Errusiak formalki anexionatu ditu Ukrainan partzialki okupatutako probintziak. Beraz, behin Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo hitzarmenak sinatu ondoren, Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk eskualdeek Errusiako Federazioarekin bat egin dute ofizialki. Kievek esana dauka ahaleginduko dela horiek militarki berreskuratzen, eta atzo, gainera, Kremlinen erabakiaren ondoren Volodimir Zelenski presidenteak iragarri zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko eskaera egingo dutela, horretarako urgentziazko prozedura erabilita. Hain zuzen, joan den otsailean inbasioa hasi aurretik, Putinek esaten zuen hori zela egoera areago ez gaiztotzeko gurutzatu ezin zen marra gorrietako bat: Ukraina Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzea. Bide batez, Ukrainako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak adierazi zuen Mendebaldeari laguntza militarra eskatzen jarraituko duela.
Putinek, nolanahi ere, ez die aterik ixten negoziazioei. Hori adierazi zuen atzo. Zelenskik ere ez die ixten, baina nabarmendu zuen Errusiak «beste presidente bat» izan beharko duela horretarako. Hortaz, gerran jarraitzeko erabakiak izan ziren atzo plazaratutakoak. Anexioak gauzatzeko ekitaldiaren ondoren festa bat egin zuten Moskuko Plaza Gorrian, eta Putinek hau esan zien han bildutakoei: «Geurea izango da garaipena!».
Kremlineko San Jurgi areto arranditsuan egin zuten ekitaldia, eta horretan parte hartu zuten anexionatutako eremuetan Moskuk ezarritako liderrek: Vladimir Saldok (Kherson), Denis Puxilinek (Donetsk), Jevgeni Balitskik (Zaporizhia) eta Leonid Pasetxnikek (Luhansk).
Joan den otsailean Donetskekin eta Luhanskekin egin moduan, herenegun gauean Zaporizhiaren eta Khersonen independentzia aitortu zuen Putinek. Behin pauso hori emanda agertu zen atzoko zeremoniara. «Errusiak beste lau eskualde ditu», nabarmendu zuen. Kremlineko maizterraren arabera, herritarrek «aukeratu» zuten Errusiako Federazioarekin bat egitea, «erreferendumetan» bozkatu ondoren. Moskuk hauspotu zituen galdeketa horiek, ikusi zuenean Ukrainaren kontraeraso militarra areagotzen ari dela herrialdearen ekialdean eta hegoaldean.
Joan den ostiraletik asteartera bitartean egin zituzten galdeketak. Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten; Luhansken, %98k; Zaporizhian, %93k, eta Khersonen, %87k. Ukrainaren azaleraren %15 inguru anexionatuko du Errusiak. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan indarrez egindako anexio handiena da.
Baina Mendebaldeak ez die zilegitasunik ematen, argudiatuta nazioarteko zuzenbidea urratu dutela galdeketekin. Anexioen iragarpenaren ondoren, Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionaletako aholkulariak eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak esan zuten «konpromiso sendoa» dutela Ukrainaren «lurralde batasunarekin eta subiranotasunarekin». G7koek ere «legez kanpoko» bat egiteak gaitzetsi zituzten, eta Europako Batzaordeko presidente Ursula von der Leyenek azpimarratu zuen «legez kanpoko» anexioek ez dutela ezer aldatzen. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu izan du herritar askok behartuta bozkatu zutela. Moskuren aliatu batzuek, gainera, kasurako Serbiak eta Kazakhstanek, ez dituzte anexioak aitortuko, eta Txinak ez ditu begi onez ikusten.
«Kolapsorako bidean»
Zelenskik bere erabakia arrazoitzeko Telegramen idatzi zuenez, Ukraina «de facto» dago Mendebaldeko aliantza militarreko kide bihurtzeko bidean, eta «bateragarritasuna» erakutsi du estandar militarrekin.
Bide batez, Mendebaldeari ere mezu bat helarazi nahi izan zion Putinek, eta «gutiziatsua» izatea eta Errusia bere «kolonia bat» bihurtu nahi izatea leporatu zion. «Ez gaituzte gizarte libre baten moduan ikusi nahi, esklabo pila baten moduan baizik». Iruditzen zaio, gainera, Mendebaldea «kolapsorako bidean» dagoela, eta horrek ez duela «atzera bueltarik». Kremlineko buruak atzoko agerraldian nabarmendu zuen Moskuk «aliatu asko» dituela eta horien «babesa» sentitzen duela.
Gerra Ukrainan
Gerran jarraitzeko erabakiak
Errusiak Ukrainan okupatutako lurrak anexionatzeko hitzarmenak sinatu ditu Putinek. Zelenskik iragarri du NATOn sartzeko eskaera egingo dutela, horretarako urgentziazko prozedura erabiliz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu