Lan erreforman «egiturazko aldaketak» iragarri ditu Diazek

Espainiako Gobernuak negoziazioak hasi ditu hango sindikatu eta patronalekin. ELAk «osorik» indargabetzea nahi du, eta horren alde lan egiteko eskatu die EAJri eta EH Bilduri

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean 200 pertsona inguru elkartu ziren atzo, behin-behineko langileen egoera salatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Urtebeteko etenaldiaren ostean, lan erreformaren «alderdirik kaltegarrienak» indargabetzeko negoziazioak abiatu zituen atzo Espainiako Gobernuak. COVID-19aren krisiaren hasierak Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren lanak eten zituen, eta horko kideek beste lehentasun batzuk ezarri zituzten: telelana arautzea eta aldi baterako erregulazioak, adibidez. Aurreko astean Rider edo banatzaileen egoera erregularizatzeko akordioa lortu ostean, gobernuak berriz heldu die Espainiako sindikatu eta patronal nagusiekin dituen negoziazioei. «Orain, lan erreforman egiturazko aldaketak egiteko lanak abiatuko ditugu», adierazi zuen Yolanda Diaz Lan ministroak. Atzokoa lehen bilera izan zen, eta aldeek ez zuten beren asmoen inguruko zehaztasunik eman.

2018an, bere lehen gobernua osatu zuenean, Pedro Sanchez presidenteak hitzeman zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) eta Mariano Rajoyren (PP) agintaldietan egindako lan erreformak edo horien zati batzuk indargabetuko zituela, eta asmo hori berretsi zuen Unidas Podemos Moncloan sartu zenean, baina ezer gutxi egin dute orain arte.

2010eko, 2011ko eta 2012ko lan erreformek, besteak beste, kaleratzeak merkatu zituzten; enplegua erregulatzeko espedienteak egiteko administrazioen aurretiazko baimena kendu zuten; lan itunen aurreraeragina urtebetera murriztu zuten; azpikontratazioa erraztu zuten, eta enpresa hitzarmenak sektoreko hitzarmenen aurretik lehenetsi zituzten.

PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioan ez dago zehaztuta zein neurri indargabetu nahi dituzten, eta gobernuak urtarrilean Bruselara bidalitako dokumentuan ere ez dira azaltzen. Dena den, negoziazioan parte hartzen ari diren sindikatuek, UGTk eta CCOOek, esan dute puntu horiei guztiei «modu batera edo bestera» heltzea espero dutela. Duela urtebete bilerak eten aurretik, lan batzuk abiatu zituzten, eta horiekin jarraitzea da Diazen asmoa. Bi gai aipatu zituen ministroak: sektoreko hitzarmenak eta itunen aurreraeragina.

Testuinguru nahasian

Negoziazioak bi mahaitan egingo dira: gobernuaren, sindikatuen eta patronalen artekoan, eta Espainiako Diputatuen Kongresuan. Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak ez du parte hartzerik izango, baina jakinarazi dute presioa egingo dutela.

Horren harira, Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak EAJri eta EH Bilduri eskatu die Espainiako Kongresuko euren agenda politikoen erdigunean jartzeko lan erreforma «osorik» indargabetzeko lehentasuna. Lakuntzak bi horiei eta Kataluniako eta Galiziako gainerako alderdi «nazionalista eta independentistei» eskatu die «beharrezkoa den aritmetika parlamentarioari» bide emateko xede hori lortu ahal izateko.

ELAk kanpaina bat abiatu du Galiziako CIG eta Kataluniako CSC intersindikalarekin batera, eta martxoaren 25erako manifestazioak deitu dituzte hiru herrialdeetan; Hego Euskal Herrian, lau hiriburuetan egingo dituzte, eguerdian. Lakuntzak azpimarratu duenez, erreforma horien ondorioz langileen pobretzea areagotu egin da, eta COVID-19aren krisiak bizkortu egin du prozesu hori. Uste du egungo egoeran «premiazkoa» dela lege horiek osorik indargabetzea: «Ez da nahikoa aldaketa partzial batzuk egitea. Ez genuke inolaz ere ulertuko erreforma bat langileak lan baldintzak negoziatzeko eskubiderik gabe uzten dituena edo haiek kaleratzeko erraztasunak mantentzen dituena».

Era berean, Lakuntza «kezkatuta» agertu da Espainiako politikagintzan egunotan izaten ari diren mugimenduekin. Uste du Madrilgo erkidegoko bozetan aurkezteko Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagiak gobernuko presidenteordetza uzteak eta haren tokia Nadia Calviño Ekonomia ministroak hartzeak bigarren horren ikuspuntua «indartuko» duela. Lakuntzaren arabera, Calviñok «korronte bat» ordezkatzen du gobernuaren barruan, «eskuinekoena» eta «lan erreforma indargabetzearen aurkakoena». Gainera, gogorarazi du hura izango dela Europako Funtsak «kudeatuko» dituena eta diru laguntza horien trukean Bruselaren eskaerak betearazteko ardura izango duena. «[Calviñori] ahots, espazio eta protagonismo gehiago emateak kezka sortzen digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.