Bilboko portuko zamaketarien greba gaur amaituko da, oraingoz. 57 eguneko protestaldiaren ondoren, euren lanpostuetara itzuliko dira 08:00etan. Atzo goizean eginiko bileran, langile batzordearen gehiengoak Espainiako Lan Ministerioaren bide orriari emaniko babesa berrestea erabaki zuen. Zamaketariek aurretik esana zuten negoziazio aukera hori babestuko zutela, baina, Bilbo Estiba zamaketa enpresen elkarteak herenegun bide orriko bilerei jarritako marra gorrien ondoren, berriz ere aztertu behar zuten egoera. Eta erabaki bera hartu zuten, beste inolako baldintzarik ezarri gabe.
Lan Ministerioak baieztatu du martxan dela Bilboko portuko lan gatazka konpontzeko bide orria. Horiek hala, zamaketarien ordezkariek eta enpresak elkarren arteko negoziazioak hasi behar dituzte. Bi aldeek onarturiko eskemaren arabera, gutxienez bi aldiz elkartu beharko dute hilaren 21aren aurretik. Ondoren, 22an, hiruko bilera bat egingo dute, enpresa, sindikatuak eta Espainiako Lan Ministerioa elkartuko dituena. Madrilen izango da, ministerioaren egoitzan. Bilera horrek izan beharko luke lehen mugarria. Ondoren, enpresa eta sindikatuen arteko bigarren negoziazio prozesua hasiko da urtarrilaren 12ra arte. 13an berriz bilduko dira hiru aldeak. Ministerioak ez du zehaztu zer egingo duen baldin eta egun horretara iritsi eta akordiorik ez balego.
Asteak dira enpresa eta zamaketarien langile batzordea ez direla biltzen, eta ez da erraza izango berriz hastea. Jarrerak nahiko urrun daude, baina ministerioaren presioak akordioa erraztu dezake. Oraingoz, zamaketariak lanera itzuliko dira. Abenduaren 9ra arteko greba deialdia zuten, eta ez dute beste aurreabisurik sartu. Hori ministerioak ezarritako ezinbesteko baldintza zen.
Bilbo Estiba osatzen duten enpresei —Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Txinako Cosco—, berriz, «negoziatzeko borondatea» eta Bilboko portua «bake sozial» luze batera eramango duen «apustu garbia» exijitu die ministerioak. Herenegun erantzun zioten, lan hitzarmenaren negoziazioari bi marra gorri ezarriz baina:lan osagarriak eta lan horizontalak direlakoek —portuaren barruan lurrez egiten direnak, kamioiekin— kanpoan gelditu behar dute. Espainiako Lehia Batzordearen ebazpenetan oinarritzen dute baldintza hori. Ministerioaren ustez, eskaera horiek ez dute urratzen bide orriaren muina. Bi baldintza dira, baina ez nolanahikoak: bi jardun horiek zamaketarien lanaren herena dira gutxi gorabehera, eta, sindikatuen ustez, legezkoa da horiek ere lan hitzarmenaren bidez arautzea. Korapilo hori askatzea izango da negoziazio prozesuko oztopo handietako bat.
Behin-behinekoen auzia
Ikusi beharko da bide orriak fruitua ematen duen. Hala izan ezean, gatazka berriz piztuko da urtarrilean, eta zamaketariak berriz ere grebara joateko prest daude. Behin horra iritsita, zaila litzateke arbitraje loteslea saihestea. Enpresek publikoki esan dute bide hori gustuko dutela; ez, ordea, sindikatuek, eta, dirudienez, ezta Espainiako Gobernuak ere. Hurrengo egunak borondatea neurtzeko termometro ona izango dira, eta ikusi beharko da, besteak beste, Bilbo Estibak lan poltsa historikoko behin-behineko zamaketariak lanera deitzen dituen. Halere, azken egunetan ez da lan askorik egon portuan.
Langile horiek hamabi urte daramatzate behin-behinean lanean egun bateko kontratuak pilatuz. 103 dira, eta bat egin dute 320 zamaketari finkoekin deialdian. Eskaera haientzat lana bermatzea da, eta behin-behineko kontratu horiek apurka finko bihurtzea.
Gaur bukatuko da Bilboko portuko greba, negoziazioei atea irekitzeko
57 eguneko protestaldiaren ondoren, zamaketariak ohiko erritmora itzuliko dira goizean. Bilbo Estibak Lan Ministerioaren bide orriari marra gorriak jarri arren, zamaketariek aurrera egin nahi dutela berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu