«Patronal ultra eta esplotatzaileek ez lukete lekurik izan behar hemen». ELAko Negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregiren hitzek neurria ematen diote FEADRS patronalak lanbide arteko esparru akordioa salatzeak dakarren erasoari. LHK Lan Harremanen Kontseiluaren atarian protestan aritu zen ELA, atzo, Bilbon. Lanbide arteko euskal esparru akordioaren sinatzaileek eta hura judizializatu nahi duen patronalak bilera egin zuten han. Tramiteko urrats bat baino ez zen izan, talde handiei otorduak ematen dizkieten enpresen patronalak argi duelako ez duela oztoporik nahi Espainiako kolektibitateen hitzarmena aplikatzeko, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere.
Alegia, FEADRS adierazten ari da Confebaskek berak euskal sindikatu nagusiekin egindako akordioaren gainetik dagoela, iaz Espainiako sektoreko ituna luzatu zuelako UGTrekin batera, euskal lurraldeetatik urrun; erakunde hori esaten ari da Eusko Jaurlaritzak 2017an babestu eta txalotu zuen akordio historikoa ez dela babes nahikoa euskal langileentzat enpresek Espainiako itunen baldintza okerragoak aplikatu nahi badituzte.
Lanbide arteko akordioak finkatzen du EAEko negoziazio kolektiboaren egitura, eta, hari esker, euskal hitzarmenek lehentasuna dute. Hemengo lan itunek lan baldintza hobeak dituzte, «eta enpresarien jopuntuan daude orain», ELAren arabera. Espainiako FEADRS patronalak auzi eskea jarri zuen abuztuan lanbide arteko itunaren kontra, euskal hitzarmenen lehentasuna bertan behera uzteko «eta lan baldintzak okertu ahal izateko».
Gehiengoa alboratzeko
Pello Igeregik argi utzi zuen «esku sartze onartezina» dela Espainiako patronalaren saio hori. Sindikatuak uste duFEADRSek bi helburu lortu nahi dituela: «EAEko sukaldaritza kolektiboaren sektorean nagusi diren sindikatuen negoziazio kolektiborako eskubidea galarazi» —ordezkaritza sindikalaren %80tik gora dute—, «eta EAEko patronalak eta sindikatuek egindako lanbide arteko akordioa zalantzan jarri, ahuldu».
Horrez gain, ELAk garbi dauka FEADRSek kanpoko hitzarmenen baldintza kaskarrak ezarri nahi dizkiela langileei. Besteak beste, Eurest, Auzolan, Serunion, Sodexo eta Aramark dira patronaleko kide. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hitzarmenetan jasotako soldata %50 murriztu nahi dute, eta lanaldia luzatu». Pello Igeregi ELAko kidearen ustez, «Eusko Jaurlaritzak eten egin beharko lituzke patronal honetako enpresekin dituen harremanak; izan ere, negozioaren zatirik handiena administrazio publikoan dute».
LABek, berriz, azaldu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileei lan baldintzak bertan negoziatzeko eskubidea ahalbidetzen dien tresna dela sektore arteko ituna. «Hori dela eta, esku hartzerik gabeko lan harremanen euskal esparrua bermatzeko horrelako tresnen alde borrokatzen» jarraituko du sindikatu abertzaleak. Sukalde eta kolektibitateen sektorean EAEko negoziazio eremua sortu nahi duLABek. Helburu horren araberako ekintza sindikala garatuko duela gaineratu zuen.
Atzera egin zuen 2018an
FEADRSek eragin du ELAk eta LABek aldiro salatzen duten estatalizazioaren auzia bere gordinean erakusten duen sestra; ez du estreinako aldia, gainera; patronal horrek lanbide arteko esparru akordioa inpugnatzeko beste saio bat egin baitzuen 2018an. Baina apirilerako uko egin zion bide horri. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari jakinarazi zion ofizialki uko Izan ere, Euresten eta ELAren arteko akordio bat egon zen. Sindikatuak bertan behera utzi zituen deiturik zituen grebak, eta Eurestek lortu zuen FEADRS patronala atzera egitea itunaren salaketan. Epaiketaren bezperan bertan behera geratu zen prozesua.
FEADRS patronalak euskal itunak azpiratzeko asmoa du oraindik
Sukaldaritza sozialean aritzen diren elkarteen Espainiako patronalak ez du atzera egin lanbide arteko esparru akordioa sinatu zuten eragileekin izaniko bileran. Espainiako ituna aplikatu nahi du EAEn ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu