Irakasleek markatu dute pentsioen erreformaren aurkako seigarren astea

Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxe hetsirik egon dira greba deialdia dela eta. Martxan alderdiak Baionan egin duen bilera oztopatu dute sindikatukideek

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurkako pankarta bat, atzo, Baionako manifestazioan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak orekarako adina behin-behinean kenduko zuela iragarri arren, ez da isildu erretreta sistemaren erreformaren aurkako mugimendu soziala. 2.000 pertsona elkartu ziren atzo Baionan, sindikatuek deituriko mobilizazioan. Manifestazioaren ondotik, Martxan alderdiaren bilera oztopatzeko saiakera egin zuten grebalariek. Orain arte, trenbideetako langileek eraman dute greba nagusiki, baina, sindikatuen arabera, sektore berri batzuk batzen ari dira. Irakasleen mobilizazioa saretzen ari da: ikastetxeen arteko biltzarrak antolatzen hasi dira joan den astetik.

Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegioko langile gehienak grebara batu ziren atzo, eta ikastetxea hetsirik egon zen. Ipar Euskal Herriko beste hainbat ikastetxetan ere ohi baino grebalari gehiago kontatu zituzten, Donibane Garaziko Nafarroa lizeoan, adibidez.

Txomin Hiriart Urruti historia irakaslea da Estitxu Robles Arangiz kolegioan, eta honela azaldu zituen arrazoiak: «Greban gara erreforma honen salatzeko. Gobernua zuzengabetasun osoz ari da; aberatsen eta xumeen arteko zuloa etengabe handitzen du». Irakasleak grebarako prest daudela gehitu zuen: «Gure ikastetxea bosgarren aldiko hetsia da, eta sentitzen dugu irakasleen baitan zerbait mugitzen ari dela. Gure artean saretzen ari gara, eta, horren bidez, eraginkorragoak izan gaitezke».

Trenbideetako langileek begi onez ikusi dute beste sektoreen mobilizazioa. Julien Delion CGTko kidea da, eta abenduaren 5ean ekin zion grebari: «Gure greba zaila da, luzea da, baina oraindik indarrak baditugu. Beste sektore batzuk mugitzen ari dira, ikastetxe batzuk hetsi dituzte, Frantziako portu andana blokeatuak dira... Hainbat sektoretako langileen arteko elkartasunari esker lortuko dugu irabazi arte segitzeko indarra». Trenbideetako langileek greba arintzeko hautua egin zuten atzoko biltzarrean: intersindikalak deituriko egunetan greba eginen dute, baina ez dute greba iraunkorra segurtatuko.

Manifestazioaren ondotik, dozenaka ekintzailek Baionako Herriko Etxera jo zuten, bertan bazelako LREM alderdiaren bilkura bat. Protestariak egoitza barnera sartu ziren, baina Frantziako Poliziak bilkura gelara hurbiltzea eragotzi zien. LREM alderdiari eta Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteari «erreforma suntsitzaile hori bukatzeko» eskatu zioten ekintzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.