Maria Ressa eta Dmitri Muratov kazetariek irabazi dute aurtengo Bakearen Nobel saria, «adierazpen askatasuna, eta, honenbestez, demokrazia eta bakea babesteko eginiko lanagatik». «Baldintza gero eta zailagoetan» prentsa askatasuna defendatzen duten profesionalen eredu gisa aurkeztu ditu epaimahaiak: «Kazetaritza aske, independente eta oinarridun batek babes gisa funtzionatzen du, boterearen abusuei, gezurrei eta propagandari aurre egiteko».
«Adierazpen eta prentsa askatasunik gabe oso zaila izango da herrialdeen arteko senidetasuna, armagabetzea eta munduko ordena hobeago bat sustatzea», azaldu du epaimahaiak, eta bi kazetariek Errusian eta Filipinetan eginiko «borroka ausarta» goraipatu du. Hala, argudiatu dute estatuen jazarpena jasan duten hedabideetan egin dutela lan biek.
Ressak jatorri filipinar-estatubatuarra du, eta kazetaria eta idazlea da. Besteak beste, Rappler hedabidearen sortzaileetako bat da, eta haren zuzendari exekutiboa. Epaimahaiak adierazi du postu hartatik «botere gehiegikeriak, indarkeriaren erabilera eta autoritarismoaren gorakada» salatu dituela. Lan horiengatik, atxilotu egin zuten 2019an, herrialdeko ziberkrimenaren aurkako legea aplikatuta. Haren eta Rappler komunikabidearen aurkako hamar bat auzi ere irekita daude Filipinetako hainbat auzitegitan.
Nazioarteko hainbat erakundek prentsa askatasunaren aurkakotzat jo zuten kazetariaren atxiloketa, argudiatuta herrialdeko presidente Rodrigo Duterteren jardunaz eginiko kritiken ondorio izan zela; batez ere, «drogen aurkako gerraren» inguruan argitaratutako lanengatik. Gaur egun, Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltza afera hori ikertzen ari da, autoritateek gizateriaren aurkako krimenak egin dituztelakoan; gobernuak aitortu du 7.000 lagun inguru hil dituztela, baina giza eskubideen aldeko erakundeek uste dute askoz gehiago izan direla.
Ressa Time aldizkariaren urteko pertsonen zerrendan ere agertu zen 2018an, besteak beste, Jamal Khaxoggi eta Wa Lone kazetariekin batera, «albiste faltsuen aurka» eginiko lanagatik. Albiste faltsuen kontrako borroka nabarmendu du Nobel saria jaso ostean ere. Besteak beste, sare sozialek halako informazioen gainean duten kontrolik eza salatu du. Haren hitzetan, demokrazia arriskuan jartzen dute halakoek: «Gertaerak eztabaidagarriak diren mundu batean bizi gara, non albiste hedatzaile nagusiek gezurrei lehentasuna ematen dieten». Horiek hala, Ressak nabarmendu du kazetaritza «aktibismo» mota bat bilakatu dela. Sariari dagokionez, berriz, azaldu du izandako «zailtasunei» eginiko errekonozimendua dela: «Filipinetako eta Errusiako kazetari batzuek Bakearen Nobel saria irabaztea egungo munduaren egoeraren erakusle da».
Egunkari kritikoa
Muratov Errusiako Novaya Gazeta egunkariko zuzendaria da 1995etik. Besteak beste, Sobietar Batasuneko azken buruzagi Mikhail Gorbatxovek bultzatu zuen kazetaren sorrera, 1993an, eta ordutik hainbat sari jaso ditu. Hala nola Kazetarien Babeserako Batzordeak «Errusian eragin nazionala duen egunkari kritiko bakar» gisa definitu zuen 2007an, eta Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Saria eman zion Muratovi.
Nobel sariko epaimahaiak, berriz, Errusiako boteredunen ustelkeria kasuen, hauteskundeetako iruzur posibleen eta giza eskubideen urraketen inguruko informazioak argitaratzeagatik txalotu du Novaya Gazeta, eta egunkariko langileen «zintzotasun profesionala» goraipatu du. Era berean, nabarmendu du azken 30 urteetan bertako sei kazetari hil dituztela: besteak beste, Anna Politkovskaia. Haiei eskaini die saria Muratovek, Errusian «adierazpen askatasuna defendatzeagatik» hil zirenei.
Errusiako Gobernuak, Muratovek argitaratutako informazio askoren jomugan egon denak, kazetaria zoriondu du lorpenagatik, eta haren adorea nabarmendu du. «Leiala da bere ideiei. Talentua du, eta ausarta da», azaldu du Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek.
Bakearen Nobel sariaren 102. aldian, 329 hautagaitza aurkeztu dira: 234 norbanako eta 95 erakunde. Adierazpen askatasunaren aldeko kazetariez gain, OME Osasunaren Mundu Erakundea eta ingurumenaren defentsarako ekintzaileak ziren saria irabazteko faboritoetako batzuk. Horiek hala, Ressak eta Muratovek Munduko Elikadura Programari hartu diote erreleboa.
Ressa eta Muratov kazetariek irabazi dute Bakearen Nobel saria
Adierazpen askatasunaren alde egin duten lana txalotu du epaimahaiak. Ressak Filipinetako «drogen aurkako gerra» salatu du. Muratovek Errusiako hainbat ustelkeria kasuren inguruan idatzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu