Gerra Ukrainan

Ukrainari eta Moldaviari EBn sartzeko hautagai estatusa eman diete

Zelenskik esan du erabakia «historikoa» dela: «Ukrainaren etorkizuna EBn dago». 27 gobernuburu eta estatuburuek ez dute aurrera egin Mendebaldeko Balkanetako herrialdeen prozesuan

Europar Kontseiluko presidente Charles Michel —eskuinetik hasita, bigarrena— eta Europako Batasuneko liderrak, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Mikel O. Iribar Ander Perez Zala
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek pausoa eman dute, Errusiak inbasioa hasi eta lau hilabete ingurura: Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa eman diote, baita Moldaviari ere. «Akordioa. Europar Kontseiluak oraintxe erabaki du Ukrainari eta Moldaviari hautagai estatusa ematea. Une historiko bat da. Gure etorkizuna elkartuta dago», jakinarazi zuen atzo gauean Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak Twitter sare sozialean.

Talde komunitarioaren erabakiak poza eragin du Ukrainan, eta hori adierazi zuen Volodimir Zelenski herrialde horretako presidenteak, 27 agintarien iritzia jakin eta berehala: «Erabakia historikoa da. Ukrainaren etorkizuna EBn dago». Hautagai estatusa jasotzeko prozesua luzea izaten da, baina EBko estatu kideetako agintariek hori azkartzea erabaki dute, eta horren ondorio da atzoko erabakia.

Erabakiaren berri emateko agerraldian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere pozik agertu da, baina Ukrainari oroitarazi dio «etxeko lan asko» dituela egiteko estatu kide bilakatu aurretik. «Ezin da itxaropen keinu hobeagorik izan Ukrainako, Moldaviako eta Georgiako herritarrentzat garai zail hauetan. Badakit azkar mugituko direla», adierazi zuen Von der Leyenek —Georgiari, oraingoz, ez diote hautagai estatusa eman—.

Ukrainako Gobernuak otsailaren 29an aurkeztu zuen EBn sartzeko eskaria; zehazki, Errusiak inbasioa hasi eta bost egunera. Kievi bonbaz eraso ziotenean, Ukraina talde komunitariora «berehala atxikitzeko» eskatu zuen Zelenskik, «prozedura berezi baten bidez».

EBko hamar bat estaturen hasierako erantzuna ezezkoa izan bazen ere, aurkako jarrerak zertxobait leundu dira, nahiz eta Ukrainaren atxikimendu prozesuak luze joko duen. Izan ere, Bruselak «zenbait baldintza demokratiko» ezarri dizkio Zelenski buru duen gobernuari: hala nola justizia kontseilariak izendatzea, ustelkeriaren aurkako agentzia operatibo bat izatea eta oligarken aurkako legea edukitzea.

Ukraina 2004ko Iraultza Laranjatik ari da EBrekin bat egin nahian, eta, are gehiago, 2013ko eta 2014ko Euromaidango protestetatik, Viktor Janukovitx Kremlinen aldeko presidentea kargutik kendu zutenetik, talde komunitarioarekin elkartze akordioa sinatzeari uko egin ondoren.

Kiev eta Chisinau EBko hautagaitza zerrendan sartu diren arren, Georgia hautagai estatusa jasotzeko «egiturazko erreformak» egiteko zain dago, «baldintza batzuk bete behar baititu», Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen arabera.

Ukrainari eta Moldaviari buruzko erabakia alde batera utzita, Mendebaldeko Balkanetako sei herrialdeetako —Albania, Bosnia eta Herzegovina, Ipar Mazedonia, Kosovo, Montenegro eta Serbia— agintariek etsipena azaldu zuten atzo, Europar Kontseiluarekin batzartu ostean. Seiek EBn sartzeko hautagaitza prozesuan urratsak egiteko eskatu zioten, «Europaren bihotza» direla iritzita. Negoziazioak, baina, geldirik daude, ez aurrera, ez atzera. «Kolpe gogorra izan da EBren sinesgarritasunarentzat», Ipar Mazedoniako lehen ministro Dimitar Kovacevskiren esanetan.

Bulgariaren oztopoa

Hain zuzen, Bulgariak oztopatzen die Ipar Mazedoniari eta Albaniari EBko sarrera, lotura historiko eta linguistikoak gorabehera. Albaniako lehen ministro Edi Ramak «lotsagarritzat» jo zuen Sofiak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak, aliantza militarreko beste bi kideren —Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren— ikuspegi komunitarioa «zokoratzea», EBko gainerako kideen «ezintasunaren» aurrean.

Europar Kontseiluko presidenteak, berriz, adierazi zuen talde komunitarioak «borondate politikoa» duela prozesua «biziberritzeko». Bulgariak ezarria duen betoari dagokionez, espero du Ipar Mazedoniako, Albaniako eta Bulgariako agintariek «berehala» ekingo dietela solasei. Ostera, Bulgariako presidente Kiril Petkovek gogorarazi zuen erabakia ez duela gobernuak hartuko, parlamentuak baizik.

Egoera hori ikusita, Ramak esan zuen «gustatuko litzaiokeela» Emmanuel Macron Frantziako presidentearen proposamen berria gauzatzea: kontinenteko herrialde guztiekin Europako Komunitate Politiko bat sortzea.

Albania, Ipar Mazedonia, Montenegro eta Serbia EBn sartzeko hautagaiak dira aspalditik; zehazki, hamarkada bat baino gehiago daramate talde komunitariora batzeko zain.

Bosnia eta Herzegovinak 2016an eskatu zuen hautagaitza, baina oraindik ez du lortu; ezta Kosovok ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.