Arabak eta Gipuzkoak bost milioi jasoko dituzte ezohiko funtsetik

Finantzen Euskal Kontseiluak lehen aldiz erabiliko du iaz sortutako aparteko diru poltsa aldundien ekarpenetan dauden desorekak konpontzeko. Begi onez hartu dute denek: «Berri ona da»

Arabak eta Gipuzkoak bost milioi jasoko dituzte ezohiko funtsetik.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Iaz sortu, eta aurten martxan jarri. Finantzen Euskal Kontseiluak aurreneko aldiz erabiliko du ezohiko funtsa lurraldeen arteko desorekak berdintzeko. Arabak eta Gipuzkoak 5,6 milioi euro jasoko dituzte aparteko diru poltsatik, bildutako zergen kopurua kutxa komunera egin beharreko ekarpena baino txikiagoa izan delako. Ezohiko urtea izan da 2019a, erakundeen hitzetan, baina pozik azaldu dira emaitzak onak izan direlako eta kontuek «orekatuta» jarraitzen dutelako.

2019ko zerga bilketaren kontuak ixtea zen Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Saila, hiru aldundiak eta Eudel biltzen dituen foroaren atzoko zeregin nagusia. Eta esan daiteke azken urteetako bilerarik lasaiena izan zutela, inoizko bilketarik handiena egin baitute hiru foru ogasunek igaro den 2019an: 15.469,6 milioi euro, hots, urrian kalkulatutakoa baino 83 milioi gehiago (+%3,3).

Zenbaki horrek, ordea, ez die berdin eragin diputazio guztiei. Izan ere, Ekarpen Legea berritu gabe dago oraindik, eta, beraz, ohi bezala, Arabari eta Gipuzkoari behar baino baliabide gutxiago geratu zaizkie Jaurlaritzari egindako ekarpenen ondotik. Egokitzapenerako Funtsetik aparteko finantzaketa bat eskuratu ohi dute bi diputazioek, hori baita lurraldeen arteko oreka bermatzeko finantzen kontseiluak duen tresna: aurten, 64 milioi euro eman zaizkio Arabari, eta 73 milioi Gipuzkoari. Baina horiekin ere aski ez, eta batak 2,5 milioi eta besteak hiru milioi jasoko ditu iaz sortutako aparteko diru poltsatik.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren hitzetan, Ekarpen Legea eguneratzeak «ez du presarik». Izan ere, egungo sistemak eta diru banaketak «ongi» funtzionatzen dute, eta aurtengo baliabideen banaketa ere «arazorik gabe» egin dute. Adierazi du, halere, berandu baino lehen adostu eta proposamena legebiltzarrera eramango dutela. Datarik ez du aurreratu, ordea.

2019an aurrekontuetan kalkulatutakoa baino 216 milioi euro gehiago jaso ditu gobernuak urtea ixtean. Azpiazuk aurreratu du diru hori «inbertsio jasangarriak» egiteko erabiliko dela, eta baimena eskatuko dio Madrili gehigarri horren beste zati bat bestelako inbertsioetarako ere baliatzeko. «Zerbait sobratzen bada, zorra txikitzera bideratuko dugu».

Sozietate zerga, behera

Errenta kanpaina onak izan du eraginik handiena bilketan, urrian aurreikusitakoa gainditu baitu hiru lurraldeetan: espero baino 47 milioi gehiago bildu dituzte denera. Gora egin du BEZ zergatik jasotakoak ere: 78 milioi gehiago, guztira. Behera egin duena, ordea, sozietate zerga da, eta azken bileran ere aurreratutakoa bete da: urrian kalkulatutakoa baino 22 milioi gutxiago bildu dituzte; 2018an baino 173 milioi gutxiago (-%11,6). «Esperotakoa zen», Azpiazuren hitzetan. 2017an egindako zerga erreformari egotzi dio beherakada hori sailburuak, zeinak 2018ko ordainketa batzuk aurreratzera behartu zituen enpresak. «%12ko jaitsiera kalkulatu genuen aurrekontuetan; beraz, esan dezakegu aurreikuspenak bete ditugula».

Bizkaian izan da bereziki beherakada hori, kalkulatu baino 30 milioi gutxiago jaso baitira denera. Unai Rementeriak nabarmendu du, hala ere, zortzigarren urtez handitu dela bilketa lurraldean—%3,3 igo da aurten—, eta datuek berretsi dutela egoera ekonomikoa «nahiko ona» dela. «Oreka eta egonkortasuna bermatzea da erakundeon eginbeharra. 2019. urteko zenbakiek horretan laguntzen dute».

Markel Olanoren iritziz, berriz, «berri ona» da ezohiko funtsa erabili behar izana. «Akordio baten ondorio izan zen, eta bere fruituak eman ditu. Egonkortasuna bermatzen du». Ahaldun nagusiak berretsi du, halaber, Gipuzkoak lehen aldiz gainditu duela «historikoki langa psikologikoa» izan den 5.000 milioi euroko helburua —%3,9 handitu da—.

Ramiro Gonzalezek ere ontzat eman ditu bilketaren datuak; batez ere, «zalantzaz» betetako urtea emaitza onekin amaitu dutelako: «2019a nota onarekin gainditu dugu». Olanoren gisara, Gonzalezek ere begi onez hartu du ezohiko funtsaren erabilera: «Herri akordio bat zen, eta hala izan da: berri ona da». Araban %1,9 egin du gora bilketak denera, eta sozietate zergan izandako gorakada nabarmendu du ahaldun nagusiak —%9,7 handitu da iazko bilketatik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.