Inflazioari izkin egin dio autoen salmentak: %14 handitu da Hegoaldean

Gasolio autoen matrikulazioa soilik jaitsi da. Gasolina eta gasolio autoez bestelakoen salmenta %31,8 igo da. Peugeot autoak saltzen dira gehien, eta Txinako MGk %860 gehiago saldu du

Inflazioari izkin egin dio autoen salmentak: %14 handitu da Hegoaldean.
inaut matauko rada
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Inflazioa eta interes tasak handiak izan dira 2023ko urtarriletik ekainera bitarte. Inflazioaren igoera gutxinaka apaltzen ari bada ere, prezioak inoiz baino garestiagoak dira oraindik ere, eta kreditu bat eskatzea aspaldiko garestien da egun. Autoen sektoreak, ordea, aurre egin dio egoera horri, auto partikularren matrikulazioa %14,2 handitu baita Hego Euskal Herrian: urtearen lehen erdian 16.056 auto saldu dira, eta iazko epe berean, berriz, 14.062.

Ikusi gehiago:Hasiera txarrari buelta ematen

Gasolina erregaitzat daukaten auto gehiago saldu dira aurten iaz baino, baina salmentak ez dira beste autoenak bezainbeste ugaritu: %4,8 gehiago izan dira. Diesel autoen salmentak bakarrik egin du behera: -%7,8. Gasolina eta gasolio autoez bestelakoen salmenta ugaritu da gehien (%31,8). Izan ere, auto hibridoak eta elektrikoak gero eta gehiago saltzen ari dira; batetik, horiek eskuratzeko diru laguntza gehiago daudelako, eta, bestetik, gutxiago kutsatzen dutenez abantaila batzuk dituztelako.

2022an gasolina eta gasolio autoez bestelakoak gasolina erabiltzen dutenak baino gutxiago ziren oraindik —%44,8 gasolinazkoak eta %41,3 besteak—, baina balantza hori desorekatu egin da: gasolinazkoak %41,1 dira orain, eta besteak, berriz, %47,7.

Salmentak markaz marka

Gehien saldutako marken artean, Frantziakoak dira nagusi lehen hamarretan, baina Asiako fabrikatzaileak ere indartsu dabiltza. Peugeot marka saltzen da gehien, 1.390 auto saldu baititu, eta Asiako bi marka daude ondoren: Kia (1.202) eta Hyundai (1.168).

Hortik atzera Renault, Dacia, Toyota, Volkswagen, Seat, Citroen eta Mercedes, hurrenez hurren. Hala, lehen hamar enpresen artean, Hego Euskal Herrian Frantziako markek 4.468 auto saldu dituzte jada 2023an, eta Asiakoek, berriz, 3.494. Alemaniakoak daude ondoren, 1.586 salduta; Espainiako Seatek 804 saldu ditu.

Dudarik gabe, Txinako MG eta AEB Amerikako Estatu Batuetako Tesla markek izan dute gorakadarik handiena. MG 2022an hasi zen Hego Euskal Herrian autoak saltzen, eta 53 auto saldu zituzten lehen sei hilabeteetan. Aurten askoz gehiago saltzea lortu dute: 477 oraingoz. %800eko igoera da hori. Gehienbat auto elektrikoak saltzen ditu MGk, eta Europako eta AEBetako markak baino merkeagoak dira. MGren auto elektriko sinpleenak 23.500 euro inguru balio ditu, eta Daciaren Spring modelo elektrikoak, berriz, 27.500; marka merkea izateagatik da ezaguna Dacia.

Euskal Herrian, sei kontzesionario ditu MGk: Noainen (Nafarroa), Angelun (Lapurdi), Oiartzunen (Gipuzkoa), Gasteizen, Galdakaon eta Leioan (Bizkaia).

Teslak ere asko handitu ditu salmentak Hego Euskal Herrian: 2022ko urtearen lehen erdian, 83 auto saldu zituen, eta, aurtengo epe berean, 299 auto saldu ditu; %260ko igoera da hori. MGrekin alderatuta, denda gutxiago ditu Teslak Euskal Herrian: bat Bilbon, eta beste bat Iurretan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.