Auto elektrikoak ikertzeko gune bat egingo du Gestampek, Zornotzan

Hamazazpi milioi euroren inbertsiotik zortzi milioi jarriko ditu Jaurlaritzak, uste baitu zentroan ikasitakoa besteek ere erabiliko dutela. Batik bat autoen egiturak arintzeko sistemak ikertuko dituzte

Gestampen lantegi bat, artxiboko irudian. GESTAMP.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Auto elektrikoen aldeko apustuak kezka eragin du Euskal Herriko autogintzan, gaur egungo industriaren muina baitira errekuntza motorrak dituzten ibilgailuak (VW eta Mercedes) eta auto horiei lotutako osagarriak. Teknologia batetik besterako jauziak jokoz kanpo harrapa ditzake enpresa asko, auto elektrikoek osagai gutxiago behar dituztelako errekuntzakoek baino. Elektrifikazio prozesua oraindik motel dabilen arren, trantsizio horri erronka batekin erantzun nahi dio Bizkaiko Gestamp taldeak: auto elektrikoei buruzko ikerketa zentro bat jarri nahi du, Zornotzako Boroa auzoko AIC autogintzarako ikerketa gunean (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasoko du horretarako.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak eman du inbertsioaren berri, hain zuzen ere, bere diruek ekarpen handia egingo diotelako proiektuari. Zehazki, Gestampek iragarri duen hamazazpi milioi euroren inbertsiotik ia erdia Jaurlaritzak jarriko du, zortzi milioi. Hurrengo egunotan sinatuko dute elkarlanerako ituna Tapiak eta Francisco Riberas Gestampeko buruak.

«Ulertzen dugu bultzatzen duen enpresaren interesa gainditzen duen ekinaldi bat dela, eta handitu egingo duela Euskadiko autogintzako enpresen lehiakortasuna», justifikatu du Tapiak. Hau da, Gestampek ez ezik, sektoreko beste enpresek eta zentro teknologikoek ere erabili ahal izango dutela ikerketa zentroan ikasitakoa beren ekoizpen prozesuetan.

«Auto elektrikoaren atalean, aurrea hartu behar da, eta lehenbailehen egon behar da prest», ziurtatu du Tapiak, eta gogorarazi du beste lurralde batzuetan ere ari direla horretan. «Aukerak baliatu behar dira. Zentro hau aukera izan daiteke trantsizioa hasteko, eta alde batera uzterik ez dugun lan bat da».

Errekuntza motorreko autoetatik elektrikoetara dagoen trantsizioa ikertuko dituzte zentroan, baina baita auto elektriko horiek beharko dituzten osagarri bereziak ere. Autoen egiturazko zatiak arintzen arreta berezia jarriko dute, pisu txikiagoa badute, bateriek gehiago iraungo dutelako edo neurriz txikiagoak izango direlako. Izan ere, horixe baita Gestampen espezialitatea: autoen karrozerien altzairuzko zatiak.

43.000 langileko enpresa

Sektore horretan munduko talderik garrantzitsuenetako bat da Abadiñokoa: 112 ekoizpen planta ditu munduan barreiatuta, hamahiru ikerketa zentro eta 43.000 enplegatu. Euskal Herrian zortzi lantegi ditu (bost Bizkaian, bi Nafarroan eta bat Gipuzkoan), bi egoitza eta zentro teknologiko bat, Boroako AICn bertan.

Baina ikerketa zentro bat baino gehiago izan nahi du Gestampenak. 4.0. lantegi batekin esperimentuak egin nahi dituzte han. Hau da, Internet-aren aukerak baliatuz, ekoizpen automatizatuagoa duen lantegi bat. «Ekoizpen malgukoa» izango dela nabarmendu du Tapiak, hots, lantzen diren ekoizpen prozesu berriak berehala aplikatu ahal izango direla ekoizpenean.

Boroan egokitzapen batzuk egin behar dituztenez, behin-behineko egoitza izango du ikerketa zentroak. Zenbat lanpostu sortuko diren ez du azaldu Tapiak: «Abiadurak hartzen duen abiaduraren eta garapenaren mende dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.