Aldatu ala hil. 2050. urtean karbonoan neutroa izatea dauka goiburu Europako Itun Berdeak, eta Europako Batasunak bere buruari ezarritako helburu horretarantz joan behar dute herrialde, ekonomia eta sektore guztiek. Petrolio findegiek izan dezakete etorkizunik karbono isuri txikiko etorkizun horretan? Galdera horri erantzutera datoz atzo Repsolek aurkeztutako bi egitasmoak.
Bi lantegi eraikiko ditu Petronorrek Bilboko portuan, teknologiak probatzeko. Batetik, teknologia berrien probaleku izango den fabrika, non karbonoan neutroak izango diren erregai sintetikoak ekoitziko dituzten. Horretarako, bi lehengai izango dituzte: iturri berriztagarrietako argindarrarekin uretatik elektrolisi bidez lortutako hidrogenoa, eta Muskizko findegian sortzen den karbono dioxidoa.
Gerora fabrika horrek inguruko enpresek eta lantegiek —altzairutegiek eta abarrek— sortutako CO2 erabiltzeko aukeraz, oraingoz Petronorren isuriak hartuko dituela zehaztu zuen Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak. «Baina teknologia zabaltzen den heinean gauza izango ginateke beste industria sektoreen isuriak hartzeko eta erabiltzeko, eta, ondorioz, industria horiei irtenbide bat emateko deskarbonizatutako ekonomia batean».
60 milioi euroko inbertsioa eskatuko du lantegi horrek, eta lau urteren buruan lanean ariko da, egunean 50 upel erregai likido sintetiko ekoitziz. Beste ekoizpen bat ere aterako da lantegi horretatik, enafta direlakoak —deskarbonizatutako naftak—, kimika industrian eta lubrifikatzaile gisa erabiliko direnak.
Imazek azaldu zuen teknologia hori garatzeko Repsolek Saudi Aramcorekin akordioa daukala. Lantegiaren garapenean, berriz, Petronor bera eta Energiaren Euskal Erakundea izango ditu bazkide.
Lantegi horren ondoan bestebat eraikiko dute Bilboko portuan. 20 milioi euroko inbertsioarekin, pirolisi instalazio bat egingo dute, hiri hondakinetatik gasa ateratzeko, zeina gero erabiliko den Muskizko findegian, gaur egun erabiltzen diren erregaien zati bat ordezkatzeko.
Hiri hondakinak nondik etorriko diren galdetuta, Imazek esan zuen negoziatzen ari direla, etazehaztu zuen kartoiak, paperak, plastikoak eta oihalak izango direla, eta aurrez prozesatuta iritsiko dira lantegira, gai inerte gisa.
Imazen arabera, proiektua aitzindaria da Europan. Halako erregaiak ekoizten dituen lantegi handienetakoa izango da, eta uste du «bidea erakusten duela, deskarbonizazioa egin daitekeela gure industria bermatuz eta berrituz». Repsolek askotan eskatu du energia politika erabakitzeko kontuan hartzea gaur egungo industriaren ahalmena eta neutraltasun teknologikoa, hau da, ez baztertzea teknologiarik trantsizio energetikorako.
«Etorkizuneko Petronor»
Imazen arabera, «trantsizio energetikoaren bidean gure industria ehunarekin bateragarriak diren irtenbideak behar ditugu, ehun hura berrituz, eraldatuz, bermatuz ekarpena egingo dutela ekonomia suspertzeko, eta egungo enplegua mantentzeko. Industria eraldatu behar dugu, baina garenetik abiatuta. Krisi honek erakutsi du industria inoiz baino beharrezkoagoa dela, industriako enplegua mantentzea beharrezkoa dela».
Imazek uste du proiektuak Petronorren etorkizuna bermatzera datozela. Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurrarentzat, berriz, iragartzen dute «etorkizuneko Petronor» zer izango den. «Pandemia honetan sortu diren galdera unibertsalei erantzutera datoz. Zein mundutan nahi dugu bizi? Zein rol jokatuko dugu? Petronorrek inbertsio arduratsuarekin erantzuten die, jasangarritasuna bihotzean, errentagarritasun ekonomiko eta soziala zainetan eta Itun Berdea memorian».
Karbonoan neutroak diren erregai sintetikoak egingo ditu Petronorrek
Bilboko portuko lantegiak argindar berriztagarriarekin lortutako hidrogenoa eta findegiko CO2a erabiliko ditu. Beste lantegi batean hiri hondakinak eraldatu eta findegirako gasa sortuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu