko enpresei zerbitzua eskainiz, eta elkarlan publiko pribatuaren bidez, polo bat eratzen hasteko mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren alorrean.

Gipuzkoako eta EAEko agintari gorenen eta lurraldeko enpresa garrantzitsuenen zuzendariak izan ziren Tolosan Mubil abiarazteko ekitaldi ofizialean. «Punta-puntako azpiegitura dauka, bakarra Europako hegoaldean», esplikatu zuen ahaldun nagusi Markel Olanok. Energia biltegiratzeko teknologia garatzeko laborategia eskaintzen du Mubilek, Cidetec konpainiak kudeatzen duela, eta, Olanoren esanetan, Alemanian (ZSW) eta Frantzian (CEA) baino ez daude haren parekoak.

156 milioi euroko aurrekontua dauka Mubilek, eta Europako funtsetatik finantzaketa jasotzeko Jaurlaritzaren hautagaietako bat da; 86,5 milioi euro nahiko lituzke Europako tartatik. Baina, gaur-gaurkoz, Mubilek jabe bakarra dauka: Gipuzkoako Foru Aldundia. Eusko Jaurlaritzak ere ekarpen ekonomikoa egin dezakeela aditzera eman dute, dena den, Mubileko iturriek. Azken helburua, ordea, kapital pribatua ere sartzea da; hau da, mugikortasunarekin lotura duten euskal enpresak: esaterako, CAF eta Irizar. Bi konpainia horietako lehendakariak izan ziren ekitaldian, eta han zen, besteak beste, Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzin ere.

Tolosan martxan jarri duten azpiegitura probaleku bat da enpresentzat, labur esanda, beren prototipoak testatzeko, bateriak direla edo beste. Olanok esplikatu zuen hiru ardatz dituela Europako erreferentzia izan nahi duen zentro horrek: «Espezializazioa, bikaintasuna eta lankidetza dira ardatzak. Garraioari, autogintzari eta mugikortasunari lotutako industria bideratu nahi du, mugikortasun elektriko, konektatu, partekatu eta autonomo baterantz; hau da, mugikortasun berriak dakarren aukera ustiatzen saiatuko da».

Enpresa berriak sortu

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «herri proiektuaren» izaera nabarmendu zuen Mubil zentroa zer den azaltzean. «Erakundeek eta enpresek partekatzen dugun etorkizuneko bi eraldaketa uztartzen ditu: teknologiko-digitala eta energetiko-ekologikoa», esan zuen. Eta Mubilen helburu nagusia ere zein den garbi esplikatu zuen: «Euskadi Europako mugikortasun berriaren abangoardian kokatzea».

Diru publikoko proiektu bat den arren, erakundeek kapital pribatua mugiarazi nahi dute haren bidez. «Negozio eredu berriak, ekintzailetza eta kalitatezko enplegua bultzatzeko xedea du», jarraitu zuen Urkulluk; azken finean, «inbertsioa eta talentua» erakarri nahi dute Gipuzkoara, «nazioarteko erreferente bat eratzeko». Eta erreferente hori Jaurlaritzak banderatzat duen lankidetza publiko-pribatuari esker sortzea espero dute: «Lankidetza behar dugu mugikortasunari lotutako teknologietan gertatzen ari den eraldaketaren dimentsioaren aurrean. Enpresen, berrikuntza zentroen eta erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da, lehiakortasuna bultzatzeko».

Etorkizuna Eraikiz programaren barruan sortutako proiektu bat da Mubil, 2018an abiatu zena estrategia zehatz gisa. Urtebete geroago sortu zuen aldundiak Mubilen fundazioa, eta, atzodanik zabalik dago egoitza, Tolosan, behin-behinean bada ere, Ane Insausti zuzendaritzan dela.

Eskuzaitzetara aldatuko da zentroa hiru urte barru, erraustegitik oso gertu, eta, ordurako, mugikortasunaren sektoreko enpresek zentroaren gaitasunari eta baliagarritasunari buruzko balorazio osoago bat izango dute. Beharbada, batek edo bestek beren ekarpena egiteko urratsa egin dezake.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogoratu zuen lurraldeko BPGaren %40 mugikortasunarekin lotuta dagoela, eta Mubil aukera paregabea izango dela hala enpresentzat nola lurraldearentzat.

Etorkizuneko egoitzak 10.000 metro koadro izango ditu, hainbat laborategi eta bulego hartu ahal izateko, baina beste 40.000 metro koadro prestatuko dituzte nahi duten enpresek beren azpiegiturak han kokatzeko. Sinergiak aprobetxatu eta proiektu eta enpresa berriak sortzea baita azken helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.