Bost aste eta ia hamar bilerako negoziazio prozesuak ezer gutxirako balio izan du. Gestampek ez du iritzia aldatu, eta GTS ingeniaritza enpresa eta Matriceria Deusto ixtea eragingo duen lan erregulazio espedienteari eutsiko dio. Zamudion daude biak (Bizkaia). Bi enpresetako langile batzordeek itxiera eragotz zitekeela defendatu dute prozesu osoan, eta hainbat alternatiba aurkeztu dituzte. Gestampek, baina, ez du aukera hori kontuan izan, eta langile batzuen lanpostu aldaketa, erretiroak 57 urtera aurreratzea eta kaleratze ordainduak jarri ditu mahai gainean. Gauzak hala, lehen kaleratzeak abenduan hasiko dira, eta apirilera arte iraungo du prozesuak. Matriceria Deuston ordura arteko lan karga dute, egun greban dauden arren. Langile batzordea osatzen duten sindikatuek, LABek (hiru ordezkari) eta ELAk (bi ordezkari) auzitara joateko asmoa dute.
«Hasieratik argi ikusi dugu gure bila zetozela. Lan hitzarmen duinak genituen bi planta ginen; bai, behintzat, Gestampen tooling arloko beste bostek dituztenekin alderatuta. Zegokien horregatik borrokatu duten lantaldeak gara. Tamalez, beste planta batzuetan ezin izan zuten egin, konkurtso prozesuetatik eta antzeko egoera zailetatik zetozelako». Hala azaldu du Moises Muñoz Matriceria Deustoko langile batzordearen presidenteak (LAB), eta hura bilera guztietan egon da.
Negoziazio epea luzea izan da, eta langileen ordezkariek harreman zuzena izan dute Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailarekin. Haren bitartez, egoera bideratu ahal izatea espero zuten, baina ez. Gainera, tentsio uneak ere egon dira: duela bi aste, Ertzaintzak langileei aurre egin zien, Bilboko hotel batean negoziatzera zihoazen batzordekideak identifikatzera behartu baitzituen. Batzordeak «fede txarrez» jokatzea egotzi dio enpresari.
Lana, beste plantetara
Gestampek irail hasieran jakinarazi zuen erregulazio espedientea eskatzeko asmoa zuela. Arrazoi ekonomikoengatik dela esan zuen. Aste batzuk lehenago, baina, Matriceria Deuston behin-behineko langileak sartu ziren, eta kontratu finkodunak ordu estrak sartzera behartu zituzten. «Hala ere, martxotik ikusten genuen gure lan karga Gestampen beste planta batzuetara bideratzen ari zirela. Milaka orduko kontratuak ziren. Aldi baterako erregulazio bat prestatzen ari zirela uste genuen, baina hau oso larria izan da. Lan ikuskaritza lan kargen gaia ikertzen ari da, oso deigarria izan delako», azaldu du Muñozek.
Langile batzordeek neurri ez-traumatikoak proposatu dituzte: aldi baterako erregulazioak, erretiro aurreratuak... Azken orduan, Matriceria Deustoko batzordeak itxiera onartu ere egin zuen, betiere Gestampek langileak beste trokelgintza enpresa batzuetara bidaltzen bazituen. Gestampek, baina, ezetz, eta hau izan da enpresaren azken eskaintza: Matriceria Deustoko 182 langileetatik, 25 lanpostu aldaketa, 27 erretiro aurreratu (57 urterekin) eta 130 kaleratze ordaindu, 24 hilabeteko soldataren mugarekin. GTSko 50 langileei dagokienez, hamabostlanpostu aldaketa, bi erretiro eta 33 kaleratze. Langile batzordeek ez dituzte akordio horiek sinatuko.
Gestampek autogintzarako osagaiak egiten ditu, eta Europako hainbat marka ditu bezero. Autoaren azaleko metalezko piezak dira. Pieza horiek egiteko molde erraldoiak behar dira, xafla sartu eta bezeroak eskatzen duen forma har dezan. Molde horiek dira, hain zuzen GTSen diseinatu eta Matriceria Deuston egiten dituztenak. Kalitatearengatik ezagunak dira, eta bezeroek horiek exijitzen dituztela diote batzordeko iturriek.
Negoziazio mahaian Gestampek aipatu du 2017an hasi zirela sumatzen merkatuaren aldaketa, baina, hala ere, 2017an eta 2018an makina berri asko sartu zituen Matriceria Deuston. Langileen ustez bost milioi euroko inbertsioa egin zuen orduan Gestampek.
Muñozek susmoa hartua dio egoerari: «Automozioa gorabehera askoko sektorea da. Gestampek dio urduritasuna dagoela sektorean: diesel auzia, COVIDa... Bagenekien 2020a motela izango zela, baina guk apirilera arteko lan karga dugu. Datorrena datorrela, merkatua suspertzen denean piezak egin beharko dira». Are gehiago, ez du uste Matriceria Deustoren makinen azken atala denik: «Ziur nago denbora bat pasatuta berriz irekiko dutela fabrika, egungo erritmo berean, baina lan baldintza prekarioagoak izang dituzten langileekin».
Eskaera Jaurlaritzari
Langile batzordeek erregulazioa ez tramitatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Langileek ahal zuten guztia egin dutela diote, eta «erakundeen txanda» dela uste dute. Gestampek diru laguntza publiko handiak jaso dituela gogoratu dute —azkenekoak, auto elektrikoaren inguruko laborategi bat abian jartzeko—, eta Iñigo Urkulluren hitzak gehitu dituzte euren oharrean: «Diru publikoarekin ezin da kaleratzerik egon».
Gestampek ez du iritzia aldatu negoziazioan: GTS eta Matriceria Deusto itxiko ditu
Bi fabriketako langile batzordeak kaleratzeak eragozten saiatu dira, baina enpresak ez ditu onartu haien eskaerak. 232 lanpostu galduko dira guztira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu