Aspalditik zeuden gaiztotuta Wagner mertzenario taldearen buruzagitzaren eta Errusiako Defentsa Ministerioaren arteko harremanak. Mosku talde paramilitar horren bidez ari da borrokatzen Bakhmuten (Donetsk), azken hilabeteetako batailarik ikonikoenean, eta horren buru Jevgeni Prigozhinek behin baino gehiagotan kritikatu du Sergei Xoigu Defentsa ministroa, behar adina munizio ez ematea egotzita. Gudu horren balio sinbolikoa argi egonagatik, analista militarrak ez datoz bat hiria hartzeak zer garrantzi estrategiko izan dezakeen. Wagnerreko ugazabak martxoan ohartarazi zuenez, paramilitarrek Bakhmuten atzera egingo balute, fronte guztia «desegingo» litzateke. Bada, besteak beste munizio gabezia argudiatuta, datorren asteazkenean handik erretiratzeko mehatxua egin du Prigozhinek.
«Wagnerren unitateak Bakhmutetik erretiratuko ditut, zentzurik gabeko heriotzara kondenaturik baitaude munizio gabeziagatik», nabarmendu zuen atzo Telegrameko bere kanalean publikatutako bideo batean.Kremlini oroitarazi zion munizioa ez emanda garaipena ukatzen diotela Errusiari. Behar dutenaren %30 dute, Prigozhinen hitzetan. Xoigu eta armadako Estatu Nagusiko buru Valeri Gerasimov izan zituen jopuntuan. Hain zuzen, Defentsa ministroak asteartean iragarri zuen neurriak hartu dituztela arma ekoizpena handitzeko; jakinarazi zuen, hori bai, urtea amaitu bitartean Errusiak nahikoa munizio baduela borrokatzeko.
Bakhmutetik erretiratzeko mehatxua egin baino ordu batzuk lehenago, Wagnerreko buruak beste bideo bat plazaratu zuen, eta Xoigu eta Gerasimov iraindu zituen. Irudietan, gorpu batzuk ageri dira, ilaran. «Hauek dira gaur hil diren mutilak; odola freskoa dago oraindik», argitu zuen mertzenarioen buruak, gorpuen ondotik pasatzean. Haren esanetan, talde paramilitarreko 116 kide hil ziren herenegun borroketan, eta iruditzen zaio eskatutako munizioa izan balute ez zela hori gertatutako. Horren guztiaren harira, AEBetako zerbitzu sekretuek jakinarazi dute asteon Errusiako indarretako 20.000 kide inguru zendu direla gerra frontean azkeneko bost hilabeteetan, eta erdiak Wagner mertzenario taldeko kideak zirela.
Wagnerreko buruak egindako iragarpenaz galdetu zioten Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovi atzo, egunero egiten duen prentsaurrekoan, baina ez zuen erabakiaz hitz egin.
Bestalde, asteazken goizaldean Kremlinen gertatutako leherketen harira, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak atzoko ekitaldi publiko batean adierazi zuen Moskuk «ekintza zehatzekin» erantzungo duela. Errusiako Gobernuak AEBei eta Ukrainako Gobernuari egozten die bi dronerekin egindako erasoaren atzean egotea. Kievek eta Washingtonek, ordea, ukatu egin dute, eta, are, gertatutakoa aldez aurretik prestatzea egotzi diote Moskuri, hala aurreragoko erasoak justifikatu ahal izateko.
Gerra Ukrainan
Asteazkenean Bakhmutetik ateratzeko mehatxua egin dio Wagnerrek Moskuri
Jevgeni Prigozhin talde paramilitarraren buruzagiak munizio gabezia argudiatu du erretiratzeko erabakia hartzeko. Errusiako Defentsa ministroa eta armadaren Estatu Nagusia iraindu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu