Mendebaldearen eta Errusiaren arteko tentsioa areagotuz doa, eta ez dirudi orain arte egindako ahaleginek emaitzarik dutenik. Baina bi aldeek jarraitzen dute mahaiaren inguruan esertzen, eta bada zerbait. Atzo beste aukera bat eman zioten diplomaziari. Genevan bildu ziren AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov.
Bilera hasi aurretik iragarri zuen Moskuk zeintzuk izango ziren bere eskariak urrats bat atzera egitearen truke: NATO Ipar Atlantikorako Itunaren Erakundeak atzerriko tropak, armak eta ekipamendua erretiratzea 1997an kide ez ziren herrialdeetatik, besteak beste Errumania eta Bulgariatik —mugimendu hori egingo balitz, Varsoviako Ituneko mugetara itzuliko lirateke bi aldeak—.
AEBekiko harremanak «garai arriskutsu eta kritikora» heldu direla ohartarazi zuen Moskuko diplomaziak, eta elkarrizketa «sakonak» eskatu zituen. Horrez gain, urratsak egitea galdegin zien AEBei eta bere aliatuei, «segurtasuna bermatzeko».
Bestelakoa da AEBen ikuspuntua. Blinkenen esanetan, ituna «defentsarako» erakunde bat da, «erabateko gardentasunez» jokatzen duena; ez, hala, Errusia. «Azken urteetako arazoa ez da NATO. Bertako kide direnek beren borondatez egin dute urratsa. Errusiak eraso zion Ukrainari; Errusiak jo zuen Georgiaren aurka. Errusiak ditu tropak Moldavian, herriaren borondatearen aurka. Errusia da Europako segurtasunari erronka jo diona», ohartarazi zuen AEBetako Estatu idazkariak. Dena den, bilera osteko agerraldian iragarri zuen beteko dutela Moskuk eskatutakoa, eta idatziz erantzungo dietela haren galderei, beranduenez datorren astean. Horrez gain, Etxe Zuriak ez zuen baztertuAEBetako presidente Joe Biden eta Errusiako presidente Vladimir Putinen arteko bilera bat egitea ere. «Europa eta AEBak prest daude Errusiarekin aurrez aurre egoteko, hark edozein bide aukeratzen duela ere», esan zuen Blinkenek. Errusiarekin «harreman egonkorragoa» eraikitzea litzateke Washingtonen asmoa, baina asmo horien arrakasta Moskuren esku dagoela nabarmenduz.
Elkarren zain
Ez batak, ez besteak, ez zuten urratsik egiteko borondaterik agertu. Etxe Zuriak esan zuen Moskuk egin behar dituela urratsak, eta hark, berriz, ez duela mugimendurik egingo Bidenen gobernuak bere eskariei erantzun bitartean. Errusiako Atzerri Ministerioak ohartarazi zuen ez dela elkarrizketa mahaian eseriko soilik Mendebaldeari interesatzen zaizkion gaiez hitz egiteko: «Errusiak beharrezko pausoak eman ditu, baina trukean mespretxua besterik ez dugu jasotzen. Orain garrantzitsua da konfiantzazko giro batera itzultzea, normaltasuna ezartzea, itxuraz bada ere. Baina beharrezkoa da hegemonia ametsak alde batera uztea, onartezina baita egungo errealitate geopolitikoa».
Lavrovek ukatu zuen Moskuk Ukrainari eraso egiteko asmoa duela, eta nabarmendu herrialdean desegonkortasuna baldin badago «barne arazoen ondorio» dela. «Gaur ez dut entzun inolako argumenturik AEBek Errusia eta Ukraina arteko mugako auziaz duten jarrera argitzen duenik. Gure kezka benetako egitateekin lotuta dago: Ukrainara bidalitako armak eta trebakuntzan adituak diren militarrak», adierazi zuen bilera osteko agerraldian. AEBak, baina, ez dira fidatzen haren esanez, eta frogak eskatu zituzten, mugan dituen 100.000 soldaduak erretira ditzala eskatuz: «Badira gauza batzuk begi bistakoak direnak. Nazioarteak sinestea nahi badute, soldaduak mugatik kendu beharko lituzkete, eta bide diplomatikoetatik jo»
Errusiak AEBei eskatu die NATO 1997ko mugetara erretiratzeko
Moskuk ukatu du Ukrainaren aurka jotzeko asmoa izatea. Washingtonek iragarri du datorren astean erantzungo diela Kremlinen galderei, baina urratsak egiteko eskatu dio Putinen gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu