Olinpiar Jokoetan ez da publikorik egongo: hala erabaki zuen atzo Antolaketa Batzordeak, Tamayo Marukawa Japoniako Gobernuko Jokoetarako ministroak jakinarazi zuenez. Azken egunetan koronabirus kasu positiboetan Tokion izandako gorakadaren ondorioz hartu dute erabakia, eta behin betikoa da; ez du atzera bueltarik.
Herenegun 920 kasu positibo atzeman zituzten hiriburuan, eta atzo, 896. Maiatzaren erdialdeaz geroztik izandako kopururik handienak dira, eta Gobernuak larrialdi egoera ezarri du herrialdean, abuztuaren 22ra arte. Laugarrena da osasun krisiak eztanda egin zuenetik, eta Jokoak bete-betean harrapatu ditu.
Aldi horretan jokatuko dira Olinpiar Jokoak. Uztailaren 23an ekingo diete, gaur zortzi, eta abuztuaren 8an amaituko dituzte. Egoeraren azterketa egiteko bilkura egin zuten atzo Japoniako Gobernuak, Jokoen Antoketa Batzordeak, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak, NPB Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak, eta Tokioko Metropoli Agintaritzak: publikoari ateak ixtea onetsi zuten.
Herenegun, Hokaiddo uharteko eta Sapporo hiriko agintariek herritarren joan-etorriak murriztea erabaki zuten, infekzio arriskua gutxitzeko. Aldi berean, Naomichi Suzuki Hokkaidoko gobernadoreak Antolaketa Batzordeari eskatu zion 20 eta 50 kilometroko eta maratoiko probetako kaleko ikusle kopurua murrizteko. Han jokatuko dira proba horiek, hain zuzen ere, abuztuaren 5ean eta 8an.
Ikuslerik gabe aritzeko erabakia beste neurri batzuen segida da. Ekainean, estadioetako publiko kopurua 10.000 lagunera mugatzea erabaki zuten, eta martxoan, Japoniaz kanpoko zaleei ukatu egin zitzaien Olinpiar Jokoetara bidaiatzeko aukera.
Olinpiar zuzia gaur ailegatuko da Tokiora. Metropoli Agintaritzak jakinarazi du hiriko kale nagusienak ibilbidetik kenduko dituztela, eta ikuslerik gabe egingo dutela bidea. Gainera, zuzia eramateko aukeratutako 1.300 lagunei kendu egingo diete aukera hori, eta erreleboak emateko ekitaldiak ateak itxita egingo dituzte.
Oztopoz oztopo doa Joko hauen antolakuntza, pandemiak bete-betean harrapatu dituelako. Erabakirik gordinena iaz hartu behar izan zen: kirol munduko ekitaldirik garrantzitsuena atzeratu egin behar izan zuten. Urtebete geroago ere, arazoak ez dira konpondu, eta azkeneko erabaki honek hainbat ondorio izango ditu Jokoetan. Deigarriena izan daiteke, lehendabizikoa eta ikusgarria izaten delako, hasiera ekitaldian ikuslerik ez izatea zuzenean ikusten. Ikusteko dago, halaber, kirolariek zuzenean ikusteko aukera izango duten, gerta daitekeelako soilik agintariek izatea han egoteko aukera.
Aurreikuspen txarrak
Jokoak segurtasun erabatekoarekin egingo direla ziurtatzen dabiltza NOB eta Jokoen Antolaketa Batzordea, baina Japoniako herritarrak ez dira iritzi berekoak. Ezbaian jartzen ari dira egokia ote den bi Jokoak (Paralinpikoak barne) egitea, eta kezka hori berresten die Gaitz Kutsakorren Institutua zabaltzen ari den datu sortak: neurri zorrotzik hartu ezean, eguneko positibo kasuak 1.500etik gorakoak lirateke uztailaren amaieran, eta 2.000koak abuztuan. Institutuak dio horrek herrialdeko osasun sistema kolapsatzea eragin dezakeela.
Olinpiar Jokoak ikuslerik gabe egitea erabaki dute antolatzaileek
COVID-19aren positibo kasuak ugaritu egin dira Tokion, eta larrialdi egoera ezarri dute hiriburuan, osasun krisia hasi zenetik laugarren aldiz. Japoniarrak kezkatuta daude Jokoak egin egingo direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu