Bizkaiko ostalaritzako langileak grebara deituak daude gaurko eta biharko

Hitzarmena berritzeko negoziazioen blokeoa gainditzea nahi dute sindikatuek. Frantziako Tourra Bilbotik abiatu aurretik, sektorea guztiz gelditu nahi dute

Sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon. LAB SINDIKATUA.
inaut matauko rada
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaiko ostalaritzako langileek bi eguneko greba hasi dute gaur, hitzarmena berritzeko negoziazioen «blokeoa» gainditzeko. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte bi greba egunak, eta atzo elkarretaratze bat eginda ekin zioten protesta ziklo horri. Bizkaiko taberna, jatetxe, hotel eta kolektibitate enpresetako 22.000 langile ingururi eragiten die hitzarmenak, eta soldatak bizitzaren egungo kostuaren arabera eguneratzea nahi dute sindikatuek, besteak beste.

Azken hilabeteetan hainbat mobilizazio, lanuzte eta greba egin dituzte langileek, eta sindikatuek adierazi dute mugimendu horiek ez dutela aldatu patronalaren jarrera. Sindikatuek biltzeko eskatu diote patronalari, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari, baina ez dute baiezkorik jaso; otsailean egin zuten azken batzarra. Hala, grebarekin erantzutea erabaki dute, eta sindikatuek diote hori dela patronalak langileei utzi dien aukera bakarra.

2020ko urtarrilean iraungi zen Bizkaiko ostalaritzako lan ituna, eta ordutik inflazioa %12,9koa dela nabarmendu dute sindikatuek; kontrara, soldatek bere hartan irauten dutela adierazi dute. Horrez gain, behin baino gehiagotan ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan egon ziren langile gehienak 2020. eta 2021. urteetan, ostalaritzan hainbat murrizketa izan baitzirenCOVID-19aren ondoriozko osasun larrialdia zela eta.

Sindikatu bakoitzak bere eskakizunak baditu ere, antzeko eskariak eta gutxieneko puntuak dituzte denek: azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko soldata eguneraketak, datozen urteetako inflazioaren araberako soldata igoerak, lanaldia erregistratzeko fitxaketa sistemak, lanaldi murrizketa...

Ekainaren lehenean lanuzteak egin zituzten, eta, orduan sindikatu guztiek batera bidali zuten oharrean, aldarrikatu zuten janari lasterreko enpresak eta banatzaileak edo rider-ak hitzarmen horren barruan sartzea. Jatetxeetako eta tabernetako langileez gain, kolektibitateen sektoreko langileak —eskoletako jangeletako langileak eta antzekoak— ere hitzarmen horren barruan daude, eta «sektore feminizatu» horren baldintzak hobetzeko beharra nabarmendu dute sindikatuek.

Hainbat mobilizazio

Greba ez ezik, hainbat mobilizazio ere egitekoak dira sindikatuak gaur eta bihar. Gaur goizean, hoteletan elkartuko dira, eta elkarretaratzea egingo dute horien ostean. Zarata egitea eta nabarmentzea dute helburu, eta sindikatuek iragarri dute turistak grebaz ohartuko direla. Hori dela eta, propagandarako kartelak eta pankartak euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez idatzi dituzte. Izan ere, Frantziako Tourra berriro Euskal Herritik abiatzeak ikusmira sortu du, eta Bilboko eta inguruetako hotelak eta antzeko ostatuak beteta daude egunotan.

Gaur goizean hasita eta eguerdira arte, orduero hotel baten parean elkartuko dira: Catalonia hotelean 09:00etan, Carltonen 10:00etan, Indautxu hotelean 11:00etan, Sercotel Coliseon 12:00etan eta Nyx-en 13:00etan. Horren ondoren, kalejira egingo dute: Ledesma kalean hasi, eta Areatzan bukatuko dute. Bihar ere beste bira bat egingo dute hotel batzuen zehar, eta 17:30ean amaituko dute protesta jardunaldia, Ledesma kaletik hasita Alde Zaharrera.

Occidental-en ere, greban

Bizkaiko ostalaritza sektorean ez ezik, Bilboko Occidental hotelean ere badira mobilizazioak, greban baitira, ELA sindikatuak deituta. Herenegun hasita, bihar amaituko dute lau eguneko greba. Barcelo katearen hotelak 50 langile inguru ditu, eta ordezkari guztiak ELAkoak dira. 2019tik lan karga handitu egin dela salatu dute, eta soldatak igotzeko eskatzen dute.

Frantziako Tourrean parte hartuko duen Soudal-Quick Step taldea hotel horretan da, eta herenegun, taldearen kamioia iritsi zenean, langileek protesta egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.