AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerraren gudu zelai gordinena bilakatu da teknologiarena, eta Etxe Zuriak Huawei bakartzeko hartutako neurriak aro berri bat ireki du bi potentzia nagusien arteko norgehiagokan. Googlek Huaweiri Android sistema eragilearen hornidura etengo diola eta beste hainbat konpainia estatubatuarrek txipak saltzeari utziko diotela iragarri eta biharamunean, Donald Trumpen gobernuak hiru hilabeteko su-etena iragarri zuen atzo. Alferreko keinua, Txinako konpainiaren ustez mina egina dagoelako, eta AEBen «jazarpen» estrategia agerian geratu delako. Trumpen jokaldiak bizkortu egingo du Androiden ordezko sistema eragilearen sorrera: AFPren arabera, HongMeng izena du Huaweiren sistema eragile berriak, 2012tik garatzen ibili denak; udazkenerako merkatuan egotea espero du—AEBen 90 eguneko menia aprobetxatuta—, eta bateragarria izango da Androiderako balio duten aplikazioekin.
Mundu teknologikoa bi erraldoiren artean zatitzeko aukera gero eta handiagoa da, eta AEBetako prentsak berak Gerra Hotzaren garaiarekin parekatu du Huaweiren kontrako betoarekin zabaldu berri den aroa, esanez altzairuzko oihala eraikitzen hasi dela.
Huaweik, gainera, irudi kolpe batekin erantzun dio Washingtoni: telefono modelo berria aurkeztu zuen atzo Londresen, izen aproposenarekin, Honor 20. Hori bai, modelo berriak ere Googleren Android sistema eragilea darabil.
Bi bloke bizkarra emanda
Sakelako telefonoentzako sistema eragileen artean erabateko nagusitasuna dauka Androidek—haren atzetik dago Appleren iOS, eta indar gutxiagorekin Windows Phone eta Blackberry OS, adibidez—. Googlek Huaweiri telefono berrietan Android erabiltzea galaraziko dionez, txinatarrak bere sistema eragile propioa jarriko du martxan: HongMeng. Beraz, merkatua bi bloke handitan bereiz daiteke.
Aldaketa globala dakarren mugimendua bada ere, Washingtonen eta Pekinen arteko talka honek bi herrialde horietako kontsumitzaileei eragingo die gutxien. Izan ere, txinatarrek ia ez dute erabiltzen Google, eta estatubatuarrek ere ez Huawei —%1etik beherako merkatu kuota dauka AEBetan—. Txinan «ziberekosistema» propioa daukate: bilatzaile gisa Baidu erabiltzen dute, Googleren ordez; WeChat Whatsappen ordez; Tencent QQ Gmailen ordez; Youku YouTuberen ordez... Huaweik Txinansaltzen ditu sakelakoen erdiak, eta Androiden bertsio moldatu bat erabiltzen du sistema eragile gisa, baina Googleren aplikazio nagusirik gabe (GoogleMaps, Gmail eta Youtube). Hiru hilabete barru Huaweik Android erabili ezin badu, HongMeng erabiliko luke.
Galera handia izan daiteke Googlerentzat, besteak beste erabiltzaileen datuak direlako haren negozio ereduaren oinarria, eta erabiltzaile asko gal ditzakeelako HongMeng sartuz gero. Munduan Txina da Internet erabiltzaile gehien daukan herrialdea: 772 milioi 2017an, AEBetako 287 milioiak baino ia hiru aldiz gehiago.
Huaweik Etxe Zuriari ohartarazi dio «gutxiesten» ari dela Asiako konpainiaren indarra, eta «erantzuna» izango duelaAEBen «jarrera txarrak».
Altzairuzko oihal digitalaren aroa
Etxe Zuriak hiru hilabetez atzeratuko ditu Huaweiren kontrako neurriak, baina konpainiak «jazarpena» salatu du. Markak udazkenerako prest izan nahi du sistema eragile propioa, 'HongMeng' izenekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu