«240 langileren etorkizuna kolokan dago; egoera jasanezina da»

Autoglas enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago, likidazio fasean, eta zalantzan dago haren geroa. Langileek Guardian multinazionala jo dute erruduntzat, enpresaren salmenta blokeatu duelako

Autoglas-Glavistako eta Guardianeko langileek elkarretaratzea egin zuten goizean lantegiaren aurrean, egoera salatzeko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Laudio
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Dozenaka beharginen lanpostuak kolokan daude ostera ere Aiaraldean. 240, zehatzago esateko. Laudioko (Araba) Autoglas enpresako langileak dira oraingoan lana galtzeko arriskuan daudenak; garai batean Glavista zena hartzekodun konkurtsoan baitago, likidazio fasean, eta lantegia saltzeko negoziazioak ez atzera ez aurrera daude. «Gure lanpostuak kolokan daude; muturreko egoeran gaude, eta egoera jasanezina da dagoeneko», ohartarazi dute langileek.

Elkarretaratze eta manifestazio jendetsuak egin zituzten atzo egoera salatzeko. Izan ere, iazko maiatzetik daude langileak aldi baterako erregulazioan, enpresarekin zer gertatuko zain, eta urte hasieratik hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoan. Orduz gero ari dira autogintzarako beirak ekoizten dituen fabrikaren itxiera saihesteko borrokan.

Egoera konpontzekotan izan zen orain aste batzuk, lantegia erosteko eskaintza bat jaso zutenean. Baina negoziazioak etenda daudela eta, mobilizatzeari ekin diote berriz. «Lanean hasiko ginela ematen zuen duela hiru aste, baina epea amaitzeko hamar egun falta zirenean Guardianek jarrera aldatu zuen ezustean; uko egin zion enpresaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren lursailak saltzeari, eta salmenta etetea erabaki zuen», azaldu du Aitor Merino langile batzordeko kideak (ELA).

Guardian errudun

Guardian multinazionalaren adar bat izan zen Glavista, harik eta 2020an autogintzari lotutako negozioa Parter Capital Suitzako inbertsio funts bati saldu zion arte. Lantegiaren lurrak, halere, Guardianenak dira oraindik, eta hura da Glavistaren hartzekodun nagusia ere. Horregatik, langileek multinazionala jo dute egoeraren arduraduntzat. «Argi dago AEBetatik datorren erabakia dela, baina ez dakigu zergatik aldatu zuen jarreraz azken orduan. Informazio horixe falta zaigu puzzlea osatzeko», gaitzetsi du Merinok.

Edonola ere, langileek argi dute Glavistaren salmenta «erabakigarria» izan zela lantegiarentzat: «Bagenekien Guardianek urteak zeramatzala Laudioko autogintzaren negozioa saldu nahian; mundu guztian saldu baitu negozioaren adar hori. Baina, aldez aurretik abisatu gabe eta ustekabean egin zuen». Merinok adierazi duenez, berehala piztu zitzaizkien zalantzak. Izan ere, irregulartasunak atzeman zituzten beste erosketa prozesu bati lotuta dago funtsa, eta ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Gorena.

Baina aurrera jarraitu zuten, eta «hilabete batzuetan ere dirua irabazi zuen enpresak». Baina pandemiak lehenik, eta lehengaien eta energiaren prezioak garestitu izanak ondoren, enpresan bideragarritasuna zaildu zuten. Eta, langileek azaldu dutenez, funtsak ez zuen horri aurre egiteko neurririk hartu, ezta dirurik ipini ere. «Ekaitz perfektua izan zen, eta horrek ekarri gaitu egungo egoerara: enpresak porrot egin du, eta 17-18 milioi euroko zorra dauka», azaldu du Merinok.

Edonola ere, eta egoera zaila izan arren, ez dute dena galdutzat ematen; are gutxiago, jakinda enpresa erosteko aukera zabalik dagoela. Konkurtsoa kudeatzen duen epailearen oniritzia du proposamenak, gainera, eta erakundeek ere begi onez ikusi dute. «Eroslea erosteko prest dagoen bitartean zabalik jarraituko du prozesuak», esan du Merinok.

Irailaren 30a, azken eguna

Epeak murriztuz doaz egunetik egunera, ordea. Irailaren 30a baitute zirt edo zart egiteko azken eguna. Marra gorri hori adostu dute konkurtso administratzailearekin: «Ezin da gehiago luzatu; jasanezina da guztiontzat», argudiatu du. Bitartean mobilizatzen jarraituko dute, uda horretarako sasoirik egokiena ez dela badakiten arren. «Gure kasua ezagutarazten jarraitu behar dugu, erakundeek ere presio egin dezaten, Guardianek salmenta baimendu dezan eta etorkizun bat izan dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.