Patxi Ruiz presoa egonkor dago, «betiere larritasunaren barruan»

Presoaren konfiantzazko medikuak Murtzia II espetxeko sendagileek egindako osasun txostena ikusi ahal izan du. Hari babesa adierazteko, hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herrian

Donostian manifestazioa egin zuten atzo iluntzean, Ruizen egoera salatzeko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Egin dizkioten osasun azterketen emaitzak kontuan hartuta, egonkor dago Patxi Ruiz presoa, «betiere larritasunaren barruan». AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak atzo iluntzean kaleratutako oharraren arabera, euskal preso politikoaren konfiantzako medikua Murtzia II espetxeko (Espainia) sendagileekin bildu zen atzo, eta ikusi ahal izan zuen haiek Ruizen osasun egoeraz egindako txostena. Iruñeko presoak joan den maiatzaren 11n hasi zuen gose eta egarri greba. Espetxean koronabirusaren krisia kudeatzen ari diren modua salatu zuen, eta kartzelari batzuek mehatxu egin ziotela.

Hari babesa adierazteko, atzo manifestazioak egin zituzten Iruñean, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Arbizun (Nafarroa) eta Lekeition (Bizkaia), besteak beste. Euskal presoak etxeratzeko eskatu zuten, baita amnistia aldarrikatu ere. Iruñeko manifestazioaren ostean istiluak izan ziren. Edizio hau ixtean, pertsona bat zegoen atxilotua. Bizkaiko Ezkerraldean Ruizekiko elkartasunez gose greba egin duten hiru pertsonek bukatu dute protesta hori, AEMk jakinarazi duenez. 11 egun pasatu dituzte jan gabe.

Pasaian (Gipuzkoa), bestalde, edukiontzi batzuei su eman zieten atzo, eta pintaketa batzuk egin.

Auto judizial baten aginduz, Murtziako ospitale batera eraman zuten Ruiz ostegun gauean. Handik itzulita, kartzelako erizaindegian sartu zuten herenegun, eta, COVID-19aren aurkako protokoloari jarraituz, bakartuta dago. Horren ondorioz, atzo ezin zuen amaren bisita jaso. Ospitaletik bueltan egarri greba utzi zuen, baina gose grebari eusten dio.

Bestalde, Etxerat-ek iragarri du hilaren 29an azken ostiraleko mobilizazioen dinamika hasiko duela berriro. Espainiako Gobernuak martxoaren 15ean alarma egoera ezarri zuenetik, euskal presoen senideen elkarteak ez du elkarretaratzerik egin. Mobilizazioetarako neurri batzuk proposatu ditu: elkarretaratzea egiteko baimena eskatzea; pertsonen arteko bi metroko distantzia mantentzea; maskarak eta eskularruak erabiltzea; eta baimena eskatzean elkarretaratzean erabiliko diren babes eta segurtasun neurrien berri ematea.

Etxerat-ek adierazi du bat egiten duela Sarek martxan jarri duen Izan Bidea dinamikarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.