EBko kideen zorra gutxitu nahi du Bruselak, baina «modu errealista batean»

Europako Batzordeak ofizialki abiatu du Egonkortasun Itunaren erreforma. Onartu du arauak egokitu behar duela pandemiak erakutsitako errealitatera

Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa eta Valdis Dombrovskis lehendakariordea, atzo, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Betiko zatiketa eragitera doan eztabaida bati ekin dio Europako Batasunak: nola txikitu azken urte eta erdian pilatutako zor handia ekonomia berriro hondoratu gabe? «Zirkulua nola egin lauki?», Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioaren beraren atzoko esaldia erabilita. «Modu argi eta errealista batean», Gentiloniren beraren hitzetan.

Hemendik hilabete batzuetara zehaztuko du Bruselak formula hori zertan datzan, EBren Egonkortasun Itunaren erreformarako bere proposamena aurkezten duenean. Aurretik, EBko 27 kideetako gobernuen proposamenak jaso beharko ditu, 2021. urtea amaitu aurretik. Dagoeneko nahiko jakina da zer erantzun jasoko dituen: iparraldean zorroztasuna eskatuko diote, eta arauak sinpletzea, orain arteko arauarekin bazirelako izkin egiteko aukerak; hegoaldean, berriz, gerrikoa gehiegi ez estutu behar izatea da helburua. Zorra murrizteari lehentasuna emango diote lehenek, eta hazkundea ez itotzeari, berriz, bigarrenek.

Eztabaida klasiko horretan, Europako Batzordeak malgutasunaren bidea hartuko duela iradoki zuten atzo Gentilonik eta Valdis Dombrovskis lehendakariordeak, azken hori belatzen artekotzat daukaten arren. «Arau berriek errealitate berriak islatu behar dituzte», esan zuen Dombrovskisek; alegia, zorraren krisiak eta pandemiak erakutsitako lezioak jaso behar ditu Egonkortasun Itunak. Eta lezio nagusia da krisiei gastu publikoarekin aurre egin behar zaiela, EBk hain harro aldarrikatzen dituen babes sistemak itoko ez badira.

Egonkortasun Itunaren bi puntu nagusiak hauek dira: lehenik, estatu kide batek ezin du izanBPGaren %3 baino gehiagoko defizita, eta, kopuru hori gainditzen badu, Bruselaren gainbegiradapean geratuko da; bigarrenik, zorrari ere muga bat jartzen dio —BPGaren %60—, eta hori gainditzen dutenak behartu egiten ditu urtero zor gehigarri horren zati bat kitatzera —eta gastu publikoa milaka milioi batzuk txikitzera—.

Arau hori oso gutxitan bete izan da historikoki, EBko bi kide boteretsuenak ere—Alemania eta Frantzia— bekatarien artean izan direlako, besteak beste. Baina arau hausleak beste batzuk izan direnean, oso estu hartu dituzte bide onera itzultzeko, eta Bruselaren gomendioei men egin behar izan diete.

Egonkortasun Itunaren erreforma eztabaidagai ze koronabirusa agertu aurretik ere, baina pandemiak jokalekua aldatu du. Berez, COVID-19aren kalteei aurre egiteko EBk hartutako lehen erabakietako bat izan zen itun horren aplikazioa etetea, eta estatu kideei aukera ematea behar zen gastu publiko guztia egiteko, osasun eta gizarte kalteak txikitzeko. Aukera ederki baliatu dute gehienek, eta, azken datuen arabera, 1,36 bilioi euro handitu dute zor publikoa; %12,3, alegia.

Inbertsio berdeekin zer?

Ikusteko dago itun berria noiz aplikatuko den. 2022an ere etenda egongo da, baina urtea amaitu aurretik testu berria prest ez badago zaharra ezartzea nahi dute iparraldekoek; hegoaldekoek, berriz, uste dute hobe dela testu berria egon arte ezer ez aplikatzea.

Erabaki beharreko beste kontu bat da zer salbuespen izango dituen itun berrituak. Trantsizio energetikoan eta klima aldaketaren aurkako borrokan egindako inbertsio batzuk gastu gisa ez zenbatzeko eskatzen ari dira eragin handiko think tank batzuk, eta horrekin ados dira zenbait gobernu ere. Drombrovskisek aitortu zuen aukera hori egon badagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.