Aldaketa izango da Ekuadorko presidentetzan, eta bankari ohi batek hartuko du kargua. Guillermo Lasso eskuineko hautagaiak botoen %52,5 eskuratu ditu presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, eta, aurreikuspenen aurka, gailendu egin zaio faborito nagusia zenari, Andres Arauz UNES Itxaropenerako Batasuna alderdiko hautagaiari, Rafael Correa presidente ohi erbesteratuaren ildo politikoak bozetan izan duen ordezkariari.
Lehen itzulian lortutako garaipena ezin izan du bigarrengoan berretsi Arauzek. Boto gehien lortu zuen hautagaia izan zen lehen aldi hartan, botoen %32,31 eskuratuta. Ez zuen bigarren itzulia eragotzi, ordea, horretarako beharrezkoa baita botoen erdiak, gutxienez, lortzea. Bigarren hautagaia izan zen Lasso, eta, horrenbestez, UNESeko hautagaiarekin batera bigarren itzulira igaro zena.
Lehia horretatik kanpo geratu zen, gutxigatik, Yaku Perez Pachakutik mugimendu indigenaren hautagaia. Iruzurra salatu zuen Perezek, eta, ordainetan, bigarren itzulian baliogabe bozkatzeko deia egin zuen mugimendu indigenak. Azuay herrialdeko bozkaleku batean eman zuen botoa Perezek. Bi hautagaien izena zuen paperaren gainean, eta hizki gorriekin mezu bat idatzi zuen: «Yaku, erresistentziaren presidentea». Botoen %16,29 baliogabetu zituzten guztira. Lassoren eta Arauzen artean aukeratzea «ezinezkoa»zela adierazi zion Perezek berripaper honi joan den larunbatean: «Nikolas II.aren ala Iosiv Stalinen alde bozkatu erabakitzearen parekoa litzateke». Boto baliogabeen kopurua —%19,3 txikiagoa da hautagai indigenak lehen itzulian jasotako babesa baino %16,29—, eta horrek agerian utzi du haren jarraitzaileetako batzuek Lassoren alde egin zutela.
Oraindik zenbatzeke daude boto guztiak, baina igandean bertan bere burua garailetzat jo zuen Lassok. «Ekuadortarrek norabide berri bat aukeratu dute, azken hamalau urteetako Ekuadorrek izan duenaren oso desberdina», adierazi zuen.
Izan ere, Correak Ekuadorren sustatutako ezkerreko politiken aurkako diskurtso irmoa du politikari kontserbadoreak. Merkataritza librea sutsuki defendatzen du, eta hauteskunde kanpainan «urgentziazkotzat» jo zuen Ekuador Pazifikoko Aliantzako kide izatea. Egun, Kolonbiak, Mexikok, Peruk eta Txilek osatzen dute merkataritza talde hori. Baliabide publikoak «neurrigabe xahutzea» egotzi izan dio gobernuari, eta diskurtso hori elikatu du pandemiak herrialdean eragindako kalteen datuekin. Horren aurrean, bere legealdiko lehen ehun egunetan bederatzi milioi lagun txertatuko dituztela hitzeman du. Oligarkia ekonomikoen eta enpresarien aldeko neurriak hartuko dituela ere iragarria du, onura fiskalak eta %1eko interesa duten kredituak emanez, besteak beste.
Correismoaren aurrean alternatiba izateko hautagai moduan aurkeztu izan du bere burua Lassok, eta horrek aukera eman dio oposizioa batzeko. Aurkakotasun horretan ardaztu zuen hauteskunde kanpaina, aurreko bi hauteskundeetan egin moduan. Azkenean, hirugarrenean lortu du bere helburua.
Hegemonia aldaketa
Presidente kargua baino gehiago eskuratu du Lassok; correismoari nagusitasuna kentzea lortu du. Belgikan dago erbesteratuta Correa, Ekuadorko Gorte Nazionalak zortzi urteko espetxealdiarekin eta 25 urteko inhabilitazioarekin zigortu baitzuen, eroskeria egotzita. Alabaina, sarritan esan izan du itzuli egingo dela, eta emaitzak bere hautagaiaren aldekoak izateak horretarako bidea erraz zezakeen ustea hedatzen hasia zen. Correak berak sustatu zuen Arauzen hautagaitza, eta haren itzala nabarmena izan da hauteskunde kanpaina osoan, baina ez nahikoa mugimendu politiko horren segida bermatzeko.
Emaitza «estropezu» gisa definitu zuen Arauzek, baina inolaz ere ez «porrot politiko» gisa. «Gaurkoa ez da amaiera, botere herritarra eraikitzeko etapa berri baten hasiera baizik», adierazi zuen bere jarraitzaileen aurrean. Halaber, ohartarazi zuen adi egongo direla, «estatua ez dezaten erabil pribilegiodun bakan batzuen mesedetan».
Lasso zoriondu zuen Arauzek, garaipenagatik, eta hala egin zuen Correak ere. «Zorte ona» opatu zion, Twitter bidez. Autokritika ere egin zuen, eta kalkulu okerrak egin zituztela aitortu: «Irabaziko genuela uste genuen, baina gure aurreikuspenak okerrak ziren».
Hego Amerikako zenbait herrialdetan ezkerra berriz ere agintera iristen ari denean jaso du porrota Arauzek. Joera hori aprobetxatu nahi zuen haren alderdiak ere, hegoaldeko zenbait herrialdetan izandako garaipenen haizeak bultzatuta; kirchnerismoarenak Argentinan eta Luis Arcerena Bolivian, besteak beste. Ez du olatu horrekin bat egiterik izan, ordea, eta mugimendu indigena haren alde kokatu ez izana da arrazoietako bat. Berriz agintera itzultzeko, Correaren mugimenduarentzat gakoa izango da datorren legealdian indigenekin aliantzak jostea.
Orain arte izan duena baino ordezkaritza handiagoa izango du parlamentuan Pachakutik mugimenduak, gainera. Bigarren indarra izango da, UNESen aurretik, 27 parlamentarirekin. Bigarren itzulira igaro ez arren, «historikotzat» jo dituzte hauteskundeak alderdiko ordezkariek.
Eskuina correismoari gailendu zaio Ekuadorren, boto baliogabeez baliatuta
Guillermo Lasso kontserbadorea izango da presidente, Andres Arauz UNESeko hautagaiari gailenduta. Baliogabe bozkatzeko deia egin zuen mugimendu indigenak, eta mesede egin dio horrek eskuineko hautagaiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu