Novaltiako grebalariek LHKra jo dute «benetako» negoziazio baten bila

Botika banaketa enpresako langileek 550 egun daramatzate greban lan itun duin bat lortzeko. 4,5 milioi euroren irabaziak izan zituen 2017 eta 2019 bitartean, eta 950 euroko soldatak eskaintzen ditu

Novaltiako langileak Bilboko Kale Nagusian, atzo deitu zuten manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Novaltia botika banaketa enpresako hogei langilek 550 egun daramatzate greban. Urte eta erdi daramate protestan, eta lan gatazka fase berri batean sartu nahi dute. Lan Harremanen Kontseilura (LHK) jo dute, eta hilaren 27an dira biltzekoak enpresarekin. Grebalariek, baina, harago zabaldu nahi dute mahaia. Novaltiak egoitza Zaragozan (Aragoi, Espainia) duen arren, bere bazkideen artean Bizkaiko eta Arabako hainbat botikak osaturiko Vascodar kooperatiba du, eta, kudeatzaileez gain, botiken jabeak bileran egoteko eskatu dute. Urtebete baino gehiago da bi aldeen arteko bilera ofizialik ez dagoela, eta LHKn «benetako negoziazioa» lortzeko itxaropena dute.

Novaltiako langileek manifestazioa egin zuten atzo Bilbon euren protestaldia gogoratzeko. Zamudioko (Bizkaia) biltegiko langileen %40 ari dira parte hartzen greban, eta, besteak beste, langile zaharren eta berrien arteko soldaten artean dagoen «alde handia» salatu dute. Diotenez, enpresak 4,5 milioi euroren irabaziak izan zituen 2017 eta 2019 bitartean, eta, hala ere, langile berrien soldata ez da iristen 950 eurora. Horretaz gain, 2019an, lan hitzarmenaren negoziazio betean, enpresak ez zuen errespetatu ultraaktibitatea, eta aurretik zuten hitzarmena luzatu beharrean sektorean Espainian dagoena ezarri zuen, okerragoa dena.

Greba gaiztotu egin da, eta bi auzibide irekita daude hainbat salaketarekin: lanaren deslokalizazioa, grebalariak ordezkatzeko aldi baterako langileak kontratatu izana... Grebalariek diotenez, lan ikuskaritzak begiak itxi ditu, eta «enpresaren konplize» bilakatu da. Epaiketen azken ebazpenekhelegite fasean daude biak pisu handia izango dute gatazkaren amaieran, baina beharturiko konponbide batera iritsi aurretik, grebalariek bileren bidea ireki nahi izan dute LHKren bitartez.

Kudeatzaileak agertzera behartuta daude; ez, ordea, botikariak. Novaltiako langileek urte eta erdi daramatzate protestak egiten, eta iragan astean enpresako zuzendaritzan dauden bost botikarien farmazien aurrean elkartu ziren. Horiek horrela, bostetako batek esan zien bilerara joateko asmoa zutela. Kudeatzaileek, ordea, ez dute begi onez ikusi pauso hori. Are gehiago, protestak eten ezean bilerara ez joatearekin egin dute mehatxu.

«Greba pasiboa nahi dute», salatu zuen Ibai Carranza langile batzordeko kideak. «Bere garaian lan hitzarmena negoziatu genuenean gauza bera eskatu ziguten. Bi astez utzi genituen protestak, eta, gero, eskaintza okerragoa egin ziguten». Novaltiakoa egun Euskal Herrian indarrean dagoen greba luzeena da, eta, aurretik akordiorik ez badago, gutxienez maiatzera arte luzatuko da, ordurako espero baitira ebazpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.