Munduko elikagai krisia arintzeko bilduko dira Ukraina eta Errusia

Kieveko ordezkaritza militar bat eta Moskuko bat batzartuko dira Istanbulen, NBEko begirale talde batekin batera. Helburua izango da Ukrainako portuetan pilatuta dagoen zereala merkaturatzea

Ukrainako nekazari bat laborea biltzen, Odesa inguruko landa eremu batean. STR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ukrainak eta Errusiak aurrez aurre negoziatuko dute gaur, Turkian, Ukrainako portuetan pilatuta dauden elikagai kargamentuak nola merkaturatu adosteko. Bi herrialde horietako bakoitzak ordezkaritza militar bat bidaliko du Istanbulera, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen begirale talde batek gertutik erreparatuko die elkarrizketei. Helburua izango da Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren ondorioz are larriagoa bihurtzen ari den elikagai krisia arintzea.

Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak atzo baieztatu zuen bere gobernuak bilera hori antolatu duela, eta Turkiako ordezkaritza batek Moskura eta Kievera bidaiatu duela aurretik, prestaketa lanetarako. Akarrek azaldu duenez, hasierako harreman horien ostean aurreikus daiteke Ukrainako portuetan pilatuta dauden aleak «modu seguru batean» bidaliko direla «nazioarteko merkatuetara».

Joan den astean, Kievek salatu zuen Errusiaren ontzi batek Ukrainari «ostutako» zereala atera zuela Turkiako Karasu portutik, eta azalpenak eskatu zizkion Istanbuli.

Baldintzak

Errusiak hainbatetan adierazi du prest dagoela Ukrainako zerealen esportazioa bermatzeko neurriak hartzeko. «Errusiako armadak egunero iragartzen ditu giza korridoreak Itsaso Beltzean eta Azoveko itsasoan barrena», esan zuen atzo Piotr Ilitxov Errusiako Atzerri Ministerioaren Antolaketa zuzendariak. Moskuk, baina, baldintza batzuk betetzeko eskatzen dio Kievi: ontziak kontrolatzeko eta ikuskatzeko aukera izatea, «armen kontrabandoa eragozteko», eta Ukrainako Gobernuak «probokazioei» uko egitea. Baldintza horiek «ulergarriak» direla nabarmendu zuen Ilitxovek.

Ukrainako armadak sare sozialetan salatu du Moskuren «asmo oneko keinuak» ez direla zintzoak, eta «informazioa manipulatzea» egotzi dio. «Errusia azpiegitura kritikoei eta zibilen ontziei eraso egiten ari da oraindik Itsaso Beltzean».

Kievek ere bermeak eskatu dizkio Moskuri. Errusiak kontrolpean ez dituen portuen segurtasuna ziurtatu nahi du —besteak beste, Odesarena—, eta Kremlinek horien aurka eraso ez egiteko konpromisoa hartzea.

Ukrainako armadak herenegun jakinarazi zuen atzerriko zortzi ontzi herrialdeko portuetara iritsi zirela zerealak esportatzeko. Danubio ibaia itsasoratzen den Bistroie estuarioko kanaletik lortu zuten sartzea. Ukrainak Zmiinii uhartea (Sugeen uhartea) berreskuratu duenetik kanal hori erabili dezakeen arren, herrialdeko portu gehienak itxita daude.

Ukrainako gerrak azkartu egin du munduko hainbat herrialdetan jada milioika lagun jasaten ari ziren elikagai krisia. Klima larrialdiaren, COVID-19aren pandemiaren eta gatazka armatuen ondorioz, askorentzat garestiegi bilakatu dira oinarrizko elikagaiak. Egoera latza zen Ukrainako gerraren aurretik, eta hark are larriagoa bihurtu du.

Elikagaien prezioek %28 eginzuten gora iaz munduan, Wel Hunger Hilfe Alemaniako gobernuz kanpoko erakundearen azken txostenaren arabera, «askotariko krisien ondorioz».

Gerrak eragin zuzena du elikagaien eskaintzan, lursail zabalak erretzen dituelako, armadek biltegiak arpilatzen dituztelako, eta laboreen salmenta apaltzen delako. Ukrainarenak eta Errusiarenak izan ziren iaz munduko gari eta garagar esportazioen ia herenak, baita ekilore olioaren esportazioen erdiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.