Adegi sindikatuekin eseriko da metaleko mahaia eratzen saiatzeko

Datorren astean elkartuko dira patronala eta sindikatuak, Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan. Garen edo beste patronalen bat hitzordura agertuz gero, prozesua atzera daiteke

Adegiko presidente eta zuzendari nagusiak, Eduardo Junkera —eskuinean— eta Jose Miguel Aierza —erdian— prentsaurreko batera sartzen, artxiboko argazki batean. Ezkerrean, Patxi Sasigain Leihakortasun arduraduna. J. URBE / FOKU.
xabier martin
Donostia
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Gipuzkoako metalgintzaren lan hitzarmena berritzeko mahaiak zer ibilbide izan dezakeen ikusiko da datorren astean; asteazkenean edo ostiralean izango da E eguna —agenda zehazten ari dira oraindik eragileak—, Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan. Adegi patronalak baietza eman dio sindikatuekin elkartzeari, eta Gipuzkoan 40.000 beharginen lan baldintzak arautzen duen sektore garrantzitsuaren itunak aukera bat izan dezake; 2011tik iraungita dago.

ELAk metalgintzaren mahaira deitu du asteon; sindikatu horrek dauka ordezkaritzaren gehiengoa (%48), eta Adegi da enpresen ordezkari nagusia, erabatekoa kasik. «Bilerara joango gara, entzun egingo dugu, eta akordio on bat egiten saiatuko gara; ezin da bestela izan. Adegik sekula ez du huts egin negoziazio mahai batera deitu dutenean». Gipuzkoako patronalak argi utzi dio BERRIAri metalgintzaren akordio berri bat egiteko saioan izango dela, «eta hortik aurrera ikusiko da zer lortzen den».

Ikusteko dago, bestalde, Lan Harremanen Kontseiluak jarritako hitzordura beste patronal batzuk agertzen ote diren ala ez, eta, hala bada, horrek nola eragin diezaiokeen mahaiaren osaketari. Esaterako, duela zortzi urte egin zuten saioan, azkenekoan, Metalgintzako Enpresen Merkataritza Federazioa azaldu zen, Adegitik kanpoko hainbat enpresaren ordezkari gisa. Oraingoan, zalantza da Garen patronalak zer egingo duen, eta, enpresen ordezkaritza bat erreibindikatzen badu, Adegik nola erantzun dezakeen.

«Agian atzeratu dezake mahaiaren osaketa, baina Garen-en presentzia ezin da izan mahaiari ez heltzeko aitzakia», dio LABeko Industria Federazioko arduradun Jon Ander Goñik; «hala gertatuko balitz, mobilizazioetara joko genuke», ohartarazi du. Baina Goñik uste du metalgintzak Gipuzkoan aukera bat izango duela, Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioak pisu handia hartu duelako, hainbat greba egun eta mobilizazio handiak tarteko. «Sindikatuen elkarlana goraipatu behar da: funtsezkoa izan da, eta bide horri jarraitu behar diogu orain»; LABek akordio bat lehenbailehen lortzea nahiko luke, «baina eskarmentuak, Gipuzkoan eta Adegirekin, esaten digu mobilizazioak aurreikusi behar direla. Prest gaude greba eta mobilizazio agertoki baterako». Ordezkaritzaren %30etik gora dauka LABek.

Metala, gakoa Gipuzkoan

Gipuzkoako lan itun handiena da metalgintzarena, eta historikoki zailena egiten. Hura berritzea urrats oso handia litzateke euskal negoziazio kolektiboari begira, eta beste sektore batzuen lokarria askatzen lagunduko luke, besteak beste, bulegoena eta ostalaritzarena. Izan ere, Hego Euskal Herrian, Gipuzkoak du iraungitako itun handi gehien.

Espainiako Gobernuak lan erreforma «hobetzeko» asmoa duela jakinarazi ondoren iritsi da ELAren deia mahaia eratzeko. Pedro Sanchezen gobernuak lehentasunak alda ditzake itunetan, eta enpresa hitzarmenak berriro sektorekoen azpitik jarri. Horrek euskal hitzarmenen estatalizazioa areagotuko luke. Agertoki berri horretan, Confebaskek eta sindikatu nagusiek 2017ko urtarrilean egindako Sektore Arteko Esparru Itunak garrantzi handia hartuko luke estatalizazioari muga jartzeko tresna gisa.

Baina, gaur-gaurkoz, lan erreforma ez dute erreformatu, eta ELAk berebiziko garrantzia duen sektoreko ituna berritzeko urratsa egin du, aurretik Bizkaiko metalgintzan eta beste batzuetan egin duen moduan. «Milaka langilek hitzarmenak edukitzea lortu dugu enpresa itunen bidez, eta horiek erreformak enpresetatik at utzi dituzte, aldi berean soldatak eta eskubideak handituz», esplikatu du sindikatuak. Sektoreko itunaren negoziazioari ekiteko erabakia hartzean, ELAk buruan ditu enpresako itunaren faltan baldintzak berritu gabe dituzten langileak. «Onartezina da Gipuzkoako metalean lan egiten dutenen batzuek duela ia hamarkada bateko soldatak jasatea, eta zenbaitek hori naturaltasunez onartzea». ELAk gogoratu du metalgintzako azken akordioa lortzeko «erantzun oso zabala izan zuten grebak» egin zirela. «Patronalak erabakiko du egoera hori errepikatuko den ala ez».

Sindikatuak elkar harturik joango dira negoziazio mahaira, baita CCOO eta UGT ere. «Benetako edukiak» nahi dituzte mahai gainean, eta, ikusten ez badituzte, mobilizazioetarako prest daude. «Adegik ikusiko du zer nahi duen, baina gu prest gaudeborrokarako, baita grebarako ere», dio CCOOko Industria Federazioko Javier Gomezek; «Adegik badaki txantxetan ez garela ari: hor dago Bizkaikoa, eta gure asmoa da plataforma bakarra egitea eskakizun horiekin. Erraz lor dezakegu».

CCOOko arduradunapozik dago ELAk mahaia eratzera deitu duelako, «enpresazenpresa joateak oihanasortzen baitu sektorean». Gomezek uste du emaitzak lor daitezkeela, Bizkaian gertatua hor dagoelako, eta Adegik kontuan hartu beharko duelako. CCOOk ordezkaritzaren %16,34 dauka, eta UGTk, %5,84.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.