Parke teknologikoak handituko dituzte, 160 enpresa erakartzeko asmoz

Jaurlaritzak 126 milioi euroko inbertsioa egingo du, txiki gelditzen ari direlako. Bilbon eta Hondarribian parke berriak eraikitzea aztertzen ari da

Zamudioko parke teknologikoa, airetik ikusita. Eraikin berriak eraikiko dituzte han. IREKIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Zamudio
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parke teknologikoek toki gehiago behar dute. Azpiegituren hiru laurden okupatuta daude, eta Jaurlaritzak hiru urteko plan bat abian jarriko du haiek handitzeko. 126 miloi euroko inbertsioa egingo du bost eraikin berri egin eta beste hiru handitzeko. Asmoa da beste 160 enpresa erakartzea, eta lehiakorrak izateko azpiegiturak ematea.

«Behar duguna zabaldu behar dugu. Egun parkeak ez daude lepo, baina okupazio maila oso handia dute», azaldu du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak planaren aurkezpenean. Datuek arrazoia ematen diote, Gipuzkoako parkeetan azpiegituren %94 okupatuta baitaude: Bizkaikoetan, %77, eta Arabakoetan, %65. Lurzoruei dagokienez, berriz, %77koa da okupazioa. Horiek hala, hiru lurraldeetako parkeak handituko dituzte. Are gehiago, parke berriak eraikitzeko ikerketa lanak egiten ari dira Zubieta industriagunean (Hondarribia, Gipuzkoa) eta Zorrotzaurre uhartean (Bilbo). Iazko urte amaieran 580 enpresa zeuden hiru parkeetan, eta 19.472 pertsonak egin dute lan. Azken hamar hilabeteetan kopuru horiek handitu egin dira.

ARABAKO PARKEA
Lur asko

Azalerari dagokionez, Miñaokoa da gehien handituko den parkea. 740.000 metro koadro handituko da —148 futbol zelai egiteko adina—, eta 10,2 milioi euro bideratuko dituzte horretarako. Besteak beste, Jaurlaritzak Europako funtsen bidez bultzatu nahi duen Basquevolt autoentzako bateria elektriko gigafaktoriari tokia egiteko da. Abuztuan zabaldu zenez, Jaurlaritzak 2,1 milioi bideratu ditu proiektuak behar dituen orubeak erosteko.

Izan ere, Arabakoa baita azken hilabeteetan okupazio maila gehien handitu duen parkea: iazko urte amaieran %27koa zen, eta egun %65ekoa da. Horren arrazoia da Epsilon Euskadi zenaren eraikina betetzen hasi dela. Egun Marie Curie eraikina deritzonak 13.000 metro koadro ditu, eta hutsik zegoen Epsilon Euskadiren likidazioa amaitu zenetik. Urrian, baina, bi enpresa hasi dira azpiegituraren zati bat erabiltzen: Alisea Esco, energiaren sektorekoa, eta AVS. Azken horrek Elgoibarren du egoitza, eta teknologia aeroespaziala lantzen du.

BIZKAIKO PARKEA
Inbertsiorik handiena

Egun enpresa gehien biltzen dituen parke teknologikoa da, 276 guztira, eta hark jasoko du inbertsiorik handiena: guztira 85 milioi euro bideratuko dituzte lanetara. Beste hiru eraikin eraikiko dituzte, eta Leioa eta Zamudioko guneei Ezkerraldea-Meatzaldeakoa gehituko zaie.

Azken hori Zierbenan dago, eta hidrogenoaren inguruko teknologiak elkartzeko diseinatu zuten. Tapia sailburuak azaldu duenez, 2022-2023 urterako martxan egotea da asmoa. Parkearen eraikin nagusia izango dena amaitzear dago, eta azalera osoaren %40 okupatuta dago. Otsailean eman zuten proiektuaren berri, eta orduan datu bera eman zuten. Besteak beste, jakina da Petronorrek hara eramango dituela bulegoak.

Bilboko Zorrotzaurreko balizko parkeari dagokionez, oraindik zehazteko dago egingo den ala ez. Bideragarritasun ikerketa egiten ari dira egun. Jaurlaritzak legegintzaldi honetan argitu nahi du zalantza hori.

GIPUZKOAKO PARKEA
Beteena

Hiruretan beteena da Gipuzkoako parkea. Egoitzak Miramonen (Donostia) eta Galarretan (Hernani) ditu —159 enpresa guztira—, eta 40.000 metro koadro handituko da 2024ra bitarteko tartean. Horien erdia bi eraikin berriren bitartez egingo dute. Aurrekontua 30,9 milioi eurokoa da.

Eraikin horietako bat gutxienez Galarretako eremuan egongo da. Iragan maiatzean zehaztu zutenez, parkearen ikur berria izango den eraikina izatea espero dute. Horri Hondarribiko aukeraren ikerketa gehitu behar zaio. Eskualdeko ospitalearen alboan dagoen lur sail batean litzateke.

Inbertsio horiekin parkeen sareak 2021-2024 tarteko fakturazioa 95 milioi euro handitzea espero du: 65 milioi Bizkaian; 24,4 Gipuzkoan, eta bost Araban. Arabako proiektuak epe luzeagokoak dira, eta hor datza datu horien arteko desoreka ren arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.