Nafarroako ekonomia %8,3 txikitu zen iaz, neurtutako daturik txarrena

Ostalaritzaren itxierak eta beste neurri murriztaileek jardueraren suspertzea moteldu dute azken hiruhilekoan, baina %0,3 haztea lortu du. Espainiako BPGa %11 uzkurtu da, eta Frantziakoa, %83

Nafarroako ekonomia %8,3 txikitu zen iaz, neurtutako daturik txarrena.
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Marka hautsi du Nafarroako ekonomiak 2020. urtean; markarik kaskarrena, alegia. Estatistika zehatzak daudenetik 2009. urtea izan zen barne produktu gordina gehien jaitsi zen urtea, %2,6 uzkurtu baitzen. Datu hori txiki utzi du pande miaren lehen urteak, %8,3 txikitu baita lurraldeko ekonomia. Eroriko horren parte handi bat aurten leheneratuko dela espero du Nafarroako Gobernuak, eta eutsi egin dio %6,5eko iragarpenari, nahiz eta Elma Saiz Ekonomia kontseilariak onartu duen kopuru hori pandemiaren bilakaerari eta txertoen arrakastari lotuta dagoela.

Nastat estatistika erakundeak azaldu duenez, urteko azken hiruhilekoan hoztu egin da ekonomiak udan izan zuen suspertzea, ostalaritzak eta beste sektore batzuek murrizketa handiak izan zituztelako —ostatuak erabat itxita egon ziren urriaren 22tik azaroaren 26 arte, eta barrualdeak, abenduaren 17 arte—. Edonola ere, azken hiruhileko horretan hazkunde tasa positiboari eutsi ahal izan dio BPGak, oso mantsoa den arren: %0,3.

Azken datu horretan eragin handia izan du industria eta eraikuntza jarduera maila «nahiko onargarrira» itzultzen aritzeak poliki-poliki. Gainera, familien kontsumoa «suspertzen ari da, ahul», azaldu du Nastatek. Atzeratutako gastuak egiteak eta horretarako ahala dutenek pilatutako aurrezkiak pisu handia izango du kontsumoaren hazkundean.

2021. urtea suspertzearen urtea izango dela espero du Saiz kontseilariak. Onartu du, ordea, urteko lehen hilabeteak «gogorrak» izango direla, oraindik jarduera ekonomikoa murrizten duten neurriak indarrean izango direlako. Edonola ere, uste du «neurri kontrolatuagoak» direla erabateko itxialdia baino, eta iazko udaberriko konfinamenduak baino kalte gutxiago egingo diotela jarduera ekonomikoari.

Urtearen bigarren erdialderako espero du hazkunde bizkorragoa, betiere txertoak pandemia kontrolatzea lortzen badu.

Beste lurraldeak

Nafarroakoa baino bilakaera okerragoa izan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak, Eustatek kalkulatu baitu %9,5 txikitu zela iaz. 2020ko azken hiruhilekoa 2019koarekin alderatuz gero ere, beherakada txikiagoa da Nafarroan (-%5,9) beste hiru lurraldeetan baino (-%7,6).

Kolpe ekonomikoa handiagoa izan da Espainian (-%11), turismoaren mendekoagoa delako Hego Euskal Herria baino. Gainera, industriak pisu txikiagoa du Espainian, eta hura izan da azken hilabeteetan bilakaerarik txukunena izan duen sektorea.

Industriaren indar horrek berak lagundu dio Alemaniari, BPGa soilik %5 txikitu baita han.

Frantziako ekonomiak, berriz, %8,3 egin zuen behera iaz. Eroriko handiagoa espero zuen gobernuak, batez ere urtearen amaieran aste batzuetako konfinamendua ezarri zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.