Karabakh Garaiak men egin die Azerbaijanen eskariei, su etena adostearen truke

Bi aldeek onartu dute Karabakh Garaiko talde armatuak desegitea eta Armeniako armadako militarrak erretiratzea. Gaur dira biltzekoak

Azerbaijanen erasoen ondorioz kaltetutako zenbait auto eta etxe, Karabakh Garaiko hiriburuan, Stepanakerten, herenegun. EFE.
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Egun bat iraun du Azerbaijanek Karabakh Garaian herenegun hasitako erasoaldiak. Karabakh Garaiko agintariek atzo jakinarazi zutenez, goizean adostu zuten su etena, Errusiako bakerako tropen bitartekaritzarekin, eta 13:00etan sartu zen indarrean. Edonola ere, Azerbaijango Gobernuak ez ditu delako «terrorismoaren aurkako operazio militarrak» eten trukean ezer lortu gabe.

Bakuk herenegun hala eskatuta, Karabakh Garaiko agintariek onartu dute, batetik, Armeniako armadako militarrak Errusiako bakerako tropak dauden eremutik erretiratzea —2020an su etena sinatu zenetik daude han—, eta, bestetik, Karabakh Garaiko talde armatuak desegitea, baita dituzten arma eta ekipamendu militar guztiak entregatzea ere.

Azerbaijanek, ordea, beste baldintza bat ere jarri zuen erasoaldia behin betiko eteteko; hauxe: Karabakh Garaiak bertan behera uztea independentzia eta errepublika aldarrikapena, eta Azerbaijanen parte dela onartzea. Gaur hartuko dute tartea horren eta Karabakh Garaian bizi diren 120.000 pasatxo armeniarren «eskubideen eta segurtasunaren» inguruan hitz egiteko. Azerbaijango Yevlakh hirian elkartzekoak dira bi aldeetako agintariak.

Akordioaren harira, baina, harrituta agertu zen Armeniako Gobernua. Hango lehen ministro Nikol Paxinianek adierazi zuen Erevanek ez duela parte hartu su etena adosteko baldintzen eztabaidan, eta akordio horren zenbait xehetasun ez dituela ulertzen. «Baldintzen artean aipatzen da Armeniako armadak bere soldaduak Karabakh Garaitik erretiratzea. Hori ez dugu oso ondo ulertzen, birritan esan baitugu Armeniak ez duela soldadurik han 2021eko abuztutik». Halere, itunak «zibilen aurkako erasoak» eteteko balioko duela espero du.

Azerbaijanek herenegun egin zion eraso Karabakh Garaiari. Azerbaijango Defentsa Ministerioak eman zuen operazio militarren berri, eta ziurtatu «jomuga militar legitimoei» soilik egingo ziela eraso, ez, ordea, herritarrei eta azpiegitura zibilei. Baina berehala zabaldu ziren bestelako irudiak X sare sozialean. Karabakh Garaiko arartekoak jakinarazi zuenez, eremu zibilak «masiboki» bonbardatu zituzten. Iturri horren arabera, herenegungo erasoen ondorioz berrehun bat pertsona hil dira —tartean hamar zibil—, eta laurehun baino gehiago dira zaurituak.

Azerbaijango Defentsa Ministerioaren arabera, armadak Karabakh Garaiko 90 borroka leku estrategikoren kontrola hartu du operazio horien bitartez. Atzo jakinarazi zuen armeniarrak bataila eremutik irteten ari direla, «pixkanaka eta talde txikitan».

Hain justu, eraso horien aurka egiteko «ezer gutxi» dutela adierazi zuen atzo Karabakh Garaiko agintaritzak, eta, hein batean, horrexegatik onartu zituen su etena eta Azerbaijango Gobernuak exijitutako baldintzetako bat. «Bi egunez, Karabakh Garaiko indar armatuak kemen handiz defendatu du bere burua etsaiaren aurka. Baina etsaia [Azerbaijan] askoz ere indartsuagoa da, bai soldaduei dagokienez, bai ekipamendu militarrari dagokionez».

Errusiako militarrei eraso

Beste gerra bat pitz zitekeela ikusita, erasoak eteteko eta elkarrizketen bidetik ekiteko eskatu zieten Azerbaijani eta Armeniari nazioarteko zenbait erakundek eta herrialdek, hala nola EB Europako Batasunak, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Errusiak. Azken horrek Karabakh Garaiaren eremuan dituen bakerako tropen bitartekaritzari esker heldu zen su etena. «Espero dut lortuko dugula bide baketsuen bidez gatazka hau konpontzea». Horixe adierazi zuen atzo Errusiako presidente Vladimir Putinek. Hain zuzen, Errusiak Karabakh Garaian duen misioko zenbait militar hil zituzten atzo, eraso batean. Errusiako Defentsa Ministerioak Telegram bidez jakinarazi zuenez, militarrak ibilgailu batean zihoazen, eta «arma arinekin» eraso zieten. Ez zuten zehaztu su etena adostu aurretik edo ondoren gertatu zen hori. Errusia eta Azerbaijan erasoa ikertzen hasi dira.

EBko Kanpo Ekintzarako Zerbitzuaren arabera, ordea, Errusiak «jarrera pasiboa» du gatazkaren harira. «Moskuk 2.000 soldadu inguru ditu han, bakerako tropetan, eta zer egin dute? Ezer ez», esan zuen atzo zerbitzuko Europa ekialderako eta Asia erdialderako zuzendariorde Luc Pierre Devignek. Haren arabera, Azerbaijani aurre egin ez izanak «erakusten du Mosku ez dela fidatzekoa».

2020. urtean gaurko egunez sinatutako su etena urratu zuen atzo Azerbaijanek hasitako erasoaldiak. Orduan ere, Armeniako Gobernuak eta Azerbaijangoak Errusiaren bitartekaritzarekin lortu zuten akordioa. Horrek amaiera eman zion bi urteko gerrari, baina gatazka ez zen konpondu. Besteak beste, abenduan Azerbaijanek Laçin korridorea blokeatzea izan zen harremana gehiago tenkatu zuten eragileetako bat. Bi herrialdeen artean dago pasabide hori, baina Armeniak ez dauka beste biderik Karabakh Garaira iristeko. Zenbait erakundek salatu dutenez, inguru hartako herritarrek oinarrizko produktuen eta elikagaien eskasia izan dute blokeo horren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.