Gerra Ukrainan

NBEk Errusiari eskatu dio Hagarekin gerra krimenak elkarlanean ikertzeko

Kievek esan du Moskuk ez diela utziko Mariupolgo altzairutegitik irteten Ukrainako soldadu zaurituei. Kremlinek ohartarazi du Mendebaldeak bidalitako arma astunak «mehatxu bat» direla Europarentzat

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia (argazkiaren erdian), atzo Borodianka herrira egindako bisitan. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Gerra zentzugabea da XXI. mendean. Gerra gaiztoa da, eta ez da batere onargarria. Gure bihotza, noski, biktimekin dago, doluminak familiei». NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek hitz horiekin laburbildu zuen atzo goizean Borodianka, Irpin eta Butxa herrietara (hiruak Kiev oblastean) egindako bisita, bonbardaketetan suntsitutako eraikinei so egin ostean, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartu aurretik. Hil honen hasieran, Ukrainak salatu zuen Butxan eta Borodiankan 600 zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu zituela kalean, «Errusiako tropak Kiev oblastetik erretiratu ondoren». Kremlinek, berriz, behin baino gehiagotan ukatu ditu akusazioak, zabaldutako irudiak Ukrainako zerbitzu sekretuek antolatutako «probokazio» ekintza bat direla argudiatuta. Nolanahi ere, Guterresek Moskuri eskatu zion Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritu dadila, «gerra krimenak» ikertzeko.

Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu eta handik bi egunera, Guterresek berretsi zuen NBEk «baliabide guztiak» eskainiko dituela Errusiako tropek Mariupol hirian (Donetsk oblasta) setiatua duten Azovstal altzairutegian gotortutako mila bat zibil salbatzeko. Iluntzean agerraldi bateratua egin zuten NBEko idazkari nagusiak eta Zelenskik, eta Ukrainako presidenteak nabarmendu zuen espero duela Mariupol «desblokeatzeko» ahalegina «arrakastatsua» izatea. Adierazi zuen, bide batez, Guterresekin izandako bileran batez ere Errusiak egindako «giza eskubideen urraketez» solastatu zirela.

Zibilen ebakuazioak hizpide izan zituzten, eta, hain zuzen ere, Osnat Lubrani NBEk Ukrainan duen koordinatzaileak atzo iragarri zuen, Zaporizhiara (hegoaldea) joan zela Mariupolgo herritarrak ebakuatzeko saiakera bat prestatzeko. Hori bai, Donetsk eskualdeko gobernadore Pavlo Kirilenkok adierazi zuen Errusiak ez diela utziko Azovstaleko altzairutegitik irteten Ukrainako soldadu zaurituei.

Gerra frontean, azken egunotan Transnistriako Gobernuak salatu du bere aurkako hiru «eraso terrorista» jazo direla, «Ukrainak bultzatuta». Tentsioa areagotu da de facto independentea den lurralde horretan —Errusiaren babesa dauka—. Hala, Ukrainako Odesa eskualdeko (hego-mendebaldea) gobernuak atzo jakinarazi zuen Ukrainaren eta Transnistriaren arteko muga armadarekin «indartuko» dutela.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo Europako Parlamentuko ordezkariekin egindako batzarrean ziurtatu zuen Suedia eta Finlandia aliantza militarrean sartzeko prozesua «azkarra» izango dela, «hurbileko bazkide» baitira. Helsinki eta Stockholm maiatzaren 16ko astean dira eskaera egitekoak. Horrekin lotuta, Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek baztertu zuen atzo bere herrialdea NATOn sartzeko aukerari buruzko erreferendum batera deitzea. Stoltenbergek, bere aldetik, esan zuen aliantza prest dagoela urteetan Ukrainari laguntzeko. Ildo beretik, Joe Biden AEBetako presidenteak Ukrainari 31,4 mila milioi euroko diru laguntza ematea eskatu zion atzo Kongresuari.

Moskuk atzo ere oharra bidali zion Mendebaldeari: bere «pazientziarekin» ez ibiltzeko «jolasean» eskatu zion Maria Zakharovak, Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Kremlineko eledun Dmitri Peskovek ere berretsi zuen Mendebaldeak Ukrainari emandako arma astunak «mehatxu bat» direla Europako segurtasunerako. Putinek ohartarazpena egin zion Mendebaldeari: «Ukrainako gatazkan esku hartzen saiatzen denari oso bizkor erantzungo diogu».

Errubloaren balioari eutsi nahian, Errusiako armadak kontrolpean duen Kherson hirian Errusiako dirua erabiltzen hasiko dira igandetik aurrera, Errusiako TASS berri agentziak jasotakoaren arabera. Errubloa bakarrik indarrean sartu aurretik, lau hilabeteko trantsizioa egingo dute, eta aldi berean errubloa eta hrivnia erabiliko dira, Ukrainako dibisa.

5,4 milioi errefuxiatu

Ia 5,4 milioi lagun atera dira Ukrainatik otsailaren 24an Errusiak inbasioa hasi zuenetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo jakinarazi zuenez. NBErentzat, gerrak 8,3 milioi iheslari eragin ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.