Matxinada, «terrorismoa» eta lehergailuak edukitzea. Hiru delitu horiek egotzita, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, bederatzi lagun atxilotu zituen, atzo, Guardia Zibilak Katalunian. Goizaldean hasi zituzten miaketak, eta fiskalak argudiatu du «berehalakoan ekintza biolentoak» egingo zituzten zantzuak zeudelako egin zituztela atxiloketak. Atxikitako materiala, ordea, oraindik «adituen esku eta aztertzeke» dagoela jakinarazi du Guardia Zibilak. Tartean, baliabide informatikoak eta «lehergailu gisa erabil litekeen» materiala topatu dutela jakinarazi du Poliziak, eta fiskalak CDR Errepublikaren defentsarako batzordeekin lotu ditu bederatziak. Haren esanetan, «helburu sezesionistekin, ekintza terroristak egiteko prest» zeuden. Guardia Zibilaren arabera, baina, atxiloketen xedea izan da ekintzetarako «prestaketak zenbateraino aurreratuta zeuden» ikertzea.
2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrenaren atarian eta Espainiako Auzitegi Gorena Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren sententzia ematear dela izan dira atxiloketak, besteak beste, Sabadellen, Cerdanyolan eta Mollet del Vallesen. Auzitegi Nazionaleko Seigarren Epaitegi Nagusia da operazioaren koordinatzailea, Manuel Maria Garcia Castellon epailearen agindupean. CDRetako kide direla eta «indarkeria ekintzak egiteko ahalmena» izan dezaketela argudiatu dute. Azaldu dutenez, urtebete baino gehiago daramate ikerketa judiziala egiten. Atzo gauerako, bi atxilotu askatu zituen Guardia Zibilak, eta, besteak, Madrilera eraman zituzten. Atxiloketak salatzeko, Sabadellen, Cerdanyolan, Bartzelonan eta Mollet de Vallesen protestak egin dituzte.
Fiskalak nabarmendu du«atzera-bueltarik gabeko kalteak» eragin zitzaketela ustezko erasoek, eta Goreneko presidente Carlos Lesmesek epaia eta atxiloketak bereizi nahi izan dituen arren, fiskalak esan du «ekintza horiek gertatzeko arriskua» zegoela, urriaren 1eko urteurrena gertu, eta Gorenaren sententzia berehala kaleratuko dela jakinda.
Gorenaren epaia, ate joka
Hain justu, Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak Espainiako Estatuari egotzi dio sententziaren aurretik «biolentzian oinarritutako kontakizuna» eraikitzea: «Ez dute lortuko. Independentismoa baketsua da, eta hala izango da beti». ERCko bozeramaile Marta Vilaltak, berriz, salatu du «independentismoa terrorismoarekin» lotu nahi izatea, eta «gezurretako kontakizun bat» eraiki nahi dutela, mugimendu independentista «kriminalizatzeko». Aurora Madaula Junts per Catalunyako Espainiako Kongresuko diputatuak ere azpimarratu du independentismoak «sobera» erakutsi duela «mugimendu baketsua» dela.Eulalia Reguant CUPeko kideak, berriz, ohartarazi du atxiloketen helburua izan dela «jendea izutzea», Gorenaren epaiaren aurretik. Atxilotuei «terrorismoa» leporatzea gaitzetsi dute denek. ANCk eta Omnium Culturalek ere salatu dituzte atxiloketak.
PSCk, ordea, independentistei egotzi die «erradikalizazioa»: «Normala da, frustratuta egonda, erradikalizatzen diren kolektiboak sortzea». Ciudadanosek, berriz, atxilotuak «separatista biolentoak» direla salatu du, eta Torrari egotzi dio errua.
New Yorken (AEB) da Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea, eta atzoko atxiloketengatik «kezkatuta» dagoela adierazi du. Fernando Grande-Marlaskak, berriz, fokua Auzitegi Gorenaren epaiaren osteko protestetan jarri du, eta jakinarazi du polizia gehiago bidaliko dituela Kataluniara datozen egunetan, «indarkeriazko erantzunik balego», jarduteko prest egoteko.
Lesmesek atzo berretsi zuen sententzia urriko lehen hamabostaldian argitaratuko dela. «Espero dut emaitza onartu, etaerantzuna ez izatea gehiegizkoa eta antzeztua», ohartarazi du Auzitegi Goreneko lehendakariak, nahiz eta erreakzioak egotea «demokrazian ohikoa» izan. Edonola ere, argi utzi du «legea beti errespetatu» behar dela.
Aurrekariak Katalunian
Atzo goizeko atxiloketen harira, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak gogora ekarri zuen Tamara Carrasco eta Adria Carrascoren kasua: «Aurrena atxilotu, eta, gero, arrazoiak bilatzen dituzte».
CDRetako kide izatea eta «terrorismoa» egotzita atxilotu zuten orain urte eta erdi Tamara. Adriak ihes egin zuen Belgikara. Hilabeteak joan ahala, ordea, «terrorismo» delitua ezin frogatutzat jo zuten, baina Tamara konfinatuta egon da bere herrian, Viladecansen, maiatzera arte.
«Terrorismoa» eta matxinada egotzi diete Kataluniako bederatzi atxilotuei
Espainiako Auzitegi Nazionalak «berehala ekintza biolentoak» egingo zituztelakoan agindu ditu atxiloketak. Alderdi subiranistek adierazi dute independentismoa «mugimendu baketsua» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu