Eusko Jaurlaritzak Euskaltelen akzioak erosteko aukera berretsi du

Arantxa Tapiak «lasaitasuna» eskatu du, Zegonak oraindik gehiengorik ez duela eta. ELAko idazkari nagusiaren iritziz, telekomunikazio konpainiarena «aspaldian izandako engainurik handiena» da

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua, atzo, Donostiako Tabakaleran. IREKIA.
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Aukera mahaiaren gainean daukatela eta aztertuko dutela esan du, berriz ere, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. Euskaltelen akziodunen artean «gutxieneko batekin» sartzeko aukera aztertzeko prest dago Gasteizko gobernua, «baldin eta gobernuaren presentzia eskatzen bada alderdi jakin batzuk bermatzeko». Jaurlaritzak iaz 125 milioi euroko funts bat sortu zuen konpainia estrategikoen akzioak erosteko, eta CAFen %1,24 erosi zituen. Nahi izanez gero, funts hori erabil dezake Euskaltelen sartzeko.

Herenegun, BBK fundazioko presidenteak adierazi zuen euskal telekomunikazio konpainian sartzeko aukera aztertzen ari direla —Kutxabanken jabe handiena da fundazioa, hark kontrolatzen baitu bankuaren %57—, eta iragarri zuen BBK-k baduela 70 milioi euroko egonkortasun funts bat horrelako inbertsioak egiteko.

Erresuma Batuko Zegona inbertsio funtsa Euskalteleko akziodun nagusi bihurtzeak ezinegona eragin du hainbat eragile ekonomiko, sozial eta politikotan, telekomunikazio konpainiaren erabakigunea eta errotzea Euskal Herritik kanpo joateko arriskua zabal daitekeelakoan. Zegona Euskaltelen akzioak erosten ibili da merkatuetan, eta jabetzaren %20,94 dauka orain; Kutxabankek, %19,88.

Herenegun Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskaltelen estatutuen «%75en blindajea» erabili zuen argudio moduan, Cebek patronalak, ELA sindikatuak eta EH Bilduk agertutako kezkak eta kritikak baretu nahian. Argudio berari eutsi zion atzo Tapiak ere, esanez Euskaltelen estatutuek gutxienez akziodunen %75eko babesa eskatzen duela «erabaki garrantzitsuak» hartzeko, eta erabaki horien artean aipatzen ditu, besteak beste, egoitza soziala, jarduera eta giza baliabideak EAEtik kanpora lekualdatzea.

«Lasaitasun pixka batekin hartu behar dira gauzak. Erabakiak ez dituzte akziodun batek edo bik hartzen», adierazi zuen Tapiak. «Eta inork ez dauka %51. Akzioen %21 ez dira akzioen %51», gaineratu zuen.

Estatutuek aldaketa garrantzitsuak egiteko ezartzen duten gutxieneko %75 hori gakoa izan daiteke euskal erakunde publikoen kontrolpeko parte hartzea kalkulatu ahal izateko, ziurtatzeko Zegonak ez duela lortuko kopuru hori gainditzea.

%5,13ren faltan

Gaur-gaurkoz, Kutxabankek akzioen %19,88 dauzka; beraz, beste %5,13 egon beharko lirateke euskal instituzioen edo haren gertuko erakundeen eskuetan, ziurtatzeko Euskaltelen ez dela «aldaketa garrantzitsurik» egongo. Oraingoz, BBK fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak adierazi dute publikoki Euskaltelen akzioak erosteko aukera aztertzeko borondatea, nahiz eta oraingoz neurri zehatzik hartzeko iragarpenik ez egin.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, edonola ere, ez da fio Euskaltelen estatutuen %75aren argudioaz. «Hasteko, estatutu horiek aldatu egin daitezke, eta hori arrisku bat da. Eta, horrez gain, karikatura hutsa da Euskaltelen eragina soilik egoitza sozialera mugatzea, hau da, presentzia fisikora. Guztiaren kontrol publikoa galdu da, goitik behera».

Atzo Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Lakuntzak gogora ekarri zuen Euskaltelen sorreran konpainiaren kontrol publikoa %100ekoa zela, Jaurlaritzaren eta aurrezki kutxen bidez. «Orain, akzioen %80 kapital pribatuaren eskuetan daude, funts putreen eskuetan, eta horiek interes asko izaten dituzte, herrialdeko errotzea ez bestelako interesak».

ELAko lemazain berriak uste du Euskaltelena «azken urteetan herrialde honetan izandako engainurik handienetako bat» dela. «Pribatizazio, desinbertsio eta politika industrial txar baten kronika bat», Lakuntzaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.