Madrilek hirugarren gradua eman die hiru euskal presori

Jagoba Codo, Fernando Alonso eta Xabier Agirre EPPK-ko kideei aldatu diete gradua Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez

Erredakzioa
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Espetxe Erakundeek hirugarren gradua eman diete hiru euskal presori: Jagoba Codori, Fernando Alonsori eta Xabier Agirreri. Hirurak ere EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak dira. Alonso Villabonan dago (Asturias, Espainia), Euskal Herritik 345 kilometrora, eta Codo eta Agirre Logroñon (Espainia), 170 kilometrora. Codok gaixotasun larri bat du.

Espetxe Erakundeek nabarmendu dutenez, hirurek bete dituzte zigorren hiru laurdenak, indarkeriarekiko arbuioa adierazi dute, baita eragindako kaltea eta espetxe legezkotasuna aitortu ere, eta, beraz, irizpideak betetzen dituzte hirugarren gradura igarotzeko.

Barne eztabaidaren ondorioz EPPK-k 2017an hasitako bidetik, orain arte kolektiboko hiru kide pasatu zituen Madrilek hirugarren gradura: iazko otsailean, Xabier Sagardoi —apirilean aske geratu zen—; ekainean, Jose Angel Otsoa eria —uztailean baldintzapean libre geratu zen, eta urrian hil egin zen—; eta aurtengo urtarrilean, Gorka Fraile eria —hil honetan libre geratu da, baldintzapean—.

Sare herritar plataformak esan du «berri positiboa» dela hirugarren gradua ematea. «Preso orok du progresio hori egiteko eskubidea, eta progresio hori da etxeratze prozesua abian jartzeko egin beharreko urratsa eta bidea. Oraindik orain, euskal presoen gehiengoak ez du graduen progresio hori egiteko aukera eskuratu, baldintzak bete arren. Horregatik, berri honen aurrean, gainontzeko euskal presoei ere bide hau egiteko aukerak ezartzeko eskatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.