EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin ditu Tubacexeko 129 kaleratzeak

Enpresak helegitea jarriko dio ebazpenari, eta Auzitegi Gorenean jarraituko du auziak. Langileek 147. greba eguna dute, eta eutsiko dioten erabaki behar dute

Tubacexeko langile batzuk kaleratze gutunak erretzen, atzo arratsaldean, Laudioko plantaren aurrean. AIARALDEA.EUS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin du Tubacexeko erregulazio espedientea, eta, ondorioz,hodi enpresa horrek berriz ere hartu beharko ditu Araban—Laudion eta Amurrion— kaleratu asmo zituen 129 langileak. Epaileek ebatzi dute enpresaren krisiaren arrazoi nagusia COVID-19ak eragindako egoera dela, eta, legea eskuan, haren aitzakian ezin dela inor kaleratu. Lan arloko sala bere irizpideari fidel izan zaio, haren arabera indargabetu baitzuen ITP-PCBren erregulazioa. TTI (Laudio, Araba) eta Aceralavako (Amurrio, Araba) epaiak batera argitaratu dituzte, eta, espero bezala, erabaki bera hartu dute bietan. Hori bai, sei epaileetako batek —hiru ziren epaiketa bakoitzean— boz partikularra eman du, eta zehaztu du bere ustez kaleratze bidegabeak beharko luketela. Enpresak, berriz, jakinarazi du ez dagoela ados eta helegitea jarriko duela. Boz partikular horrek helegitea Auzitegi Gorenean onartua izatea erraztuko du.

Poz eguna izan zen atzokoa Laudio eta Amurrion. Erabakia eguerdi aldera jakin zen, eta berehala zabaldu zen albistea. Langileak plantetako ateetako piketeetan zeuden kideei batu zitzaizkien, eta ospatu egin zuten, baina zuhur, badakite-eta Madrilgo partida falta dela oraindik. Ate inguruetan zituzten panpinak erre egin zituzten, eta bi herriak gurutzatu zituen auto karabana inprobisatua egin zuten. Ez zen gutxiagorako: kaleratzeen mamuari 146 eguneko grebaren nekea gehitu behar zitzaion. 700 langileek, orain, hurrengo pausoak erabakitzeko bilerak egin behar dituzte, lehenbizi sindikatuka (ELA, STAT, CCOO eta KAB), eta gero, ziur asko, langile guztien artean. ELAk, esaterako, gaur jakinaraziko du bere asmoa zein den. Hura da batzordean ordezkari gehien duen sindikatua.

Enpresaren bisaia ilunagoa zen. Ohar bidez egin zuen balorazioa, eta epaiaren norabidea espero zuen arren «ulertezina» dela iritzi dio, eta horregatik jarriko du helegitea. Normalean, sei hilabete inguru igaro ohi dira Gorenak esku hartzen duenerako. Zuzendaritzaren arabera, epaileek ez dute kontuan hartu petrolioaren eta gasaren sektorea aldaketa garaian dagoela. Era berean, eta Tubacexen egoera larria ikusita, ez du ulertzen epaileen ustez krisia eragin duten arrazoiak behin-behinekoak izatea, COVID-19arengatik 2020an hasiak, eta ez egiturazkoak.

Orain Tubacexi dagokio mugitzea, eta martxoaz geroztik enpresatik kanpo dauden 129 langileak Gizarte Segurantzan inskribatzera behartuta dago. Era berean, igarotako hilabeteetako soldatak ordaindu behar dizkie. Beste lankideak greban ziren, baina kaleratu batek ezin du grebarik egin, eta horregatik zor dizkiete azken lau soldatak. Hurrengo pausoa kaleratuak zeuden langileak lantokietan onartzea litzateke, baina ITP-PCBren kasuan, esaterako, enpresak oraindik ez die plantetan sartzen utzi.

2019an, «onbideratua»

Ebazpenean, epaileek ontzat eman dituzte sindikatuen abokatuek mahai gainean jarritako argudioetako asko. Prozedura kontuetan ez —greba eskubidearen urraketa, kaleratuen aukeraketa arbitrarioa, fede txarra...—, baina egoera ekonomikoaren eta kaleratzeak egiteko arrazoietan bai. Esaterako, nabarmendu dute 2019an enpresaren egoera ekonomikoa «argi eta garbi onbideratua» zegoela, eta egoera 2020an aldatu zela «errotik».

Epaiketan, zuzendaritzak argudiatu zuen egiturazkoa dela enpresa pairatzen ari den krisia, eta pandemiaren aurretik hasia zela. Epaileek, baina, azaldu dute zuzendaritzak bere garaian ez zuela doitze neurririk hartu, eta pandemia iritsi zenean okertu zela enpresaren egoera, «eta horren eredu argiena» dela 2021ean onarturiko erregulazioa. Horren aurretik, enpresak aldi baterako bi erregulazio onartu zituen 2020an, eta epaileen iritziz pandemiaren eragin zuzena zuten.

Enpresak, halaber, etorkizunera begirako aurreikuspen txarrak azaldu zituen epaiketan, baina, epaileen ustez, iragarpen horiek ez daude «aski frogatuak». Era berean, gaineratu dute bi enpresek epe motzerako enkarguak jasotzen dituztela —Aceralavaren kasuan hilabete bat edo bi ITT-n hiru edo lau ustea—, eta ekoizpenaren %80 Tubacex multzoko beste enpresa batzuei saltzen dietela. Iragarpen txarrek arrazoi ekonomikoengatik kaleratzeak egitea ahalbidetzen dute, baina ez arrazoi estrukturalengatik.

Bost epailek bide berean jo dute; ez, ordea, Maite Alejandrok. PCBren ebazpenean egin bezala, boz partikularra idatzi du Aceralavaren ebazpenean, eta antzeko argudioak erabili ditu. Egoeraren analisiarekin bat dator, baina ez pandemiak eragindako egoerarengatik kaleratzeak debekatzen dituen legearen erabileran. Haren ustez, lege horren muina lanpostuak salbatzea da, eta kasu honetan enplegu erregulazioak enpresak irautea erraztuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.