EAEko herritar guztientzako oinarrizko errenta eskatu dute, 270-900 euro artekoa

Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute herri ekinaldi legegilea. Proposamena aurkeztu dutenek errenta unibertsala eta baldintzarik gabekoa aldarrikatu dute

Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu zuten herri ekinaldi legegilea, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako eta giza eskubideen aldeko borrokan lanean ari den herritar talde batek baldintzarik gabeko oinarrizko errenta eskatzeko HEL herri ekinaldi legegilea abiatu du. Atzo goizean erregistratu zuten proposamena Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Eskaera lege bihurtzeko lehen urratsa da hori. Ekinaldiaren sustatzaileek legez bermatu nahi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar orok gutxieneko errenta bat jasotzea. Hau da, proposatu dute 18 urte baino gehiagoko herritarrentzat 900 eurokoa izatea errenta; 14 eta 18 urte bitartekoentzat 450 eurokoa, eta 14 urtetik beherakoentzat 270 eurokoa (errenta osoaren %30).

Adierazi dute errenta hori indibiduala, unibertsala eta baldintzarik gabekoa izango litzatekeela, eta Jaurlaritzaren aurrekontuen bitartez finantzatuko litzatekeela. Proposatu dute, gainera, «eskubide subjektiboa» izatea; hori horrela, «osasuna eta hezkuntza bezala, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan eragina izan dezakeen edozein zirkunstantziaren aurrean gailenduko litzateke». Diru sarrera hori EAEko pobrezia mailaren araberakoa litzateke; inoiz ez muga hori baino txikiagoa. Horrez gain, Kontsumo Prezio Indizearen arabera eguneratuko litzateke urtero betiere, KPIa zero baino handiagoa bada.

Sustatzaileek azpimarratu dute baldintzarik gabeko oinarrizko errentak ez lukeela egungo ongizate estatua osatzen duten eskubideetan murrizketarik edo galerarik ekarriko; aitzitik, eskubide berri bat izango litzatekeela adierazi dute. «Hezkuntza edo osasun sistema publikoak babestutako oinarrizko eskubideak eta eskubide unibertsalak diren bezala, baldintzarik gabeko oinarrizko errentak eskubide berri bat gehituko lieke pertsona guztiei, hileko diru sarrera unibertsal eta baldintzatu gabeko baten bidez, pertsona guztiei bizitza duina izateko baldintza material nahikoak ahalbidetzeko», esan du Bego Oleaga bozeramaileak.

Nabarmendu dute baldintzarik gabeko diru sarrera ez dela «utopia bat». Izan ere, iritzi diote zerga erreforma baten bidez bideragarria dela gastu horri aurre egitea. «Oinarrizko Errenta Sareko kideek aztertu dituzten finantzaketa ereduek dagoeneko egiaztatu dute PFEZaren erreforma baten bidez baldintzarik gabeko oinarrizko errenta guztiz onargarria izango litzatekeela aurrekontuei dagokienez». Horretarako, baina, borondate politikoa behar dela gogorarazi dute: «Kontua ez da posible den ala ez. Kontua da nahi den ala ez».

Pobrezia amaitu eta pertsona guztien eskubideetan aurrera egiteko «tresna berri bat» eskuratzea da herri ekinaldiaren helburua; «txerto berri bat» lortzea, finean, lege berri bat onartzea. Izan ere, adierazi dute EAE «aitzindaria» izan zela bere garaian gutxieneko errenta bermatuak eta baldintzatuak onartzean, baina uste dute tresna horiek dagoeneko ez dutela balio. «Emaitzak eskasak izan dira; eredu horrek porrot egin du». Horregatik, neurri berriekin ordezkatu behar direla jasotzen du proposamenak, «pertsona guztiei bizitza duina izateko baldintzak material nahikoak ahalbidetzeko».

Izan ere, adierazi dute diru sarrera horri esker herritarrek autonomia handiagoa izango luketela beren lan baldintzak negoziatzeko gaitasuna izateko, edo lan denbora non inbertitzen duten aukeratzeko, besteak beste.

Sinadura bilketa

Proposamena behin Eusko Legebiltzarrean erregistratuta dagoela, ganberako mahaiak aztertu eta erabakiko du herri ekinaldi legegilea tramiterako onartu edo ez. Onartuko balu, sinadurak bildu beharko dituzte sustatzaileek gutxieneko babes herritarra adierazteko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.000 sinadura bildu beharko dituzte gutxienez, ondoren Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu ahal izateko.

Bada, gizarte zibileko erakundeei eta ekinaldian interesa duten norbanakoei bat egiteko eskatu diete sustatzaileek. «Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta batekin pertsona guztiok irabazten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.