Bizkaiko metalean akordiorik lortu ez, eta grebara joko dute ostegunean

«Itun orokor bat» nahi badute greba deialdiak bertan behera uzteko eskatu die FVEMek sindikatuei. ELA, LAB, CCOO eta UGTk egindako proposamenei erantzun ez izana leporatu diote patronalari

Lau sindikatu nagusiek mobilizazio bateratua egin zuten, atzo, Bizkaiko metaleko lan ituna negoziatzeko bilerara sartu aurretik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hemeretzigarren aldiz bildu ziren atzo, baina hogeigarrenez ere batu beharko dute sindikatu eta patronalek Bizkaiko metalgintzako ituna lortu nahi badute. Ekainaren 3an dute hurrengo hitzordua bi aldeek, baina tartean greba egun batekin. Datorren ostegunerako lanuztea egingo baitute sektorean ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Deialdia mahai gainean zegoela bildu ziren FVEM Bizkaiko metaleko patronalarekin atzo, 2011tik iraungita dagoen hitzarmena lortzeko, baina ez zen halakorik egon. Areago, «itun orokor bat» nahi izanez gero, greba deialdia bertan behera uzteko eskatu zien patronalak.

Aurreko hemezortzi bileretan ez bezala, sindikatuak bat eginda joan ziren atzoko bilerara, eta mobilizatzeko agenda partekatu batekin, gainera. Hilaren 23ko lanuzteaz gain, ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean ere grebara deitu dute Bizkaiko metalean. Joan den ostiralean, lau sindikatu nagusiak biltzen dituen plataforma bat eratu zuten, bezperan Jose Luis Gil FVEMeko presidenteak adierazpen hauek egin ostean: «Guk ere akordioa nahi dugu, baina, gaur-gaurkoz, sindikatuak ez dira ados jartzen hurrengo bileraren eguna zehazteko ere».

LABek ohar bidez esan zuenez, patronalak hilabeteak zeramatzan sindikatuei plataforma eta aldarrikapen bateratuak eskatzen. Hori eratuta ere, ezer ez. «Ez dio plataforma bateratuari erantzunik eman, eta argipenak eskatu ditu, eskari batzuk onartezinak direla esatera mugatuz». Patronalak bidalitako oharrean, berriz, proposamenari erantzuna ekainaren 3ko bileran emango diela jakinarazi zuen.

Lau sindikatuek osatutako plataformaren eskaerak argiak dira: 2018ko urtarriletik pilatutako atzerapenak ordain diezazkietela;itun posiblearen kontura aurreratutako ordainketak itzuli beharrik ez izatea, ordainketa haiek itunak jasotzen dituenak baino handiagoak diren kasuetan; KPI+%2ko igoera tauletan, eta KPI+%1ekoa soldata errealetan, itunaren indarreko urte bakoitzeko. FVEMen arabera, eskaera horietan «enpresen lehiakortasunari eta enplegua sortzen jarraitzeko baldintzei zuzenean eragiten dieten eskaera batzuk daude». Beraz, zaila dirudi pentsatzea hurrengo bileran akordiorik lortuko denik.

Are gehiago, ELAren arabera, patronalak «inolako proposamenik» egin ez duenean. Sindikatuaren ustez, «presarik ez daukate akordio bat lortzeko, eroso baitaude egungo blokeo egoeran, non sektoreko enpresak, irabaziak pilatzen dituzten testuinguru batean dauden». Datorren asteko greba deialdiak zein eragin izango duen ikusi beharko da, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.