Tubacexek soka tenkatuko du

Hodigintza enpresak berriz onartu ditu kaleratu asmo zituen 129 langileak, baina ez die utziko lantegietan sartzen. Langile batzordeak bilera du gaur, grebaren etorkizuna aztertzeko

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Tubacexeko zuzendaritzak Amurrioko eta Laudioko (Araba) lantegietako gatazkaren korapiloa are gehiago estutzea erabaki du. Langile batzordeari jakinarazi dionez, EAEko Auzitegi Nagusiak behartuta berriz onartu behar izan dituen 129 langileak ez ditu sartuko lan txandetan. Langile horien izena eman du Gizarte Segurantzan, eta etxean izango ditu soldata kobratzen, baina ez die utziko lantegietan sartzen. Orain 700 langileek zer egiten duten ikusi beharko da. 150 egunetik gora daramatzate greban, eta esana dute, enpresak lan erregulazioa indargabetu zuen sententzia bere osotasunean bete ezean, ez dutela utziko protesta. Batzordeko kideek bilera dute gaur.

ITP Aero PCBk Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan (Bizkaia) harturiko bide bera jarraitu du Tubacexek. Kasu hartan ere, epaileek erregulazioa indargabetu zuten, baina maiatzaren 4az geroztik langileek debekatua dute lantegietan sartzea. Tubacexen, zuzendaritzak dio enpresaren egoera txarra dela, eta horregatik ezin dituela onartu. Enpresaren egoera ekonomikoa aztertu zuten sei epaileek, baina, aurkakoa uste dute, eta ebazpenean argi utzi zuten ez dagoela horrelakorik egiteko arrazoi ekonomiko edo produktiborik.

Lege zirrikitu horrekin Tubacexek ebazpena betetzat eman du. Baina zer dio zehazki? Lantegi bakoitzak berea du, eta ezberdin idatzita daude. Aceralavakoak (Amurrio) zera dio: «Erabakia indargabetu dugu, kaleraturiko langileak berriz hartzeko obligazioarekin eta tramitazio soldaten ordainketarekin». TTIkoa (Laudio), berriz, zehatzagoa da: «Kaleratze kolektiboa indargabetu dugu, eta salaturiko enpresa zigortu dugu kalteturiko langileak berriz hartzera, kaleratze kolektiboaren aurretik zerbitzuak eskaintzen zituzten baldintza beretan, eta kontratuak eten zirenetik jasotzeke dituzten soldaten ordainketarekin».

Zer egin dezakete orain langileek? Enpresak helegitea jarri du Auzitegi Gorenean, eta hura argitzen den bitartean —hamar hilabete inguru izan daitezke—, erabaki dezakete epaia ez gauzatzea. Alegia, kaleratu asmo zituen langileei lan kargarik ez ematea, betiere soldatapean badaude eta Gizarte Segurantzan izena emanda. Langileek erabakia aurkara dezakete, eta EAEko Auzitegi Nagusiari eskatu zehaztu dezala nola gauzatu behar den ebazpena behin-behinean. Ebazpena eman zuten epaileek erabakiko lukete hori.

Eta greba?

Langileek grebarekin zer egin erabaki behar dute orain. Lanuztearen 154. eguna dute gaur, eta esanikoa betetzen badute, ez dute bertan behera utziko. Langile batzordea —ELAk eta STATek launa kide dituzte, CCOOk hiru eta LABeko eta sindikatu independenteko bana— gaur da biltzekoa. Ondoren mobilizazioa antolatu dute, Laudion (18:30).

Batzordeak bilera eskaera egin zion iragan astean enpresari, eta hartan izan zuten haren asmoen berri. Zuzendaritzarekin harremanak «normalizatzeko asmoz» joan ziren kideak, atzo, baina, erantzuna ikusita, «aukera galdutzat» jo zuten. Atsekabez hartu zuten bilera bukatu aurretik enpresaren erabakia hainbat hedabidetan argitaratuta zegoela ikustea. Sindikatuei dagokienez, ELAk salatu zuen zuzendaritzak «gatazkari eustearen alde» egin duela; LABen iritziko, berriz, ez du ebazpena bere osotasunean bete, Jaurlaritzaren «konplizitatearekin».

Enpresak ere balorazioa egin zuen: «normalizazio mahai» bat egituratzeko asmoa duela esan zuen, eta ziurtzat jo zuen Auzitegi Gorenak arrazoia emango diela eta Tubacexen krisiaren arrazoiak «egiturazkoak» direla berretsiko duela. Era berean, iragarri zuen irailetik aurrera luzatuko duela egun indarrean duen aldi baterako erregulazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.