Ukrainako Donbass eskualdeko Donetsk eta Luhansk oblastak «askatzeko» erasoaldi militarraren prestaketak «ia amaitutzat» ditu Errusiak, martxo amaieran «operazio militar bereziaren» bigarren faseari ekin zionetik. «Errusiak laster joko du erasora», jakinarazi zuen atzo Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaile Oleksandr Motuzianik. Aurretik, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ohartarazi zuen Errusiako «dozenaka mila» soldadu Donbassen biltzen ari direla, iparraldetik erretiratu ondoren, eta hamahiru kilometroko konboi militarra Kharkiv oblastetik hara bidean dela. Gudu zelaia datozen egunetan herrialdearen hego-ekialdean zentratuko bada ere, Ramzan Kadirov Txetxeniako presidente eta Errusiaren aliatuak aurreratu duenez, Donetsk eta Luhansk oblastak «askatu» ondoren, helburua izango da Kiev hiriburura itzuli eta berau «konkistatzea».
Gerrarekin berarekin lotuta, bi bandoen artean borroka latzak izaten ari dira Mariupolen (hegoaldea), Errusiak setiatua duen hirian. Bada, Donetskeko Herri Errepublikako gobernuburu Denis Puxilinek atzo ziurtatu zuen errusiazaleek hiriko portuaren kontrola hartu zutela; Ukrainak, ordea, gezurtatu egin zuen Puxilinen adierazpena. Hori bai, armadak aitortu zuen «azken guduetan» daudela, jaurtigaiak «amaitzen» ari zaizkiola eta. «Aurrez aurreko borroka besterik ez da geratuko. Gutako batzuk hilko dituzte, eta beste batzuk gatibu hartuko dituzte». Bestalde, Mariupolgo alkate Vadim Boitxenkok atzo Associated Press agentziari emandako elkarrizketan esan zuen gutxienez 10.000 zibil hil dituztela bi aldeen arteko erasoen ondorioz.
Ukrainako armadak iparraldeko eremuak berreskuratu ahala, gobernua datuak eman eta eman ari da. Atzo jakinarazi zuen, orotara, 1.200 zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu zituztela Kiev oblasteko herrietan, «Errusiako tropak probintzia horretatik erretiratu ondotik». Orain arte ezagutzera eman direnetarik sarraskirik handienak Butxan eta Borodiankan jazo dira; hirurehundik gora gorpu topatu dituzte horietako bakoitzean. Horrez gain, Ukrainako Fiskaltzaren arabera, Errusiako tropek 183 haur hil dituzte iragan otsailaren 24an gatazka hazi zenetik. Guztira, bi aldeek 1.842 zibil hil dituzte, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera.
Bilera, «zuzena eta gogorra»
Errusiaren eta Ukrainaren bake negoziazioa bultzatzeko asmoz, Austriako kantziler Karl Nehammer Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu zen atzo, Moskun; otsail amaieran gerrari ekin zitzaionetik Putinekin aurrez aurre bildu den EB Europako Batasuneko lehen goi karguduna da Nehammer. Bi presidenteen arteko solasaldia «oso zuzena, irekia eta gogorra» izan zen, Austriako Gobernuak ohar baten bidez adierazi zuenez. Militarki neutrala da Viena, eta Ukrainari ez dio laguntza militarra bidali, nahiz eta Errusiak egindako «gerra krimenak» salatu dituen. Nehammerrek, gainera, Putini ohartarazi zion EBk Errusiari ezarri berri dion bosgarren zigor sorta ez dela «azkena» izango. Nolanahi ere, Austriak uko egin dio Moskuko gasari enbargoa jartzeari —%80 Errusiatik inportatzen du—, Alemaniak eta Hungariak egin bezalaxe.
Putinen eta Nehammerren arteko bileraren aurretik, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek nabarmendu zuen Putin elkarrizketak jarraitzearen alde «engaiatuta» dagoela. «Ez dut arrazoirik ikusten [elkarrizketak] ez segitzeko, nahiz eta Ukrainak akordioetatik ihes egiteko joera duen».
EBko diplomaziaburu Josep Borrellek, berriz, Kievi babes militarra emateko eskaera berretsi zuen atzo, eta, lehenago, honako hau ere esan zuen: «Gerrak gudu zelaian irabazten eta galtzen dira». Borrelli erantzunez, Lavrovek argi ohartarazi zuen adierazpen horiek joko arauak «nabarmen» aldatzen dituztela.
Bien bitartean, ebakuazio planek aurrera segitzen dute. Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek atzo iragarri zuen bederatzi korridore humanitario ireki zituztela; horietatik bost Luhansk oblastean, Errusiako Gobernuarekin adostu ondotik. Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak behin eta berriz eskatu du segurtasuna bermatzeko, zibilak setiatutako eremuetatik atera ahal izateko.
Gerra Ukrainan
Ukrainak adierazi duenez, Errusiak «laster» joko du erasora Donbassen
Donetskeko Herri Errepublikako agintariak esan du errusiazaleek Mariupolgo portuaren kontrola hartu dutela; Kievek gezurtatu egin du. Hiriko alkatearen arabera, gutxienez 10.000 zibil hil dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu