«Hemen eta hemengo pertsonentzat diseinaturiko eskaintza da gurea», horrela aurkeztu du bere burua Guuk telekomunikazio euskal operadore berriak. Zerbitzua Hego Euskal Herrian bakarrik eskainiko duen konpainia bat da, «egitasmo identitario bat» sortzaileen esanetan, eta 115 saltoki fisiko izango ditu, horietatik lau propioak, bat lurralde bakoitzeko hiriburuan. Telefonia mugikorra eta «zuntz optikoaren bidezko merkatuko Internet loturarik azkarrena» eskainiko dute. Segundoko 600 megabyteko konexio abiadura hitzematen dute erabiltzailearen gailuraino.
«Ulertzeko erraza den eskaintza lehiakorra, eta bezeroarekiko harrera onena duen enpresa izan nahi dugu». Guuken aurkezpen ekitaldia atzo izan zen, eta horrela deskribatu zuten Jon Ander de las Fuentes zuzendariak, Euskaltelen finantza kontseilaria izandakoak, eta Juanan Goñi kontseilari ordezkariak. Goñi Dominion euskal teknologia enpresako arlo digitaleko burua da, eta etxe hori da, hain zuzen, Guuken bi bazkideetako bat, akzioen %30 dituena. Bestea Masmovil da (%70). Masmovilek Donostian du egoitza, eta Espainian lan egiten duten operadore handienetan laugarrena da. Guuken kapitala 1,7 milioi eurokoa da, eta, hasieran, 100 langile inguru izango ditu, «ia guztiak berriak», Goñik zehaztu zuenez. Alegia, ez dutela Masmovil edo Dominioneko langilerik bideratuko.
Sektorean eskarmentua duen jendea dira buruan, eta badakite lehiakortasun handiko merkatu batean sartuko direla; hala ere, uste dute badagoela non hazi. «Euskal merkatuan saturazioa badago, bezeroak eskatzen ez duen zerbitzua eskaintzen duten enpresengatik dago», azaldu zuen De las Fuentesek. Ez diotemerkatu bolumen helburu jakinik jarri bere buruari lehen urterako, eta argi utzi zuten ez direla prezio apaleko enpresa bat.
Masmovilek hainbat akordio ditu telekomunikazio enpresen sarea erabiltzeko, eta azpiegitura hori erabiliko du Guukek bere zerbitzua hedatzeko. «Lurraldeko ia etxe guztietan zuntz optikoa eskaini ahal izan arte itxaron dugu», argitu zuen Goñik. Era berean, nabarmendu zuten Euskal Herritik irtetean ere bezeroak abiadura eta konexio mota bera mantenduko dituela.
Puntu berde bat izango da Guuken ikurra, eta enpresaren euskaltasuna aldarrikatu zuten aurkezpenean, «gure enpresek izan dituzten fidagarritasun balio klasikoak mantenduta». Konpainia aldaketak ohiko bihurtu dira telefonia kontsumitzaileen artean, eta, fideltasuna lortzek,o arreta zuzenak berebiziko garrantzia du. Alde horretatik ahalegin berezia egingo dute. «Hemendik eta hemengo jendearekin artatuko ditugu. Telefonia enpresek gehien hobetu behar dituzten zerbitzuetako bat da», esan zuen De las Fuentesek. Era berean, «ziurtatu» zuen euskaraz jaso ahalko dela telefono bidezko arreta.
Hego Euskal Herrian bakarrik lan eginda, normala da Euskaltelekin alderatzea; De las Fuentesek, baina, argi utzi zuen ez doazela «inoren aurka», eta, haren ustez, merkatuan gero eta enpresa gehiago egon, orduan eta hobe gizartearentzat: «Gu gehitzeko gaude, eta gure lurraldeetan aberastasuna sortzeko. Futbola jarriko dut adibide: egun nork esango luke txarra dela Lehen Mailan bost talde izatea? Lehia ona da». Goñik antzeko mezua bidali zuen: «Masmovil eskarmentu handiko konpainia bat da dagoeneko; guk ez dugu begiratu behar besteek zer egiten duten».
Prezioak betiko
Eskaintzari dagokionez, zuntz optikoa eta telefonia mugikorra kontratatu nahi izanez gero—abuztuan gehituko diote telebista—, bezeroak bi aukera ditu: 42 euro (7 GB mugikorrean) edo 52 euro (40 GB). Mugagabeko deiak dira. Fibra bakarrik kontratatuz gero, zerbitzuak 39 euro balio du. Azkenik, telefonoa bakarrik nahi izanez gero, 15 euroko (7 GB) eta 29 euroko (20 GB) eskaintzak daude. Biek muga gabeko deiak dituzte. «Prezioak horiek dira, ez ditugu aldatuko. Betiko dira», azaldu zuen De las Fuentesek. Dendetan, guuk.eus atarian eta 1490 telefonoan kontratatu daiteke. Zerbitzua abian da, eta ez du iraupen baldintzarik.
Puntu berri bat merkatuan
Guuk martxan dago, zerbitzua Hego Euskal Herrian bakarrik emango duen telekomunikazio enpresa. Masmovilen eta Dominionen artean sortua da, eta zuntz optikoa eta telefonia mugikorra eskainiko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu