Tubos Reunidosek arnasa hartu du, 350 milioiren zorra ordaintzeko epea luzatuta

Zor handi horri aurre egin behar izateak 146 milioi euroren galerak ekarri dizkio Amurrioko enpresari 2015az geroztik. Hodien eskaera handitu da azken urtean

Tubos Reunidos enpresaren lantegi nagusia, Amurrion, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
TR Tubos Reunidosek bere egoera zaila onbideratzeko denbora lortu du. Atzo jakinarazi duenez, akordio bat lortu du bere banku hartzekodunekin 351 milioi euroren zorraren ordainketa atzeratzeko. Zorraren ordainketak galerak ekarri dizkio azken urte hauetan, eta ordainketei aurre egiteko zailtasunak izan ditu, petrolioaren merkatuaren jaitsierak asko jaitsi duelako bere hodien eskaera. Azken hilabeteetan merkatua suspertzeko bidean ikusten du konpainia —eskariak %32 handitu ditu urtearen hasieran—, eta atzo lortutako akordioarekin «taldearen epe laburreko eta erdiko bideragarritasuna eta egonkortasuna erraztu ditu», konpainiak esan duenez.

Euskal konpainiarik handienen artean larrien dagoenetako bat da Amurrioko konpainia. 2015az geroztik 146 milioi euro galdu ditu, horietako 13,3 aurtengo lehen hiru hilabeteetan. Galerak zorren eta aktiboen balio galeren ondorio izan dira batik bat, ustiakuntza datu positiboak izan baititu 2016an izan ezik. TR zorpetze handiarekin iritsi zen petrolioak 2014an eta 2015ean izan zuen merkatze handira, eta eskariaren jaitsierak enpresa ito du. Horri erantsi behar zaio iaz Donald Trumpek EBko altzairuzko produktuen inportazioari jarritako muga zergen kaltea, han baitu merkatu nagusietako bat.

Sindikatuek nabarmendu dute zuzendaritzaren erabaki okerrek ere eragina izan dutela enpresaren egoera kaskarrean. 2007-2016 epean 77 milioi euroren irabaziak banatu zituzten akziodunen artean, eta 2008an 170 milioi euro handitu zuten enpresaren zorra, enpresaren akzioak amortizatzeko operazio batean.

Zorra oraintxe bertan 351 milioi eurorena da, TRk zabaldu duenez. CNMVra bidalitako agirian, enpresak jakinarazi du hiru zatitan banatu dutela zorra. Lehenik, 92 milioi euro daude, pasibo zirkulatzailea edo enpresaren eguneroko beharrei erantzuteko hartutako zorra. Bigarrenik, 90 milioi euroko zorra, hurrengo bost urteetan ordaindu beharrekoa baina epea luzatzeko aukerarekin; azkenik, 168 milioi, sei urte barru ordainketa bakarrean pagatu beharrekoak, baina akzio bihurtzeko aukerarekin. Azken hori da zalantzazkoena eta bankuak Amurrioko taldearen kapitalean sartzea eragin dezakeena.

Berez, BBVA da gaur egun Tubos Reunidosen akziodun nagusia (%14,8 du) eta, El Confidencial-en arabera, zorraren berregituraketari oztopo gehien jarri diona. Azkenean, ordea, operazioan parte hartu du, egunkari digital horrek dioenez, Eusko Jaurlaritzaren presioen ondorioz. Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak esan du zorraren berregituraketa «berri ona» izan dela, eta enpresa laguntzen aritu dela. Baztertu egin du, edonola ere, Jaurlaritzak uztailean sortuko duen 200-250 milioi euroren funtsaren zati bat erabiltzea TRko akziodun bihurtzeko: «Ez da larri dabiltzan enpresak laguntzeko. Enpresa horiek beste zerbait eskatzen dute».

Tubos Reunidosen beste hartzekodunak honako hauek dira: Kutxabank, Santander, Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Bankoa, Bankinter eta ICO.

Erregulazioak

Bankuekin akordioa ixteak aukera emango dio enpresari lan harreman gatazkatsuak baretzeko, Tubos Reunidos saiatu baita krisiari kostuak txikitzeko neurriekin aurre egiten. Iazko apirilean, Trapagarango Productos Tubulares filialean 157 behargin kaleratzeko plan bat aurkeztu zuen, baina langileek aurre egin zieten kanporatzeei, eta enpresak atzera egin zuen aste batzuen epean. Alternatiba gisa, 2018 amaieran langile gehienei lanaldia laburtzeko erregulazio espediente bat aurkeztu zuen, eta horrekin aritu dira azken hilabeteetan.

Taldeak 700 langile inguru ditu Amurrioko fabrika nagusian, eta 400, berriz, Productos Tubularesen. Hortaz gain, Acecsa lantegia du Iruñean, eta 2016an Rotary Drilling Tools (RDT) erosi zuen, 19,6 milioiren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.