«Mexikorako bidea hartu dut,herri senide horrek gure bizitza zaintzeko eskaini didan asiloa onartuz eta eskertuz. Min ematen dit herrialdea arrazoi politikoengatik utzi beharrak, baina adi egongo naiz beti. Azkar eta indar eta energia handiagoarekin itzuliko naiz». Evo Morales artean jaioterrian zela idatzitako hitzak dira. Boliviako presidente ohiak igandean eman zuen dimisioa, eta, hainbat orduz ezkutatuta egon ostean, herenegun gauean hartu zuen erbestera eramanzuen hegazkina. Hamabost orduko hegaldiaren ostean iritsi zen Mexiko Hirira. Andres Manuel Lopez Obrador presidenteari eginzizkion lehen hitzak: «Eskerrik asko bizitza salbatzeagatik».
Hegazkinetik bertatik grabatutako bideo laburrean zehaztu zuen larunbatean armadako buruzagi batek bera hiltzearen truke 50.000 dolar agindu zituela. Ondoren mintzatu zen kazetarien aurrean, neke zantzuekin, eta adierazi bere kontrakoa «estatu kolpea» izan zela, «etxeak erre eta arpilatu» zituztelako eta «poliziek eta armadako kideek izuaren politika» zabaldu zutelako. Borrokek «okerrera egin ez zezaten» amore eman zuela.
Erbesterako zeharkaldia ez zen samurra izan. Mexikoko Gobernuak «arrazoi humanitarioak» argudiatuta eman zion asilo politikoa buruzagi indigenari, baina zeharkatu beharreko herrialdeen jarrera ez zen berbera izan. Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroak armadaren hegazkinaren ibilbidea odisea diplomatiko batekin parekatu zuen: «Latinoamerikako politikan zehar izandako bidaia izan da». Paraguain, Perun, Ekuadorren eta Brasilen baimenak lortu behar izan zituen diplomazialariak. Boliviako militarren baimena ere jaso behar izan zuen hegazkina han lurreratu ahal izateko.
Linbo politikoa
Moralesek erbestetik kasu eginbeharko dio orain iragan urriaren 20ko bozen ostean piztutako krisi politikoari. Bolivia ataka zailean dago. Protestak apalduz doaz hiri nagusietan, baina militarrak eta poliziak erruz daude kaleetan, eta, botere hutsunea aintzat hartuta, etorkizuna lausoa izango da, epe laburrean behintzat.
Oposizioa jada hasi da egoera bideratu nahian, eta atzo bertan trantsizioa aztertzeko lehen saiakera egitekoak ziren parlamentuan.
Linbo politikoari irtenbidea bilatzea da erronka. Jeanine Añezek hartu du gidaritza oposizioan. Senatuko bigarren presidenteordea da, eta erantzukizunez jokatzeko hitza eman du: «Herrialdeak bakea eta ziurtasuna behar ditu». Añez da presidentetza hartzeko prestasuna agertu duen bakarra, betiere trantsizioko gobernua eratu eta urtarrilean hauteskundeetara deitzeko helburu bakarrarekin.
Legebiltzarrean egin beharreko saiorako quoruma egotea da gakoa; izan ere, orain arte gobernuko ordezkariak izandako gehienak dimisioa emanda daude edo ezkutatuta.
MAS Sozialismorako Mugimenduko jarraitzaileek bermeak eskatzen dituzte, eta egun bateko epea eman dute ordena konstituzionala ezartzeko; bestela greba amaigabeari ekingo diotela jakinarazi dute. Atzo, bada, milaka lagunek martxa bat egin zuten hiribururaino, presidente ohiari babesa erakutsi eta oposizioak martxan jarritako bidea eragozteko.
Polarizazioa
Morales 2005ean iritsi zen agintera, eta beste bitan lehiatu ostean eutsi zion presidentetzari, aise irabazita. 2016an, baina, konstituzioa aldatu, eta laugarren agintaldi batera aurkeztea eragozten zion legea aldatzeko erreferenduma antolatu zuen, eta, ordukoan,ezezkoa nagusitu zen. Iragan urriko bozetan iruzur egin izana leporatu zion oposizioak, eta, bozak errepikatzeko prest agertu bazen ere, «bake soziala bermatzeko» kargua utzi zuen.
Boliviaren polarizazioa jarri du agerian gatazkak, zurien eta indigenen artekoa, dirudunen eta pobreen artekoa, herrialde berean baina mundu ezberdinetan bizi diren bi errealitateena. Moralesen gobernuak arrakala hori apaltzeko ahalegina egin du eta, igandean, dimisioa ematean gogorarazi zuen «konkista sozial» handiak egin dituztela urteetan.
Datuek ere berresten dute gizarte politiketara bideratu dituztela bitartekoak. Azken hamahiru urteetan ekonomiak hobera egin du, barne produktu gordina, batez beste %4,9 hazi baita urteko. Pobreziak, berriz %60tik %35era jaitsi da eta langabezia tasa %9,2tik %4,1era. Analfabetismoak ere behera egin du, %13tik %2,4ra.
Boliviara «azkar eta indar handiagoarekin» itzuliko dela jakinarazi du Evo Moraselek
Boliviako presidente ohia zeraman hegazkina atzo lurreratu zen Mexiko Hirian. Oposizioak trantsizio politikorako lehen urratsak egin ditu Legebiltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu